"Zuei"

  • "Zuei"

Musikaren munduari betidanik estuki lotuta egon den arren, Maider Zabalegik honako hau du bakarkako estreinako lana. Alaitz Telletxearekin batera izandako bidaia arrakastatsua duela 20 bat urte atzean utzirik, bakarrik baina ongi lagunduta ekin dio berriro diskogintzari eta zuzeneko agerpenari, balio handiak dituen Zuei disko honekin. Ilusio eta ametsen itsasoan nabigatzen duten hamar abesti gozo eta koloretsu aurkezten dizkigu Oiartzungo konposatzaile-kantariak, sentimendu garbien isla eta pizgarri, era berean.

Maitasuna eta askatasuna lanaren zutabeak izanik, musika lengoaia erakargarria bezain setikorra erabiltzen du Maiderrek, musikari sorta aparta alboan duela: Karlos Aranzegi (bateria, perkusioa), Joseba Loinaz (pianoa), Urbil Artola (Lap Steel, Dobroa, gitarra akustikoak eta koruak) eta Dani Venegas (gitarrak, mandolina, banjoa, baxuak, hammon, sintetizadoreak, perkusioak eta musikaren ekoizpena). Alaitz Telletxeak ere kolaborazio kuttun bat ekarri du urrezko lan honetara.

Emaitza ezin itxaropentsuagoa dugu. Kantek berehala topatzen dute guganako bidea, eta zuzenzuzenean,  gure barruak deituta bezala, iristen zaizkigu, freskotasunez eta gozotasunez beteak, argiaren abiaduran gure barneak argituz.

Itsaso barean enbata sortzen den modura, segundo batean gure bizitzak bira egin dezakeelako, urgenteak dira maitasun eta elkartasunezko hitzak, garrantzitsua da gauero gure ametsak kulunkatzea eta aske sentitzea, kristal hauskorraz eginak baikara.

Hamaika istant zoragarri eta desio ezkutu gordetzen ditu Maiderren lan berri honek, eta kantariak abesti laztangarriok, banan-banan xuxurlatzen dizkigunean, gure barneko espazioa zabaltzen nabari dugu, astiro eta eztiki, eguzkiaren indarrak behe-lainoa jasotzen duenean bezala.

Erosi diskoa, Elkar-en webgunean


Laburrean

  • Egileak Maider
  • DiskoetxeaElkar Argitaletxea
  • Zenbatekoa13,50 €
  • FormatuaCD
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2017
  • LizentziaCopyright