Udako Musika Printzak 2024: Alaitz Artola + Julen Arzamendi

Azpeitia Del 11 de julio 2024 al 20 de julio 2024
  • Udako Musika Printzak 2024: Alaitz Artola + Julen Arzamendi

Udako Musika Printzak zikloaren laugarren edizioa aurkeztu dute, gaur goizean, Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak, Ignacio Arakistain antolatzaile eta musikariak eta zikloan parte hartuko duten Alaitz Artola musikariak eta Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak.

Bi helburu nagusi izan ohi ditu Udako Musika Printzak zikloak: alde batetik, musika klasikoari tarte bat eskaintzea, eta, bestetik, musika herriko ezohiko lekuetara eramatea. “Azpeitian musika eskaintza zabala daukagu zorionez, baina musika klasikoa zuzenean entzuteko aukerak ez dira hainbeste izaten, eta eskaintza hori osatzen laguntzen du egitasmo honek”, esan du Larrañagak.

Horrekin batera, musika ezohiko lekuetara eramateko ahalegina ere txalotu du. Aurten, adibidez, Amatasuna irudiaren ondoan izango da kontzertuetako bat, eta Olazko ermitan beste bat. “Jende kopuru polita biltzen du Musika Printzakek, eta musikariek ere kalitate handia izaten dute. Seguru gaude aurten ere hala izango dela; gainera, aurten, poesiak ere izango du tartea; beraz, hiru plan eder ditugu aurretik”, gehitu du Kultura batzordeburuak.

Ignacio Arakistainek azaldu ditu programaren nondik norakoak. Lehenik eta behin, udalak hasieratik gaur egunera arte zikloari eman dion babesa eskertu du, baita Kulturazen laguntza ere. “Urteroko ohitura bihurtzen ari da Musika Printzak, eta kalean ere galdetzen digute aurten non izango garen, urtez urte toki desberdinak esploratzen ari garela ikusten dutelako”, esan du Arakistainek. Toki batzuk kontzertuetarako eszenatoki nola bihurtzen dituzten ikusita, jendea “liluratuta” ere geratzen dela kontatu du.

Hiru ekitaldik osatuko dute aurtengo egitaraua:

  • Uztailak 11, Olazko Andre Mariaren ermitan: Alaitz Artola eta Julen Arzamendi, pianoa eta biolina (21:00etan). “Erdia antzinako musika izango da, eta beste erdiak herri musikarekin izango du lotura. Formatu interesgarria izango da”, azaldu du Arakistainek. Herrietan halako estiloko kontzertuak ikusteko aukerak ez direla asko izaten adierazi du, berriz, Artolak, eta halako ekitaldiak bultzatzea “polita” dela adierazi du.
  • Uztailak 18, Loiolako Inazio Hiribideko Amatasunaren irudiaren ondoan (Loiolako Ignazio Hiribidea): Garazi Navas, Maite Lopez Las Heras eta Ignacio Arakistainen emanaldi poetiko musikala (21:00). “Eskulturak hurrengo urtean egingo ditu 20 urte, eta erreferente bat da Azpeitiko ondare eskultorikoan. Nahi genion egin aitortza bat”, azaldu du Arakistainek. Maite Lopez Las Herasek, berriz, poesia azaleratzeko aukera eder bat izango dela gaineratu du. “Poesia ez da liburuetan gordetzeko eta irakurtzeko gauza soil bat, bizia eta ahozkoa ere bada, eta ahozkotasun horri garrantzia emateko aukera paregabea izango da ekitaldi hau”.
  • Uztailak 20, Loiolako basilikan: Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain, organoa lau eskutara (20:00etan). “Loiolako organoa eskualdean dugun ederretarikoena da. Ez da ohikoa organoa lau eskutara entzutea; horrez gain, askotariko egitaraua prestatu dugu”, esan du Arakistainek.
azpeitia.eus

En breve

  • Tipo Concierto
  • Fecha Del 11 de julio 2024 al 20 de julio 2024
  • Horario21:00
  • LugarAzpeitia
  • PrecioGratis

Dónde