Mutur Beltz Elkartea, la vida rural en el centro a través del arte

  • Mutur Beltz Elkartea, la vida rural en el centro a través del arte

Mutur Beltz proiektua 2015ean jaio zen Joseba Edesa eta Laurita Silesen bizi-proiektu gisa. Urteekin garatuz joan da eta egun ardi karrantzarra sustatzeko elkarte agroekologiko, artistiko eta kulturala bihurtu da. Mutur beltza desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da, artzain lanbidea bera bezalaxe. Bizkaiko Karrantza Haraneko tokiko ekimen honek nekazaritza ekologikotik, praktika artistikotik eta diseinutik abiatuta erantzun nahi dio jakintza horien galerari. Elkartekideek azaldu digute euren proiektua.



Mutur Beltz Elkartea 2015ean sortu zen, artearen esparruko mugak gainditzen dituzten helburu batzuekin. Zein da elkartearen atzean dagoen filosofia?

Elkartearen sorrerarekin batera gure asmoak eta eginbideak argitzea beharrezkoa ikusten genuen, izan ere ikuspegi holistiko batetik ulertzen ditugu gizartean ematen diren desorekak. Horretarako ardiaren marrazki batekin osatu genuen gure jarduerak azaltzeko era. Ardiaren esku zein hankak artzainen ekonomia mantendu beharreko oinarrizko baliabideak dira, eta burua gure filosofia azaltzeko erabili dugu. Mutur Beltz oraindik bi hanken garapena osatzen ari da, artea eta artilea; beste biak, esnea eta haragia, ikasketa prozesu batean murgildua daude eta Karrantzako ardi mutur beltza babesteko eta sustatzeko dagoen elkartearekin (AVASCANE) batera lan egiten du.

 

(Mutur Beltz Elkartearen lan-eskema. Argazkia: Mutur Beltz)

Elikadura burujabetza eta bioaniztasuna dugu gure bizitzeko eraren oinarri eta, horretarako, urteak beste kontuetan lan egin eta gero, funtsezkoa ikusi genuen tokiko animaliak babestea. Karrantzan Europa mailan galzorian dagoen bertako animalien kontzentrazio handiena ematen da, eta guztien artean, gure izarra, Karrantzako ardi arraza dago. Badakigu Europako paisaien % 90 pertsonek eta artzaintzak sortutakoak direla eta azken urteetan egiten ari diren ikerketa desberdinek baieztatzen dute artzaintza galtzearen ondorioak oso larriak izan daitezkeela. Beraz beharrezkoa dugu artzaintza eta bertako arrazak sustatzea, agroekologia landu nahi baldin badugu.

Bestalde, artea gure ideiak zabaltzeko eta gizartea pentsatzen jartzeko tresna indartsuena da. Horren bidez landa inguruaren eta hiri inguruaren arteko erlazioan lagundu dezakegu. Elkarteko kideek oinarrizkoa ikusten dugu elite ekonomikoek saiatu diren bereizketa hau apurtzea eta baliabideak jartzea batzuen zein besteen tirabirak ezabatzeko.


Zer harreman du Mutur Beltzek tokiko gizarte eta kultur eragileekin?

Harreman asko landu ditugu, Karrantzako herri batean eraldatzeko proposamenak zabaltzea erraza ez izan arren... Izan ere, artista batek behin esan zigun: "Baina zer aldatu nahi duzue? Hemen ez dut ikusten gauza asko falta denik…". Ba gure ustez naturarekiko erlazioa galtzen ari da eta natura era intentsiboan ari da ustiatzen. Tira, gure biziraupena bermatzeko ustiatu behar dugunez, saia gaitezen behintzat ahalik eta inpaktu txikiena sortzen gure ondorengoek guk jaso duguna izateko, bestela…

Harreman handia dugu, adibidez, artzain elkartearekin, gu geu bagara elkartearen parte. Eta haiekin batera urtero (aurten ez dakigu oraindik posiblea izango den) ArTzai Topaketa antolatzen dugu, artzainen bizimodua ikustarazteko burutzen dugun azoka. Bertan ikuspegi artistikoa txertatu dugu, kultura gure ohiturak babesteko oinarrizko baliabidea dela uste dugulako.

Kultur eragileekin ere, herriko beste partaide batzuk bezalakoak gara gu, parte hartzen dugu ekintza askotan eta harreman ona dugu kultur eragileekin.


Zein da praktika artistikoaren gaitasuna gure bizimoduak hausnartzeko espazio gisa?

