III Feria de Publicaciones, encuentro con las editoriales independientes de Nafarroa

  • III Feria de Publicaciones, encuentro con las editoriales independientes de Nafarroa

Azaroaren 20tik 24ra kultur proposamen bereziaz gozatzeko aukera izango dute bai irundarrek zein Nafarroako hiriburuko Sarasate Pasealekura hurbiltzen direnek. Editargi, Nafarroako Editoreen Elkartearen ekimenez, Liburuen, Diskoen eta beste Euskarrien Azokaren III edizioa burutuko da bertan. Egitasmoa gertutik ezagutzeko Aritz Otazu elkartearen lehendakariarekin mintzatu gara.

 

Azokaren 3. edizioa hastear dago. Zein helbururekin abiatu zen ekimen hau?

Editoreen Elkartea orain dela 20 urte baino gehiago sortu zen. Kontua da urte askotan ezin zela gauzatu ekimen egonkorrik, hitzaldi edo jardueraren bat bai, baina jarraipen gutxiko esperientziak izan ziren. 2016. urtean argitaletxe berdinak (Pamiela, Txalaparta, Mintzoa, Igela… ) baina lantalde ezberdin bat elkartu zen eta, orduan bai, mahai gainean jarri genituen aurpegiratu beharreko erronka batzuk. Lehenengo xedea gure sektoreari ikusgarritasuna ematea izan zen, eta horretarako azoka bat sortzea biderik eraginkorrena iruditu zitzaigun.

Liburuaren sektorean badago publiko fidel bat, badakiena nora jo behar duen, baina badago ere jende asko ez gaituena zuzen ezagutzen, eta erreferentzialtasuna bilatu nahi genuen.

Proiektu honekin Nafarroako Gobernura hurbildu ginen duela hiru urte, eta Geltokin burutu genuen lehenengo edizioa, eraikin zaharreko leihatilak erakustoki bihurtuz. Zazpi edo zortzi argitaletxe hasi ginen. Nahiko emaitza ona lortu genuen, baina egia da ez genuela asmatu topagune bihurtzen. Jendea pasatzen zen baina ez zen etortzen argitaletxeak ezagutzera, paseoan bezala hurbiltzen ziren. Horregatik pentsatu genuen toki hobeago bat behar genuela, erdigunean. Eta gure ideia hasieratik Sarasate Pasealekua izan zen. Berriro Gobernua eta Udalarekin hitz egin genuen eta 2018. urtean 8 argitaletxe bildu ginen Iruña hirian oso enblematikoa den pasealekuan.

Eta aurten nolabaiteko klimax-a erdietsi dugu: 22 argitaletxe bildu gara. Esan beharra dago, hala ere, ez garela bakarrik argitaletxeak (eta ez dugu hauetara mugatzea nahi): argitaratzen duen edonork dauka lekua: auto-editoreek, erakundeek, elkarteek…

Sorpresa handia izan da guretzat, sektorean lanean urte asko garamatzalako eta ezagutzen ez genituen nafar argitaletxeak hurbildu zaizkigu azokara… Noski, hau ere bazen gure helburuetako bat, sektorearen erradiografia bat sortzea eta gure arteko harremanak estutzea. Gurea ez da bakarrik salmentetara bideratuta dagoen azoka bat. Guk eragina izan nahi dugu, kulturaren festa sortu nahi dugu. Eta jendeak ikus dezan zer nolako katalogoa dagoen Nafarroan.


Hitzordua egonkortzeko asmoarekin ari zarete lanean. Nolakoak ari dira izaten urrats hauek?

Guretzako hirugarren urte hau oso berezia izango da. Aurrerapauso handia eman dugu, eta normalean mugarri izaten den bosgarren edizioa edo, gurean hirugarrenean ailegatu zaigu, urrats kualitatiboak emateko momentua.

Azoka finkatu nahi dugu, baina arestian esaten nuen bezala, ez bakarrik liburuen salmenta bermatzeko. Inguruan dagoen ekosistema osoa elikatu nahi dugu. Ikasle eguna antolatu dugu, eta hainbat tailer burutuko dira, liburu bat nola egiten den ikus dezaten. Hurrengo urtera begira aipatzen nuen “festa” kontzeptuaren inguruan ere egin nahi dugu lan: kontzertuak, postuak, Sarasate nolabait girotu… Liburuak eta diskoek protagonista izaten jarraituko dute, noski. Gu ere enpresak gara, eta etekinak behar ditugu bizirauteko. Hori horrela da. Baina ez dugu inolaz ere horretara mugatu nahi, apur bat haratago joan nahi dugu.


Nabarmendu behar da erakustokia jartzeko aukera edonork izan dezan ahalegin handia egin duzuela. Zein izan da jaso duzuen erantzuna?

Egia da aurreko urteotan parte hartzea askoz garestiagoa izan dela. Eta esan behar dugu erakustokiak ez direla txikiak, azoketan normalean egoten direnak baino handiagoak dira. Baina, esan bezala, prezioa jaisteko ahalegin handia egin dugu. Jaso ditugun dirulaguntzetako kopuru handi bat merkeagoak izan daitezen bideratu dugu. Publizitate gehiago ere egin dugu. Eta azkenean prezioa asko murriztea lortu dugu, aurten ia herena besterik ez da ordaindu behar izan erakustokia eskuratzeko. 

