Crossover, cultura de series

  • Crossover, cultura de series

2018an egin zen Crossover Jaialdiaren lehen edizioa, serie-formaturako ikus-entzunezko ekoizpenera ikuspegi kritiko batetik hurbiltzeko espazioa. Topaketa honek bost urtean –pandemia bat tarteko– erreferentzialtasun handia lortu du sektorean, bere filosofiari eta askotariko programazioari esker. Patxi Presak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Liburutegiko eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuburuak, jaialdiaren xehetasunak ezagutzen lagundu digu.




Nola sortu zen Crossover Serieen Jaialdia? Zein da bere jatorria?

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustatzeko Zerbitzutik, gure lan-ildo nagusietako bat ikus-entzunezkoen arloa da. Elías Querejeta Zine Eskolaren sorreratik hasi eta laguntza-lerro ezberdinetara (2017tik ikus-entzunezko 70 proiektu baino gehiagori lagundu diete), edo GFA Donostia-Gipuzkoa Film Comission-en sartu izana.

Testuinguru horretan, guztiz egokia iruditu zitzaigun serieen fenomenoari arreta jartzea. Azken 25 urteotan telesailek leku nabarmena hartu dute kultura-eremuan, eta ziur aski beste edozein hizkuntzak baino lehenago islatzen dituzte gure garaiko eztabaidak. Gure gizarteak ulertzeko ezinbesteko erreferente kultural bihurtu dira.

Kultura Sailaren beste lan-ildoetako bat eztabaida eta pentsamendu kritikoa sustatzea da, eta ikuspegi horretatik ere serieen fenomenoari heldu nahi genion.

Beraz, 2018an Kultur Factory kultur agentziarekin aliatu ginen, horrelako ekitaldiak ekoizten aditua zen agentziarekin, eta abian jarri genuen jaialdia.

CROSSOVERek Donostia Zinemaldiaren eta beste kultura erakunde eta eragile garrantzitsu batzuen laguntza dauka (Tabakalera eta Donostia-San Sebastian Turismoa). Ikus-entzunezkoen sektoreko plataforma digital garrantzitsuenetako batzuen laguntza ere badugu, eta horrek eragiten du telesailen kultura berriaren foro garrantzitsuenetako bat izatea.

 

 

Bosgarren edizioa hastear dago. Nolako bilakaera izan du denbora honetan?

Jaialdiaren eboluzioa egoerarekin batera joan da.

2018ko lehen edizioak oinarriak ezarri zituen: udaberriko jaialdi bat, formatu desberdinak konbinatuz: estreinaldiak, solasaldiak, gaurkotasuna, afari-solasaldiak, fan fenomenoa… Publikoak oso ondo erantzun zuen. Rodrigo Cortesek, Juan Gómez-Juradok eta Arturo González-Camposek izandako solasaldia eta H.B.O.-ren Fahrenhait 451 filmaren estreinaldia nabarmendu behar ditugu.

2019an, berriz, Vida Perfecta telesaila estreinatu zen, Canneseko jaialdian telesail onenaren saria jaso berri zuena, eta Leticia Dolera, Celia Freijeiro eta Aixa Villagranek aurkeztu zuten. Borja Cobeaga eta Diego San Joseren arteko solasaldia ere bereziki aipagarria eta dibertigarria izan zen; baita maiatzeko hauteskundeetarako hautagaiak bildu zituen afari-tertulia ere, parte-hartzaile bakoitzak bere serie gustukoenak defendatu behar izan zituen

2020. eta 2021. urteak pandemiak markatu zituen. Edukieraren eta mugikortasunaren murrizketek proposamenak egokitzera eta formatu batzuk ezabatzera behartu zuten, hala nola afari-solasaldiak. 2020an, jaialdia urrira lekualdatu zen, eta dagozkion segurtasun-neurri guztiekin, Crossoveren 3. edizioa jarduera-programa murritzarekin hurbildu zen serieetara, baina kalitateari eusten jakin zuen. Nabarmentzekoa da euskarazko telebistako fikzioaren errepasoa, urte hartan Hondar ahoakPikuakAlardea eta Iheslariak bezalako ekoizpenak aurkeztu zituena.

2021ean egindako edizioan, pandemiaren ondorioz Gipuzkoako udalerri askori eragin zien konfinamendu perimetrala gorabehera, jaialdiak bere jarduera guztien gonbidapenak agortu zituen. Azpimarratzekoa da Kultura Sailak ikus-entzunezkoen sektoreari egin zion omenaldia, Goya, Feroz edo Forque bezalako sariak jaso zituzten gipuzkoar profesionalekin.

 



Topaketa definitzeko jardueretako bat mahai-inguruak dira. Zein alderditan zentratu nahi izaten dituzue sektorearen inguruko eztabaidak?

