"Haruki"

  • "Haruki"

Atenporala hitza datorkigu burura, JVeraren diskoa denbora eta garai zoro hauetatik at iruditzen baitzagu. Baina adjektibo hori, sarritan, inongo ekarpenik egin gabe, garai jakin bateko soinu eta estetika milimetrikoki imitatzera eskainitako diskoei ezartzen zaie, benetakoa ez duten balio eta zilegitasun bat eskaini nahian. Gozamena da gakoa, ordea. Jazza momentu betiereko batean jokatu eta gozatzeko baliabide eta esparrua da. Atzo, gaur eta beti. Horixe da Joseren musikak iradokitzen duenn sentsazioa, gozamen hutsarena, alegia.

Jose Vera eta grabaketan zehar oinarrizko laukote moduan lagun izan dituen Jacob Suredak (pianoa eta Rhodes), Ariel Bringuezek (saxo tenorra, sopranoa eta ahotsa) eta Andres Litwinek (bateria eta perkusioa) ederki ezagutzen dute bere hizkuntza. Urteetan landu eta findu dute, maitasun eta kontu handiz. Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Eric Dolphy moduko maisuek Blue Noteren urrezko garaietan egindako diskoen dotorezia edota Jobim eta Viniciusek asmatutako Bossa Nova distira biziki miresten dituztela ez dago ukatzerik. Era horretan jantzi ditu Josek berak konposatu, konpondu eta 2018ko ekainean Dr No estudioetan grabatutako 6 pieza eta lau bertsio hauek. Josue Santosen sintetizadore, Raynald Colomen tronpeta eta Miguel Angel Colladoren sokek han eta hemen marraztutako ekarpenei esker doinu bakoitzaren tonua ñabardura finenez atondu du, eta horren gainean Monica Benito eta Angela Cervantesen ahotsek diskoaren pertsonalitate ukaezina markatu dute perla txikien moduen gailentzen diren "Cançao de Satina" eta "Bamako" abestietan. Baina kontuz ibili, ezagutza eta trebezia horren erakustaldi zurrun eta antzu "atenporala" baino, une honetan egin eta une honetan dastatzeko jazz puska bikaina baituzue hau. Gozamena da gakoa.

Erosi Haruki diskoa

Abestiak

1. Impulso (5:23)
2. Haruki (4:47)
3. Blues For Jacob (5:33)
4. Sol Camp (5:27)
5. Agosto (4:53)
6. Butterfly (5:54)
7. Cançao de Satina (4:29)
8. Mòn Bè (3:56)
9. Bamako (4:52)
10. Sometimes Snows in April (4:21)


Laburrean

  • Egileak JVera
  • DiskoetxeaErrabal Jazz
  • Zenbatekoa10,00 €
  • FormatuaCD
  • HizkuntzaElebiduna
  • Argitalpen-urtea2018
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana