Alex Gurrutxaga: «Urge trabajar en la edición de poesia vasca»

  • Alex Gurrutxaga: «Urge trabajar en la edición de poesia vasca»

Xabier Leteren lanari hurbiltzea erronka konplexua izaten da beti. Konplexua, egileak garatu zituen hainbat alderdirengatik, bere lana ikuspegi bakar batetik zentratzeko ezintasunagatik... hurbilketa bakoitzak irakurketa anitzak eskatzen dituelako. Alex Gurrutxaga (Zarautz, 1988) euskal literaturan doktoreak "Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria" saiakera argitaratu berri du, non poesiak egile oiartzuarrarengan izan zuen paperari erreparatzen dion, oso estilo zuzena eta zehatza baliatuz. Bere liburuaren gakoak eman dizkigu elkarrizketa honetan.


Xabier Leteren inguruko zure interesa aspalditik dator. Nola piztu zitzaizun interes hori?

Euskaldun askoren kasuan bezala, erruaren zati eder bat gurasoena eta familiarena da. Familia abertzaleetan, Ez dok Amairu funtsezkoa izan zen, eta itzal luzea utzi zuen. Nola ez zuen ba utziko! Pentsa Pizkundeaz geroztik ez zela izan mugimendurik halako oinarri kulturalik eskaini zuenik. Nik ere jaso dut hori, eta nire mundua habitatzeko moduan euskaltasun hori dago.

Gero, jakina, ikerketaren egoera dago: ni hasi nintzenean, orain sei bat urte, Leteren obraren inguruko ikerketa gutxi zeuden. Lourdes Otaegi irakaslea zen gehien arduratu zena, eta, hain zuzen, berarekin egin nuen doktore tesia. Doktore tesia, eta beste hamaika lan: bera izan dut eta dut bidaide.


Zure doktore-tesirako erabili duzun dokumentazioa eta materialak dira argitalpen honen hazia. Nolakoa izan zen ikerketa-prozesu hori? Zeintzuk izan ziren aurre egin beharreko zailtasun handienak?

Bi zailtasun mota aipatuko nituzke. Batetik, eta hau gauza arrunta bezain inportantea da, tesia egiten ari zaren bitartean beste hamaika lan egin behar izaten da (aberatsa ez bazara, bederen). Garai batzuetan lan karga oso handia da, eta gero, tarte librea iristen denean, gerta daiteke nekatuegi egotea tesiari heltzeko.

Bestetik, ikerketa honetan, konkretuki, planteamenduak berak bazuen zailtasuna. Nik “poetika” terminoa jarri nahi nuen erdigunean; hau da, Leteren pentsamendu poetikoa. Eta hori, bistan da, oso gai zabala eta labainkorra da. Orduan, eremu zabal hori hesolez mugatzea, baina laburregi geratu gabe… hori konplikatua izan zen niretzat.


Bere jatorria aipatutakoa izan arren , "Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria" ez da lan akademiko bat. Zein helburu planteatu zenituen lan hau abiatzean?

Niri gustatuko litzaidake liburua elkarrizketa bat izatea irakurleon artean (ni ere irakurlea naiz beste ezer baino gehiago), eta gai horretaz hitz egitea; eta nahi nuke jendea entzun, jakin eurek nola bizi izan zuten, ados ote dauden gauza batekin eta bestearekin…

Berez, akademian ohikoa zera da: tesia egindakoan, argitalpen akademikoak ateratzea tesi horretatik. Etekina horrek ematen omen du. Niri, esan bezala, gehien interesatzen zitzaidana lan hori jendeari eskaintzea zen. Eta aditua ez den jendeari zerbait eskaini nahi badiozu, ezin diozu tesi batekin burua lehertu.

Horregatik, bi egokitzapen nagusi egitea zen kontua. Lehenbizikoa, edukiei begira, irensteko moduko zerbait egiteko. Eta, bigarrena, are garrantzitsuagoa ia, formari eta estiloari begira, emaitza literatur saiakera bat izan zedin. Moldaketa eta lan guztiak egin ondoren, emaitzak zer balio duen, hori irakurleak esan behar du, ez nik.


40 urteko ibilbidearen errepasoa egiten duzu. Nola dago egituratuta argitalpena?

