"Basque Selfie", cuando es imposible cuidar aquello que amas

  • "Basque Selfie", cuando es imposible cuidar aquello que amas

Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek egin duen lanik pertsonalenean funtsezko papera du musikak, ezin zen bestelakorik izan. Soinu banda berezi horri, ordea, irudiak josi dizkio oraingoan, bere kontakizuna filma bihurtuz. Erronka honetan Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga edo Aizpea Goenaga bezalako bidelagunak izan ditu, Joaquin Calderonen zuzendaritzapean. Emaitza zinema aretoetan dugu dagoeneko, ikus eta ikasgai. Musikariak berak hurbildu digu istorioa.

 

Zein da "Basque selfie" filmak jorratzen duen istorioa?

Istorio pertsonal bat da, benetako gertakarietan oinarrituta.

Asteinza baserria 1540. urte inguruan eraikin egin zuten eta lehenagotik ere nire arbasoak bertan bizi ziren. Mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, baserria zaintzen eta baserriarengatik bizitzen egon zirenak. Bat batean nire belaunaldian baserria arriskuan jartzen da.

Nire gurasoak eta ni neu beti borrokan ibili gara baserria zutik mantentzeko eta berekiko daukagun maitasuna azaltzeko zaila den arren, baserritar jendeak ondo ulertu dezake bere etxea botatzearen mehatxuak eragiten duen tristura eta amorrua.


Gure buruari eginiko nolabaiteko argazkia dela uste duzu?

Bai, zer egiten ari garen erakusten duena, nahi gabe edo nahita, progresuaren eta tradizioaren arteko talkaren ondorioz egiten ari garen hautaketa selektiboaren islara.

Argi jakin beharko dugu zer den gure ondorengoei utzi nahi dieguna, hausnarketa egiteko modu bat da filma. Gu mundu osoan barna gabiltza gure tradizioak eta kultura erakusten, eta aldiz, etxean topatzen duguna bestelako egoera bat da.

 


Dokumentala izango zena fikziozko film luze bihurtu zen, benetako gertakarietan oinarritutakoa bada ere. Zergatik egokitu da hobeto fikzioa kontatu nahi zenuten istorio horretara?

Arrazoi desberdinak izan dira benetako gertakarietan oinarritutako filma honetan fikzioa sartzeko. Istorioa aberasten zuela ikusten genuen, ez genuen salaketa pelikula bat egin nahi, baizik eta istorioa ezagutzera eman eta hausnarketarako ildoa ireki. Baina batik bat, ikuslegoarekin eta bakoitzaren sentimenduekin, pertsonalak eta aldi berean orokorrak diren sentimendu eta gatazka horiekin bat egin.

“Basque Selfie”-n, nortasunaren eta maite dugunaren galera azaltzen da, eta ez genuen "etxea"-ren adibidera mugatu nahi pelikula honetan gertatzen dena. Hizkuntza unibertsala da, herrialde guztietan eta kultura desberdinetan gertatzen dena, eta pelikulako bi protagonisten bizipenetan azaltzen da, ikuslegoak haiekin enpatia erraz izan dezakeelarik.


Ogibidez musikaria izan arren, ikus-entzunezkoen lengoaia eta ekoizpenak ez dira arrotzak zuretzat. Film honekin urrats bat harago joan zara, aldiz, eta zure burua antzeztu duzu. Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia gogorra bezain aberasgarria izan da. Askotan tokatzen zait kamera edo jende aurrean hitz egitea, baina norberaren bizitza eta gertakizun latzak kontatzea… azken finean jendaurrean biluzten nintzen, eta hori zaila da edonorentzat.

Hor laguntza handia izan da aktore profesionalen parte hartzea, batez ere Itziar Ituñoren papera ezinbestekoa izan da niri segurtasuna ematerakoan, eta nire istorioa errealtasunez adierazterako. Grabaketan momentu askotan sentitzen nuen benetan gertatzen ari zitzaidala urteak lehenago pasatako guztia… Gauza asko birsentitzea oso gogorra egin zitzaidan, eta uste dut aktore profesionalek lagunduta errazago atera ahal izan nituela bizipen horiek, akaso kamerari zuzenean ez nizkioke kontatu izango, edo akaso modu objektiboago batean kontatu izango nuke, ez dakit...