Egia da arte garaikideaz pentsatzen dugunean berehala gogora etortzen zaizkigun hitzen artean, ziurrenik, "hiritar", "zibilizatua", "kosmopolita", "Ilustratua", "garatuta", edo "nazioartekoa" daudela. Aldi berean badirudi "natura", "lurra", "landa eremua", "ahozkoa", "eskola gabekoa", "azpigaratua" eta "tokikoa" bezalako terminoek ez dutela zerikusirik hirugarren milurtekoaren garaieran egindako "artearekin". Hitzen arteko aurkakotasun bitarren adibide horiek, neurri batean, korronte ilustratuak eta erromantizismoak sortu zituzten balio eta jakintzarekin lotzen dira; bi printzipio horiek Mendebaldeko Aro Garaikideko mugimendu nazionalisten printzipio aktiboak dira, gizarte batzuen eta besteen arteko aldea markatzeko, eta balio handiagoa ematen die batzuei besteei baino. Agian, horren guztiaren inguruko zerbaitek ezkutuan jarraitzen du gure egunerokotasunean, eta, agian, horregatik, galdera honek erantzun berriak sortzen jarraitzen du. Benetan garatu al daiteke arte garaikidea landa-lurretan? Zergatik dago artea pertsonen errealitate komunetik hain urrun?

 


(Mutur Beltz artilea, % 100 naturala. Hiru koloreak ardien biloaren tonuen aukeraketa arduratsu batetik eratortzen dira. Argazkia: Mutur Beltz).


Gure ustez, arteak proiektu baliagarri bat laguntzeko funtzioa ere izan dezake. Gure abenturan, ardi-munduaren inguruko Mutur Beltz abenturan, ikuspegi zabal batetik ekin genion gauzatzeari, dagokion habitatari bete-betean laguntzeko asmoz. Hasteko, ingurunera, Karrantzara, joateko erabakia hartu genuen, egunez egun landa-eremutik begiratzeko asmoarekin, ez landa-eremura begira, askotan egiten den bezala. Begirada eraldatzea eta estereotipoak deseraikitzea urrats garrantzitsua da idealismoaren eta paternalismoaren aurrean, eta, askotan, horren bidez hurbiltzen gara landa eremura. Baina, era berean, hurbilketa horrek agerian utzi digu ezin dugula gure gain ez dagoen erantzukizunik hartu. Hau da, lurralde bateko egoera arazotsu bat alda dadin, komunitateak aldatu nahi izan behar du, eta gainera giro politiko egokia egon behar da, bestela ez dago zer eginik.

Azken hamarkadetan, biziraupeneko ekonomia batetik enpresaburu izatera igaro da, merkatuaren nahierara, eta hor sekulako desnibela dago. Populazioek onartzen dute landa eremuak ez duela funtzionatzen. Edo asmatu egiten duzu, artistak egiten duen bezala, edo galduta zaude. Hori ekintzailetzarekin lotuta dago. Landa-inguruneko gazteek sormenerako gaitasun eta fede handia behar dute. Arteak lagundu dezake herrietako biztanleak harro egon daitezen eta gazteek erreferentzia izan dezaten. Artea, zentzu horretan, beharrezkoa da mundu honek behar duen landa-iraultza baterako.

Bakoitza aldaketaren eragile izan daiteke. Gure tresnen artean artea dago. Gure garaia suspertzen duten paradigma berriak birplanteatzeko aukera ematen digu: nola eman berriro zentzua ekoizpenei, pertsonekiko eta lurrarekiko errespetuz. Hori da, azken batean, tokiko garapena deitzen duguna, eta horregatik ez da arte "txarragoa". Beharbada, ordez, benetako artea da, kultur merkatuaren sariei uko egiten dielako eta bere ahalmen eraldatzailea bakarrik onartzen duelako. Edonola ere, beharrezko artea da, existentziaren esentziara, bizitzara eta bere gertaerara hurbiltzen baita.


2017an Ondo Bizi Arte Egonaldia aurkeztu zenuten. Zein helbururekin sortu zen ekimen hau?

Karrantzako ardien eta artzaintzaren munduaren egoerari buruzko hausnarketa egiteko asmoarekin sortu genuen Ondo Bizi Arte egonaldia, eztabaida eta hedakuntza espazioa Artearen mundutik zabaltzeko. Horretarako, espazio eta uneak eskaintzen ditugu Haraneko artzainak artistekin batera bizi daitezen. Baserri-eredu berriak bizipen sortzailetik esperimentatuz, bizikidetza, autonomia eta autogestioa oinarritzat hartuta. Gizakien, naturaren eta bioaniztasunaren arteko harremanak hausnartuz. Kontzeptu hauek gidatuta: zaintzea, sortzea eta parte hartzea.