Funtsean, egitura orokorra kronologikoa da: hasi 60etan, eta 2008 arte. Horrez gain, hasiera eta amaiera atal bat daude, zirkulartasun moduko bat osatuz. Kronologia minimo bat mantentzeak, nire ustez, erraztu egin dezake irakurketa, irakurlea etengabe kokatu daitekeelako garai jakin batean, pentsatu bera non zegoen, nola bizi izan zuen gertaera jakin bat…

Horrez gain, garai bakoitzean alor asko ukitzen ditu testuak. Leteren argitalpen nagusi guztiez esan nahi nuen zerbait, pieza musikal eta poetiko klabeak komentatu, elementu biografikoak sartu… Horren eraginez, pieza askoz osaturiko liburua da, eta saiatu naiz piezak diferenteak izan zitezen elkarrengandik, baina beti logika baten barruan (sinfonia beraren zatiak bailiran).


Egilearen ikasketa eta lan esparruak anitzak dira. Nola defini daitezke bai Xabier Lete zein euskal kulturari egin zion ekarpena?

Bakoitzak bere Lete izango du, baina, nire ustez, definitzen duen elementu nagusia artista gisa erakutsi zuen aniztasuna da. Zuk esan dezakezu Lete kantaria zela, baina horrela ez da agortzen bere ekarpena. Berdin gertatzen da esaten baduzu poeta zela, pentsalaria, bertsolaritzan aditua… Eta, jakina, intelektual bat izan zen; zentzu Sartreanoan, intelektual peto-petoa.

Hori esanda, edonork ikusten du Letek euskal kulturari egindako ekarpena sekulakoa izan zela. Poemen eta musiken kalitatetik harago, Letek euskal herritarrengan eragiten zuen errespetua, haren hitzak zuen itzala, hori erabat apartekoa da.


Leteren irudi bat dago gure iruditegi kolektiboan, egilearen alderdi publikoagoei lotua. Zer irakurketa/arlo berri aurkituko dituzte bere zaleek liburu honetan?

Aurrena, esan dezadan gauza asko ezagunak direla. Gertatzen dena da ez garela gauza ezagun horien atzean zer egon daitekeen pentsatzen geratzen. Ni saiatu naiz justu irakurketa hori planteatzen: hartu Leteren pieza ezagunenetako batzuk, eta irakurleari eskaini atzean egon daitekeenaz ikuspegi bat.

Hortik aparte, sartu ditut elementu biografiko zenbait, eta baita bere artxibo pertsonaleko testu batzuk ere. Zorionez, Leteren obra oso barrutik ezagutzeko suertea dut (bere artxibo pertsonalean egindako lanari esker, besteak beste), eta nik uste badaudela zenbait klabe ezezagunak zirenak. Espero dut horrek guztiak Leteren munduan murgiltzen laguntzea irakurleari.


Bere heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian gaude. Zure ustez, zer lan dago egiteke bere obraren eta pentsamenduaren transmisioa bermatzeko?

Nik egindako lanak ez du, inola ere, Leteren figura eta obra agortzen (are gutxiago bere garaiarena, kultur mugimenduena…), eta lan asko daukagu egiteko, bai eremu akademikoko ikerketetan, baita dibulgazio eremuan ere.

Abenduan beteko dira hamar urte Lete hil zela, eta ekitaldi eta omenaldi ugari izango da. Joana Otxoa de Alaiza eta biok ere jarri nahi dugu gure hondar alea, Txori kantazale kontakizun musikatuarekin. Oraintxe, gastatu behar dugu Leteren izena! Baina sistema txikia da gurea, eta denaren beharrean gaude.

Literatura ikertzaile gisa, zera esango nuke: urgentea da poesiaren edizioan lan egitea. Nor izango bagara, gure poeta handien edizio onak behar ditugu. Lete denok ezagutzen dugu, bai, baina bere poesia gehiena ezin da eskuratu. Eta antzera gertatzen da beste poeta askorekin. Horrela zaila da literaturaren historia egokiak egitea, transmisioa bermatzea… Beraz, ezinbestekoa da lan horien edizio zainduak egitea, sistema literario handietan egiten den bezalaxe.

(Especial publicado el 7 de julio de 2020).

Euskadi, bien común