Jaialdiaren gakoetako bat, bere berezitasuna, estreinaldiei eta gaurkotasunari bakarrik ez ekitea da. Berezitasuna da serieen fenomenoaren azterketak duela garrantzia. Eta ikuspegi kritiko batetik egiten du. Azterketa kritikoa egiteko topagunea izan nahi dugu; serieak gizartearen ispilu nola bihurtu diren, nola islatzen gaituzten, nola kontatzen diguten aztertzea. Hori da mahai-inguruen helburu nagusia. Hori da jaialdiaren ideia nagusia: hainbat alorretako adituak biltzea serieei buruz hitz egitera, beren ikuspuntua eman dezaten. Serieak adierazle sozial bihurtu dira, gizartea azaltzeko tresna. Serieak gaurkotasunari itsatsita daude. Hori interesatzen zaigu.

Honetaz guztiaz gain, estreinaldietarako eta proiekzioetarako tartea ere badugu, bai fan fenomenoa bezala, serieen bataila bezalako proposamenekin, non urtero bi espezialista-taldek bat defendatzen duten. Iaz , adibidez, Los Sopranoen eta Breaking Bad-en arteko borroka izan zen, eta aurreko urtean Friends eta Sex and the City-ren artekoa.


Ikus-entzunezko edukien plataformen agerpenak serieen ekoizpena eta kontsumoa eraldatu ditu azken urteotan. Zer-nolako ondorioak izan ditu fenomeno horrek eta nola eragin dio produktuari?

Zalantzarik gabe, ekoizpena eta kontsumoa handitu egin dira. Hau gertatzen ari zen fenomeno bat zen. Baina pandemiak bizkortu egin du. Horrek guztiak ondorio desberdinak ditu. Alde batetik, iruditzen zait serieen hiper-produkzio fenomeno horrek ez duela kalitatea handitzen laguntzen. Kontsumorako hainbeste serie ekoizteko beharrak dena oso azkar joatea eragiten du, ez dago pazientziarik, serieak laburragoak dira, ez dira hain landuak, ez dira hain garatuak.

Gainera, nolabaiteko homogeneizazioa dago, arrakasta duten produktu batzuk behin eta berriz errepikatzen dira. Eta kontsumo azkarra ere badago. Hilero bi maisulan estreinatzen dira. Hedabideak eta kritikariak etengabe ari dira hau eta bestea goraipatzen. Eta denak hurrengo hilera arte irauten du beste maisulan batekin, gero berehala ahaztua izango dena.

Baina, bestalde, eskaintza duela hamar urtekoa baino askoz handiagoa da. Eskaintza handitzeak aniztasuna handitzea ere eragiten du. Orain gai batzuk lehen pentsaezina zen telesailetan lantzen dira. Eta hori oso interesgarria da.

 



Aurtengo programari dagokionez, zer nabarmendu nahiko zenukete?

Edizio honek sentsazio onak berreskuratu nahi ditu. Publikoa, espazioak eta proposamenak berreskuratu nahi ditugu.

Nabarmenduko nuke, proiekzio berezien atalean, Jaialdiak El Inmortal estreinatuko du primizian, Movistar Plus+ ekoizpen bat, aurkezpenean Jon Kortajarena eta talde artistikoko beste kide batzuk izango ditugu

H.B.O.-ren La ciudad es nuestra ere estreinatu genuen, David Simonen azken seriea, David Truebarekin sortzaile honen unibertsoa aztertuko duen mahai-inguru bateko gonbidatu nagusi gisa.

Solasaldiei dagokienez, hainbat gai jorratuko dira, hala nola plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana, zientziak eta umoreak telesailetan duten presentzia edo adikzioen irudikapena. Gonbidatuen artean: Koldo Almandoz, Marian Fernández, Eduardo Sáenz de Cabezón, Javier Giner, Amancay Gaztañaga, besteak beste.

Afari-solasaldia berreskuratu dugu Leticia Dolera eta Manuel Burquerekin. Serieen arteko bataila Twin Peaks eta X Espedientearen artekoa izango da, eta Julian Iantzi serieak filmatu diren leku gipuzkoarretan zehar ibiliko da.

 



Zer etorkizun nahi duzue Crossover Jaialdiarentzat? Zein eremu berri landu nahiko zenukete?

Jaialdia sendotu nahi dugu, telesailen kultura berrian foro nabarmena izan dadin. Formatu berriak sartu baino, gaur egungoak sendotu nahi ditugu, hau da, emanaldi bereziak, estreinaldiak, solasaldiak eta proposamen ludikoenak biltzen dituen fan zone deritzoguna.

Gure erronka sentsazio onak berreskuratzea da. Eta lankidetzak eta aliantzak batzen jarraitzea. Alde horretatik, Zinemaldia, Tabakalera eta Donostia Turismo dira aliatu nagusiak. Aurten 2deo proiektua gehituz. Hori da egin nahi dugun bidea. Eta betiere elkarrizketaren, eztabaidaren eta gaurkotasunarekiko arretaren testuinguruan.

 

(Especial publicado el 20 de abril de 2022).

Euskadi, bien común