Noski, zalantzarik gabe, neurri honek argitaletxe gehiago guregana hurbiltzea erraztu digu. Oso pozik gaude erantzunarekin. Urratsez urrats azoka egonkortzen ari gara, bai. Hurrengo urteari begira, azaroko hitzordu hau jende askoren agendetan egotea dugu helburu.


Edizioaren eta argitalpenaren unibertso zabalean, zein da editore independenteek egiten duzuen ekarpena?

Guri, nola ez, merkatuaren logikaren kanpo gaudela esatea gustatuko litzaiguke, eta egia da nolabaiteko utopian bizi garela, eta independenteak ez diren argitaletxeetan nolabaiteko eragina izatea nahiko genuke, merkatuaren logika hori eraldatzeko… Baina hori oso zaila da.

Gu independenteak gara, eta horrela definitzen dugu gure burua, ez daukagulako atzean komunikazioaren eremuan aritzen den enpresa handi bat, adibidez, beste batzuek duten bezala (telebista, egunkari edo irratien babesekin).

Elkartearen estatutuetan argi utzi genuen babes hori duten argitaletxeak ezin direla gurean egon, gure eremua beste bat dela. Ez dugu esaten hobeagoak edo txarragoak direnik, baina gu ez gara horrelakoak eta ez dugu izan nahi.


Azoka girotzen hasteko, hiru hitzaldi prestatu zenituzten azaroaren 14, 15 eta 16an. Zeintzuk dira jorratutako gaiak?

Bai, pasaden astean hiru hitzaldi antolatu genituen, hainbat gai ezberdin jorratuz: hizkuntza minorizatuak, liburu ilustratuak eta argitaletxe independenteen lan esparrua. Oso pozik gaude izandako erantzunarekin.

Lehengo egunean, hizkuntza minorizatuak jorratu genituen (minorizatuak eta ez “minoritarioak”, azpimarratu nahi izan genuen bezala). Kontzeptu garrantzitsua da zentzu askotan, fokua behar den tokian jartzen duelako, bilatutako nahitasun batean. Kataluniako profesionalak izan ziren, araneran argitaratzen duen argitaletxe bat... Errealitate ezberdinak ezagutu genituen.

Oso debate interesgarri egon zen honen inguruan, erakundeetatik jasotzen diren dirulaguntzaei lotuta. Gure sektorean askotan bizi izan dugun fenomeno bat mahai gaineratu zen. Alegia, subentzioak ematen direnean bi mutur desorekatu egoten dira: kopuru gutxi bideratzen da (benetan eragin txikia izan dezakeena) eta/edo beste aldetik, askotan ez zaio inongo jarraipenik egiten emandako diru publiko horri (dirua jasotzen da, baina ez da egiten atzean egon behar duen nolabaiteko kontrola). Bi kasuetan diru-emaileek justifikatzen dute laguntza egon badagoela, eta hizkuntza minorizatuen alde egiten dutela, baina argi dago hobeto kudeatu daitekeela.

Hitzaldi hauek, esaten duzun bezala, giroa nolabait berotzeko oso baliogarriak izan dira.


Bihartik aurrera, lehen aldiz Argitalpenen Azokara hurbiltzen denak, zer topatuko du Sarasate Pasealekuan?

Karpa bat muntatu dugu, baina ez ohiko lona horietakoak. Eraikin baten modukoa da, itxita dago, estalita guztiz. Stand-ak ere itxita daude eta jendea denbora gehiago gelditzea lortuko dugu horrela, liburuak gustura eta patxadaz ikusi ahal izateko. Klimatizatuta dago, fisikoki eta emozionalki ere giro polita sortuko da barruan, ziur gara.

Gainera, asteburu begira giro ederra egongo da hirian, gure azokarekin lotuta ez dauden hainbat ekimen harira (beste kultur eskaintza batzuk, kirol kontuak… ). Egun bereziak izango dira.


Arestian aipatu dugun bezala, lehen urratsak ematen ari da azoka. Nola sumatzen duzue etorkizuna?

Guk, berrio diot, festa bat egin nahi dugu, gure azoka festa bihurtu. Norabide honetan ari gara lanean eta guztiz baikorrak gara. Hasi ginenean genituen helburuak nolabait lortuta ditugu: Nafarroako argitaletxe gehienak erakarri ditugu, erreferentziala den leku bat lortu dugu… Noski, Gobernuaren eta Udalaren laguntza egonkortzea nahiko genuke, apustu argi bat konpromiso hau aurrera eramateko, eta bide horretan bagaude.

Azoka bat izateko beste askorik ez da behar, funtsezkoa badugu. Orain tokatzen zaiguna honi guztiari forma ematen joatea da: hitzordua finkatu, osagarri izango diren ideia berriak garatu, oihartzuna landu… Hauek dira gure berehalako erronkak.

 

(Especial publicado el 19 de noviembre de 2019).

Euskadi, bien común