 

 


Durangoko azokan "Basque selfie"-ren soinu banda eta gidoia jasotzen duen disko-liburua aurkeztu zenuten, eta horrek aukera eman digu aretoetan estreinatu baino lehenago filmaren hainbat arlo ezagutzeko. Nola sortu zen aurrerapen lan hau?

Urteak dira Korrontzirekin Durangoko Azokan gaudela, hitzordu garrantzitsua da euskal musikagileontzat, eta aurten ere ezin genuen hutsik egin. Nire bizitzaren zati garrantzitsu bat kontatzen duen pelikulak nire bizitzaren soinu banda behar zuen izan, beraz, nola ez nuen argitaratuko nire bizitzaren musika?

Argi neukan zerbait polita eta ona egin nahi nuela, zaleei merezi zuten diskoa eman nahi nien, eta hortik sortu zen gidoia eta diskoa elkarrekin argitaratzearen ideia, hau da, istorioa irakurtzen den aldian bere musika belarrietatik sentitzen da.


Iazko Zinemaldiko Zinemira sekzioan aurkeztu zen filma, eta gerora Zinegin Festibalean ere egon zineten. Nola izan zen publikoaren erantzuna bi hitzordu horietan? Zer nolako sentsazioak izan zenituzten?

Publikoaren erantzuna bikaina izan zen, Zinemaldian saioak bete ziren, eta bi jaialdietan eskainitako pelikularen ondorengo galdera-erantzunak luzeak, mamitsuak eta interesgarriak izan ziren.

Jendeak orokorrean eskerrak ematen zituen istorioa modu zabalean kontatzeagatik, gardentasunez sentimenduak adierazteagatik, hizkuntza naturaltasunez erabiltzeagatik…

Oso hunkigarria izan zen jendearen erreakzioa eta oraindik gaur egun ere daukaten interesa istorioarekiko. Ez da aurrekontu handiko pelikula, baina benetako istorioa kontatzen duena, bihotzetik sortutakoa, eta horrek jendearengana hurbiltzen zaituela uste dut.


Behin aretoetan estreinatuta, zein espero duzue izatea "Basque selfie" filmaren ibilbidea?

Zine aretoez, Donostiako Zinemaldia, Donapaleuko Zinegin eta Berlineko Berlinale jaialdiez gain, ondoren herrietan ere aurkezteko ideia dago. Baina ez daukagu anbizio komertzial handirik, pelikula pertsonala da, eta gure nahia istorioa bera ezagutaraztea da, tradizio eta garapenaren arteko hausnarketa bat egiteko. Ibilean ikusiko dugu nondik eraman.

 

 

Argudioak oso desorekatuta den borroka kontatzen digu, eta jorratzen duzuen istorioa benetan tristea da, zuk zeuk onartu duzun moduan. Zein sentipen nahiko zenukete, ordea, filmak uztea? Zein da atera daitekeen irakurketa baikorra?

Istorio tristea izan arren, gratifikantea ere bada, arazo guztietatik bestelako gauza onak atera daitezke.

Nire ustetan, gure tradizio eta nortasunean ditugun altxor ezkutuen indusketa egin beharko genuke eta bere balioa behar bezala eman. Erabaki beharko dugu zer mantendu gure ondorengoentzat eta zer ez, berekoitasunak alde batera utziz.

Daukaguna baloratu behar dugu, momentua disfrutatu, eta etorriko direnak etortzean aurre egingo diegu, itxaropena ez da inoiz galdu behar, baina borrokan eta lanean argi dago errazagoa dela lortzen maite dugun hori mantentzea.

 

(Este Especial se publicó el 8 de febrero de 2019).

Euskadi, bien comn