Alde horretatik, ondo bizitzearen filosofia bultzatu nahi dugu, Hego Amerikako indigenek proposatutako filosofia. Apustu politiko horrek ongizate komuna eta gizarte erantzukizuna bilatzen ditu, ama-lurrarekin duten harremanetatik abiatuta. Bizitzan guztia elkarri konektatua dagoela, interdependentea dela eta elkarrekin erlazionatuta dagoela ulertuta. Era horretan, ikuspegi holistikotik begiratuz, artea lagungarria da izaki indibidualak ez garela ulertzeko, izaki kolektiboak baizik.

 


(Ondo Bizi Arte II. Egonaldi artistikoan egindako lanen erakusketa. Dolomitas Museoa. Karrantaza, 2018. Argazkia: Mutur Beltz)


Arte Egonaldia bereizten duen Ondo Bizitzearen ikuspegia azpimarratuz, artistekin batera elkar bizi eta Karrantza Harana erakusten dugu. Egonaldian zehar artistek bertako eta garaiko dieta osasungarriaz gozatzen dute, bertoko dendetan kontsumitzen dugu eta bertako jatetxeetan bazkaltzen dugu. Esperientzia biribiltzeko, artistek AVASCANEko artzainekin batera, bazkari bat egiten dugu Casa Garras jatetxean, Karrantzan. Bertako sukaldariak, Txema Llamosasek, zenbait plater prestatzen dizkigu gure artzainen ardi, bildots eta gaztekin osatuak. Horren bidez, Enkarterrietako ondarea hedatu eta berriztatzen dugu. Apustu honek, beraz, herriko ekonomia laguntzen du eta mesedegarria da konfiantzarako eta harreman onetarako. Gisa berean, “0 km” deritzan kontsumo mota horrek energia eta erregaien kontsumoa murrizten du eta hortaz, naturarekiko errespetua eta ingurunearen zaintza sustatzen ditu.  

Azkenik, lehenengo urteko esperientzian faltan bota genuenez, Ondo Bizi Jardunaldiak antolatzen ditugu orain egonaldiaren baitan, horrela artisten lana betetzen den datetan eragin zuzena du. Gainera, gure ikuspegia kontuan hartuta, artzaintzan aditua den teoriko baten bat gonbidatzen dugu, eragina esparru guztietan izan dadin.


Egonaldi artistiko ezhoikoa da, gure testuinguruan behintzat. Ba al dago deialdirako interesa duen artisten profil zehatzik?

Esango genuke ez dagoela profil zehatz bat, profil guztiak erakartzen saiatu gara, izan ere. Azkenean ez dakizu zein profil eragin handiagoa izango duen eta guztiak dira interesgarriak. Bideoa, zinema arte esperimentala, ikus-entzunezkoa edo antzerkia jorratzen duten egileak, gidoilariak, argazkilariak, eskultoreak, performancea jorratzen dutenak, artista teorikoak, marrazkilariak eta abar jaso ditugu eta guztiak dira oso interesgarriak. Gehiago ekarriko genituzke proposamenen kalitatea kontuan hartuz, baina guretzako ezinbestekoa da artisten duintasuna mantentzea, horregatik ondo ordaintzen dugu eta gurekin batera ondo bizitzeko aste bi gonbidatzen ditugu. Diru gehiago jasoko bagenu…

Hala ere, bai ikusten dugu naturarekin eta gure filosofiarekin sentsibilizatuak dauden artistak erakartzen ditugula, baina edozein diziplina artistikokoak dira.


(Onintza Etxebeste artistaren lan-prozesua. Karrantza, 2018. Argazkia: Mutur Beltz)


Joan den otsailean hirugarren edizioaren emaitza jasotzen duen argitalpena aurkeztu zenuten. Zer motatako proiektuak garatu dira ekimen honen testuinguruan abian jarri zenetik?

Lehenengo urtean ez genuen deialdi publikoa zabaldu, izan ere gure diruarekin ordaindu genuen arte egonaldia. Gainera lehenengoa zen eta beldurra bagenuen, horregatik artzaintzaren inguruan lan egin zuten bi artista aukeratu genituen: Nader Koochaki eta Oihane Sánchez Duro, eta haiek proposatuko lanen emaitza egonaldia ostean garatu zuten. Ez zuten ezer itxia aldez aurretik eta emaitza desberdinak jaso ziren. Hirugarren artista bat gonbidatu genuen gertatutako guztia bideo batean islatzeko asmoz, kasu honetan artista herrikoa zen, Pedro Salgado.

