Askotan, gaurko “Gipuzkoa” betidanik hala izan balitz bezala aipatzen da. Aldiz, oraingo errealitate hori ibilbide historiko luze eta korapilatsu baten ondorioa da. Bide horretan, ugariak izan dira parte hartu duten eta aipatzen zaizkigun eragileak. Baina kontatzen zaigun kontakizun horretan, gutxiesten ohi da bertoko euskal erakunde politiko askeen rola, eta hori da, hain zuzen ere, hitzaldi honekin nabarmendu nahi dena.
Gerora Ipuscoa eta Gipuzkoakoak izango ziren lurrak, erromatar inperioaren ostean, Baskoniako dukerriaren barruan egon ziren. Orreagako bi guduen (778, 824) ondorioz, Iruñea-Nafarroako erresuma jaio zen, Baskoniak jasan zituen frankoen erasoen aurrean. Iruñeko Erresumaren eskualde bezala aipatzen da lehenengo aldiz “Ipuscoa” 1025ean, Antso III. Nagusiaren garaiko idatzi batean. Gaztelarrek 1200ean bortzaz konkistatu bazuten ere, Nafarroako Karlos II. erregeak 1368 eta 1373 bitartean berriro askatu zuen. Harreman historiko hau islatzeko, duela gutxi arte Eneko Aritza Nafarroako lehen errege baskoiaren irudia gorde du bere armarriak.