"Suddenly III"

  • "Suddenly III"
  • "Suddenly III"

«Eraikin baten gailurrean zaudenean edo altura handian dagoen balkoi batera irtetean, baliteke bertatik salto egiteko nahi antzeko bat sentitzea. Abiadura handian datorren tren bat iritsi aurretik ere halako zerbait sentitu dezakezu... Pertsona berezi horri eskua ematea pentsatzen duzun segundo hori, bere aurpegia ukitzeko tentazio hori. Burutik pasatzen zaizkizun istant horiek; hainbeste beldurtzen duten segundo horiek. Bertigoz beteriko momentu bat».

Segundo batez geldiarazten gaituzten bihozkadetatik abiatuta sortu da Osa+Mujika konpainia artistikoaren Suddenly III, gure burua arriskatzen dugunean eta bulkada horiengatik eramaten uzten garenean zer gertatzen den islatzeko.

Izan ere, arrisku baten aurrean gaudela ohartarazten gaituzten seinaleak besterik ez dira burutazio horiek, garunak kontuz ibiltzeko gogorarazteko erabiltzen duen sistema bat. Baina zer gertatuko da bihozkada horiei kasu egitea erabakitzen badut? Zer, salto egiten badut? Zer, tiro egiten badut? Zer, musukatzen badut? Batzuetan, erokeria horiei esker jarraitzen dugu bizirik, oreka neutro batean bizitzea baino askoz aberasgarriagoa baita jauzi egitea. Zeren ez dugu beti nahiago txar ezaguna, ezagutzeagatik dagoen ona baino.

Lengoaia koreografiko bizia duen eta mugimendu energetikoz eta irudiz beterik dagoen obra bisual bat da Suddenly III eta bere helburu nagusia irudi guzti horiek ikuslearen memorian geratzea da.

Lan hau 50 minutuko bakarkako pieza da, non dantzaria hainbat desio objeturekin erlazionatuko den: pistola bat, kaktus bat edo pertsona bat. Musika, argiztapena eta jantzien laguntzarekin (koreografia bezain garrantzitsuak diren elementuak) Osa+Mujikak arriskatzera bultzatzen gaituen barne bulkada honi kasu egitera gonbidatzen gaitu.

Jaiotz Osaren eta Xabier Mujikaren arteko topaketa artistikoa da Osa+Mujika. Bi mundu sortzaileren arteko elkartzea da: alde batetik, dantza, eta, bestetik, jantzigintza eta eszenografia. Jaiotz dantzari eta koreografoa da; Xabierrek, berriz, jantziak eta espazio eszenikoak diseinatzen ditu. Bien artean sortzen duten taldearen helburua bisualki indartsuak diren istorioak kontatzea da; buruan dituzten irudiak sortzea, horiei forma eta zentzua ematea eta mugimenduaren bidez nahiz formatu audiobisualetan garatzea. Osa+Mujika dantzan eta ikus-entzunezko artean dituzten interesak asetzeko sortu da. Lehenengo pieza, Suddenly, espazio ez konbentzonaletarako hamahiru minutuko bakarkako lana, RedAcieloAbierto 2017 sarean hautatua izan zen, baita Espainiako nahiz nazioarteko hainbat jaialditan dantzatua ere. Lehen lan horretan oinarritu ziren antzokirako 50 minutuko Suddenly III egiteko; Danza a Escena 2019an hautatua izan da.

Fitxa

  • Zuzendaritza: Jaiotz Osa, Xabier Mujika
  • Dramaturgia/koreografia: Jaiotz Osa
  • Interpreteak: Jaiotz Osa, Xabier Mujika
  • Argiztapena: Josu Murgia, Osa+Mujika
  • Soinu konponketak: Iñigo Telletxea
  • Jantziak/eszena: Xabier Mujika
  • Argazkiak: Mariló Miguez
  • Bideoa: Rach_ Rodriguez
  • Web-a: Iñigo Cerdán
  • Ekoizpena/banaketa: Osa+Mujika


Laburrean

Euskadi, auzolana