Nerea Balda: "Quera relatar una crisis, por qu y cmo le viene al protagonista, cmo se enfrenta a ella..."

  • Nerea Balda:

  • Fecha14 de Enero
  • Temática Literatura

Aspalditik idatzia zeukana iaz argitaratu zuen Nerea Baldak: Atzerrian izeneko nobela da, eta Pamiela etxearen eskutik atera du. Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi zuen, Hainbat ahotsek kontatzen dute protagonista izengabearen historia. Jarraian dituzue Baldak liburuaz aletu dizkigunak.

Maiatzean argitaratu zenuen zure estreinako eleberria, Atzerrian, baina 2018an saritu zizuten. Pasa da tarte bat testua amaitu zenuenetik. Gustura geratu zinen? Nolakoak izan dira idatzi eta publikatu ostekoak?

Ramiro Pinilla lehiaketa irabazi nuela jakitea sekulakoa izan zen, aurretik hainbat lehiaketatan saritua izana nintzen: bigarren, hirugarren sariak, aipamenak… Baina hura zen irabazten nuen lehena, eta argitaratzeko bidea emango zidana. Iruñeko liburu azokan aurkeztu genuen, eta hango saltokietan ikustea, beti miretsi izan ditudan idazleen liburuez inguratua, hunkigarria izan zen benetan. Ondoren, bizipen aberasgarri asko ekarri dizkit, aurkezpenak direla, elkarrizketak direla… Oso bitxia egin zait, esaterako, irakurleekin biltzea –izan ere, orain arte oso jende gutxirekin hitz egin dut nire lanari buruz–, eta konturatzea nik kontatu nahi nuenaz gain, oharkabean beste hainbat gauza transmititu ditudala. Haragitan bizi izan dut orain Sarah Bloom nire pertsonaia, eta ulertzen dut irakurleei esaten diena, baina niri iritzi bakoitza banaka iritsi zait barneraino, agian, esperientzia berria delako niretzat. Getxoko irakurle gazte batek esan zidan irakurri bitartean protagonista sentitu zela; itzela da hori!

Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua? Nondik hasi zinen, nola jarraitu…

Liburua aspaldi idatzia nuen, baina hortxe neukan, inprimatua, “zuzentzeko alea” izenburupean gordea. Hasieran agertzen den aireportuko eszenarekin hasi nintzela oroitzen dut, asko pentsatu gabe, asko planifikatu gabe, idatzi ahala sortu ziren pertsonaiak, haien arteko harremana… Horrela funtzionatzen dut askotan, ideia xume batetik abiatu, nahiz eta non bukatuko dudan argi ez izan, eta idatzi ahala argitzen dut nora jo. Idazten hasi nintzenean hartutako erabaki batzuk zergatik hartu ote nituen ahaztua dut, baina gogoan dut erronkatzat hartu nuela, esperimentatu nahi nuela, eta hortik narratzaile desberdinak, izenik gabeko protagonista edo elkarrizketak adierazteko modua. Askok galdetu didate zergatik ez nuen lehenago argitaratzeko saiakerarik egin. Ez dakit, orain pentsatzen dudanean ziurtasun falta izan zitekeela bururatzen zait. Kontua da urteak eman dituela zirriborroak azken bultzadaren zain, Ramiro Pinilla lehiaketaren berri izan eta hartaz oroitu nintzen arte. Orduan, irakurle gisa hartu nuen ia, eta nahiko garbi ikusi nuen lehen zirriborro hartan zer gustatzen zitzaidan eta zer ez. Funtsean hasierako bertsioari eutsi nion egiturari zegokionez, baina atalen bat erabat ezabatu eta atalen arteko lotura batzuk argiago gera zitezen saiatu nintzen. Estilo aldetik, zertxobait “arindu” nuen, idatzi nuenean esaldi luzeagoetarako joera nuela ohartu bainintzen.

Liburuko narratzaileetako batek dio: “Esan nahi duzuna nola esan ez badakizu, zer esan nahi duzun ez dakizun seinale”. Esaldi sinplea dirudi baina ederki adierazten du mamiaren eta azalaren arteko lotura zein den. Liburu honen kasuan, hainbat ahotsek eraikitzen dute liburuaren ehundura. Nola lotzen da egitura hori kontatu nahi zenuenarekin?

Pertsonaiaren adierazi ezina nabarmena da testuan zehar: Moritzi gertatzen zaionaz hitz egin nahi dio, baina inoiz ez du une egokia topatzen, aitzakiak beti; Sarah Bloomekin hitz egin nahi luke, baina lotsak geldiarazten du; Suzanneri deitzeko unea atzeratzen du; amari ez esandakoek min ematen diote… Egitura eta gaiari dagokienez, nik krisialdi baten kontakizuna egin nahi nuen, zergatik eta nola datorkion protagonistari, nola egiten dion aurre, zer eragiten dion… Protagonista da narratzaile nagusia, baina sentimenduez ari garela, badira zenbait gauza pertsonaiak berak azaldu ezin dituenak –aitortu nahi ez dituelako, ohartzen ez delako…–, eta horretarako narratzaile orojakile bat behar nuen, pertsonaiaren barruan sakonago arakatzeko. Bestalde, protagonistak orainaz hitz egiten digu, baina hori ulertzeko bere iraganak ere garrantzia zuela uste nuen, eta horretarako, alabari zuzentzen zaion ama narratzaile hoberena iruditu zitzaidan. Esana dut esperimentatzeko gogoa nuela, pieza desberdinekin puzzlea osatzeko erronka bota nion neure buruari. 

Leer información completa en el sitio web de la fuente

Euskadi, bien comn