Territorios y Fronteras, espacio de reflexión del cine experimental

  • Territorios y Fronteras, espacio de reflexión del cine experimental

Zinema dokumental garaikidearen kartografia osatu nahi du Territorios y Fronteras / Lurraldeak eta Mugak egitasmoak. Ekainaren 5etik 7ra eta hamargarrenez, zinema esperimentala ardatz duten topaketak burutuko dira BilbaoArten. Ikastaroaren arduraduna den TYF taldeak erantzun ditu gure galderak.

 

Zein helbururekin abiatu zen “Territorios y Fronteras”?

Territorios y Fronteras / Lurraldeak eta Mugak gogoetarako gune bat izateko eratu zen: eztabaidarako, zuzendari eta akademikoekin esperientziak eta ezagutzak trukatzeko, eta film dokumentalak ikusteko helburuarekin sortu zen orain dela 10 urte. Irudia hainbat jarrera edo joeretatik –batzuetan zine esperimentaletik eta sorkuntza bideotik hurbil daudenak– lantzen duten egungo zinema dokumentalaren proposamenak biltzeko asmoarekin lanean hasi ginen.

Euskal Herrian hain ezagunak ez ziren, eta ez diren, zuzendarien dokumental iradokitzaileak ikastaroko parte hartzaileengana hurbiltzea izan da beti ardatz nagusia. Horrela, beste diziplina eta joera batzuekin gurutzatzen diren ikus-entzunezko lanak, beste praktika artistiko batzuekin konektatutako proiektuak, esperimentuak, bideo sorkuntzak, performance-ak,... eta zinema etengabeko aldaketan dagoen proposamen bizi gisa ulertzeko lurraldea da.


UPV/EHUko udako ikastaroa da kurtsoa, Zinebi, BilbaoArte eta Lekuk Kultur Elkartearekin batera antolatutakoa. Nola sortu zen lankidetza hau?

Lankidetza oso era naturalean sortu zen. Ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitatearen babesa izan du beti eta gainera, Bilbon kokaturik, bertako kultur eragileekin lan egitea oso garrantzitsua izan da guretzat urte guzti hauetan. Alde batetik, ZINEBIren laguntza dugu; zinema dokumentalez ari garenez, Euskal Herriko jaialdirik garrantzitsuenaren laguntza eta babesa dugu eta hau eskertzekoa da. Bestetik, BilbaoArten egiten dugu urtero, sorkuntzarako lekurik aproposena delako, bertan artisten eta zinemagileen topaleku paregabea da eta. Eta azkenik, Lekuk Kultur Elkartearekin lan egiten dugu kultur eta ikus-entzunezko proiektu desberdinak bultzatzen dituztelako eta ikuspuntu amankomunak ditugulako.

 

(Vanesa Fernadez, ZINEBIko zuzendaria, aurkezpen saioan arituko da Estibaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorrirekin batera).


Akademia, sortzaileen eta publikoaren arteko topalekua den ikastaroaren 10. edizioa beteko da aurten. Zein izan da, urte hauetan guztietan, kurtsoak egin duen ibilbidea?

Ibilbide luzea eta oparoa izango dugu, zorionez. Lurraldeak eta Mugak ikastarotik, 10 edizio hauetan guztietan, hamaika profesional pasatu dira, euren artean zinegile, akademiko eta kritiko garrantzitsuak: Isaki Lacuesta, Albert Serra, María Cañas, Javier Rebollo, Virginia García del Pino, Fernando Franco, Sergio Oksman, Carla Subirana, Diana Toucedo, Margarita Ledo, Josetxo Cerdán, Elías León Siminiani, Andrés Duque, Jordi Costa, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoa (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe)….. eta, zorionez, etab luze bat….


Zinemaren arlo esperimentala izan ohi duzue aztergai, praktika artistikoa eta bideo-sorkuntzarekin zerikusia duena. Zein da, gure testuinguruan, genero honen osasun egoera?

Azken aldiko ekoizpena eta euskal belaunaldi berriak aztertuz, badaude hainbat zuzendari bide hibrido hauetatik abiatzen direnak dokumentala, arlo esperimentala, praktika artistiko desberdinak eta bideo sorkuntza uztartzen dituztenak.

Hortxe ditugu Sra Polaroiska kolektiboa (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe), Aitor Gametxo, Maddi Barber, Maria Elorza, Maider Fernández, Inés García, Mawatres

 

("Yo bailo tu película, ¿bailas tú la mía?" tailerra emango du Sra. Polaroiska kolektiboak ekainaren 5ean, 16:30etik 19:15era)


Hitzaldiak eta sortzaileen eta publikoaren arteko solasaldiak osatzen dituzten proiekzioak dira nagusi programan. Zer publiko mota gerturatzen da ikastarora?

Publikoa oso zabala izan da eta hau oso pozgarria da geuretzat. Ikus-entzunezko ikasleak, zuzendariak, artistak, programatzaileak, ekoizleak, kultur eragile desberdinak… azken finean, ikus-entzunezko sorkuntzan interesa duen edonork lekua izan du beti geure proposamenetan.

 

Urtez urte gai bakarra lantzen duen ardatz baten inguruan josten duzue programazioa. Zein izango da 2019koa?

Aurten, Hamar urte egungo zine dokumentalaren orbitan izenburupean, beste behin, proposatzen dugu eztabaida eta trukea sustatzea akademiaren, zinegileen, programatzaileen eta publikoaren artean.

Eta horixe egin nahi dugu hamar urte hauen memorian barrena eginiko ibilbide baten bidez. Ibilbide ez zehatza, baina agerian utziko dituena bisitatu ditugun asteroideetako batzuk eta egungo ikus-entzunezko sorkuntzaren galaxien inguruetan ibili ditugun orbita bihurrietan begiztatu ditugun konstelazioak.

(Zuzenean arituko da Mursego ikastaroaren amaieran).

 Esteka honetan kontsulta daiteke programa osoa (pdf).

 

(Especial publicado el 5 de junio de 2019).

Euskadi, bien común