Egonaldiaren bigarren urtean, ordea, proposamen deialdi irekia zabaldu genuen eta bakoitzak nahi zuena proposa zezakeen. Urtero antolakuntzak partaide bat aukerazten du eta urte horretan bideoa lantzen zuen artista bat gonbidatu genuen, Itxaso Díaz, Karrantzako Erretratuak lana aurkeztu zuena. Proposamenen artean zinema esperimentala garatzen zuen artista bat aukeratu genuen, Bruno Delgado Ramos, eta besteak ikus-entzunezko lan bat osatu zuen, Oiartzungo Onintza Etxebestek. Bigarrengo honen interesak ikuspegi teorikoa zuen, izan ere, bere tesia garatzen ari zen eta baserri eredu berrien inguruan hausnarketa planteatzen zuen. Azkenik entzunezko artelan bat garatu zuen, publikoa hunkitu zuena.

Hirugarren deialdian berriz, argazkilaritza lantzen zuen artista bat aukeratu genuen, Carma Casúla, eta beste bi parte hartzaileak proposamenetatik aukeratu genituen. Batetik Carla Boserman relatogramaren bitartez adierazten dena, marrazkiak erabiltzen ditu gustoko dituen istorioak osatzeko, Bestetik, Carmina P. Sorianok eta Diego G.-k osatzen zuten bikotea. Aurten beste era bateko artistak egongo dira eta artearen edozein ikuspuntu baloratzen dugu.



(Joseba Edesa Arritz Gaboa de Arruazu artzainarekin. Ondo Bizi Jardunaldiak. Artea eta artzaintza, 2019. Argazkia: Mutur Beltz)


Egungo osasun egoerak eragin zuzena izan du aurtengo deialdian. Nola egin diozue aurre?

Beno, deialdian berez ez du eragin handia izan, izan ere aurretik planteatu genuen lan guztia. Bakarrik atzerapen batzuk izan ditu baina ez du deialdia aldatu.

Egonaldian, ostera, eragin handia izan du. Printzipioz urte osoan lan egiteko planteamendu bat egin genuen: urte hasieran deialdian kaleratu, proposamenak, aukeraketak, dirulaguntzak lortu, etab. Gero arte egonaldia bera aurrera eraman, jarraian artzainekin batera osatzen dugun ArTzai Topaketan erakusketa, beranduago hirian eragina izango duen erakusketa bat antolatu, eta urte bukaerarako argitalpena egin eta kaleratu. Guzti hau prozesu bat da, horrelakoa da lurra eta natura, horrela egiten dugu lan. Orain ziklo osoa apurtu da.

Gure erabakia aurrera jarraitzea izan da eta beranduago egiten saiatuko gara. Proposamen deialdiaren aukeraketa egin berri dugu eta aukeratutako proiektua, María José Ribas Bermúdez artistak egindakoa izango da. Bestalde, gonbidatutako artista Asunción Molino Gordo izango da. Haiekin batera data batzuk adostea izango da gure apustua, baina oraindik ezin dugu ezer baieztatu, dena kolokan dago. Hala ere gure asmoa nola edo hala egitea da.


Nola imajinatzen duzue zuen egoitza proiektua etorkizunean? Badago handitu edo hobetu nahi duzuen alderdiren bat?

Azken galdera hau oso zaila da. Zer da handitu? Handitzen ari garela ikusi dugu, behintzat gure handitze kontzeptua kontuan izanda. Izan ere, urtero proposamen gehiago jasotzen ditugu eta urtero jende gehiagorekin harremana dugu, gainera herrian hasieran bitxo arraro sentitzen ginen eta orain maitatuak eta ulertuak izaten hasi gara. Hobetu beharreko arloak badirela ziur gaude, baina handitzeko helburua ez daukagu.

Hasieran esan dugu ikuspegi holistikoa daukagula eta horregatik aspektu askotan eragina izatea dugu helburu. Aspektu asko landu nahi direnean suabe eta zuhur jokatu behar da. Gainera, gure iritzia da, baina pentsatzen dugu txiki asko izan behar garela handiak izateko. Zentzu honetan, Alkiza herrian duela bi urte antzeko ekimen bat abian jarri zuten, eta bertako kultur eragilea gure proiektuan inspiratu eta baliatu zirela beraien arte egonaldia osatzeko. Guretzako hau da handia izatea.

Gorabehera handiak izan ditugu antolaketan eta urtero erronka berriak aurkezten dira, beraz ez dakigu hurrengo urtean nola egingo diogun aurre. Baina argi daukagu bai artisten zein artzainen kezkak zaindu behar ditugula. Munduan ez gara izaki indibidualak, beraz, lana zentzu eta esparru ahalik eta zabalenean garatu nahi dugu.

 

(Especial publicado el 23 de abril de 2020).

Euskadi, bien común