Bilbao Musikak zabalik du izena emateko epea Orkestra Zuzendaritzako XI. Topaketetan – Bilbao Musika Zuzendaritzaren Nazioarteko Sarian parte hartzeko. Topaketa hauek beste behin ere Bilbo orkestra eta banda zuzendaritzan sakondu nahi duten hainbat herrialdetako zuzendari eta zuzendarigaiak elkartzeko gune bihurtuko dute.
Topaketak 2027ko urtarrilaren 19tik 22ra egingo dira, eta, beste behin ere, prestakuntza espezializatua eta Bilbao Musika Zuzendaritzaren Nazioarteko Saria uztartuko dituzte. Ikasle aktibo gisa hautatutako pertsonek Bilboko Udal Banda zuzenduko dute saio praktikoetan; arratsaldeko eskola teorikoak eta tailerrak, berriz, ikasle aktiboentzat zein entzule moduan izena eman duten guztientzat zabalik egongo dira.
Aurreko hamar edizioetan nazioarteko ospea duten irakasleak izan dira Topaketetan, besteak beste, Johan de Meij, Jan van der Roost, Franco Cesarini, Thomas Doss, Bert Appermont, Douglas Bostock, Isabelle Ruf-Weber, Timothy Reynish, Miguel Etchegoncelay eta Alberto Roque. Aurten, Lorenzo Della Fonte izango da irakasle gonbidatua. Turingo Kontserbatorioko irakasle, zuzendari eta konpositore italiarrak epaimahaiburua ere izango da. Topaketen koordinazio akademikoa, berriz, José R. Pascual-Vilaplanaren esku egongo da berriro ere. Bilboko Udal Musika Bandaren zuzendari gonbidatu nagusia da.
Aurreko edizioetan bezala, lehiaketa hiru fasetan banatuko da: atarikoa, finalaurrekoa eta finala. Jasotako eskaera guztien artean gehienez hamar pertsona hautatuko dira ikasle aktibo gisa. Urtarrilaren 19ko eta 20ko saioen ondoren sei finalaurreko hautagaiak aukeratuko dira, eta ondoren hiru finalistak, azken jardunaldian lehiatuko direnak. Finalaurrekoa eta finala jendearentzat zabalik izango dira.
Topaketen amaiera urtarrilaren 22an izango da, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan egingo den amaierako kontzertuarekin. Bertan, hiru finalistek Bilboko Udal Banda gidatuko dute, honako obra hauek interpretatuz: Resurgam (Eric Ball, G. Branden moldaketa), A Movement for Rosa (Mark Camphouse) eta Amazonia (Jan Van der Roost).
Irabazlea Bilboko Udal Bandaren 2027-2028 denboraldiko zuzendari gonbidatu izendatuko dute.
Lehiaketarekin batera, Bilbao Musikak urtarrilaren 19an, 20an eta 21ean zuzendaritza musikalari buruzko hiru tailer espezializatu antolatuko ditu, arlo honetan interesa duten pertsona guztiei zuzenduak. Saioetan zuzendaritza-teknika, interpretazio-irizpideen komunikazioa, programazioa eta errepertorioa nahiz zuzendaritza musikalaren ikuspegi artistiko eta profesionala landuko dira. Lehenengo bi tailerrak José R. Pascual-Vilaplanak emango ditu, eta hirugarrena Lorenzo Della Fontek.
Tailerretan izena emateko epea plaza guztiak bete arte egongo da zabalik. Matrikularen prezioa 100 eurokoa izango da, eta lehiaketan parte hartzeko hautatutako pertsonek doan parte hartu ahal izango dute. Tailerrak amaitzean, parte-hartzaile guztiek bertaratze-ziurtagiria jasoko dute.
Bilbao Musika Zuzendaritzaren Nazioarteko Saria 1991ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako zuzendari eta zuzendarigaiei zuzenduta dago. Eskaerak 2026ko urriaren 16a baino lehen bidali beharko dira amaiabilbao@bilbaomusika.eus helbidera, honako agiri hauek erantsita: izena emateko orria, curriculum vitaea bideo-estekekin, NANaren edo pasaportearen kopia eta izena emateko 30 euroko kuotaren (itzuli ezin dena) ordainagiria. Hautatutako pertsonei 2026ko azaroaren 2tik aurrera jakinaraziko zaie hautaketa, eta ikastaroan parte hartzeko kuota 120 eurokoa izango da.
Informazio gehiago: www.bilbaomusika.eus