Kultur 2026 programaren barruan.
Gandeiak musika-proiektu berezia eta berritzailea aurkeztuko du, 2019an sortutakoa. Berezitasun nagusia instrumentu-formazioa bera da: hirukotea biolinak, txistu-danbolinak eta pianoak osatzen dute, eta, ziur aski, era horretako musika-formazio bakarra da. Baina interprete bakoitzaren musika-ibilbidea ere berezia eta anitza da: Yorrick Troman, gaur egun Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren Lehen Kontzertinoa; Amaia Cordoba, Piano eta Musikologiako goi-mailako tituluduna eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea; eta Ion Irazoki, Donostiako Udaleko Txistularien Bandako kidea. Hiru instrumentu eta ibilbide oso ezberdin, baina euskal musikaren errepertorioarekiko interesak elkartuak. GANDEIAren ibilbidean, dantzak gero eta garrantzi handiagoa hartu du Oihana Santxotena eta Nahikari Rojo dantzarien lanari esker.
Koldo Pastor konpositore nafarrak GANDEIArentzat idatzi ditu eta taldeari eskaini dizkio pixkanaka prestatzen eta estreinatzen ari diren hainbat obra. GANDEIAko kideak, halaber, konposatzen aritu dira, eta dagoeneko estreinatu dituzte haiek sortutako lau obra originalak, antzinako melodiak berritzeko eta egokitzeko lana alde batera utzi gabe.