"Hil zara"

  • "Hil zara"

Nerbioi ibaiaren ezkerraldean sortua, duela bi hamarkada hasi zen IbonRG (Sestao, 1978) Bizkaiko eszena independente eta esperimentalean parte hartzen, bai kontzertuak antolatzen (Kafea eta Galletak egitasmoan), bai beste musikarien lanak ekoizten eta moldatzen (Mursego, Manett, Xabier Montoia eta abar), baita -bereziki- musikari gisa, hainbat proiektutan; Eten taldearekin argitaratu dituen lau diskoekin edota ahotsezko inprobisazioa eta elektronika uztartzen dituen Gargara bikotearen lanekin, IbonRG erabateko pieza bilduma osatuz joan da, exekuzio gordin eta mehatxugarrikoa, eta mezu sendokoa. Orain, bakarkako lehen lana osatzen duten abesti hauek gehitu dizkio bere kantutegiari.

Denbora luzez, doinu hauen zirriborroak umotzen ari zirela, Koldo Izagirreren "Baldintza subjektiboak" izeneko olerkiaren berrirakurketak bat egin zuen goiz askotan Ibonek esnatzean zerabilen melodia batekin. Bere hitzetan "a cappella emateko sortuak dira kanta guztiak, baina, halako batean, pianoaren aurrean eseri nintzen melodia bat fintzeko, eta tresnak zirriborroetako batzuk zipriztindu zituen".

Lan bikoitza da Hil zara. Lehen alean a cappella emandako zortzi kanta daude eta bigarrenean piano eta ahotsez emandako beste zortzi. Lau leku hautatu ziren Hil zara I grabatzeko (eremitorio bat, leize bat eta bi bunker), eta Ibonen ahots biluziak durundi egiten du leku horietako ertz, erliebe eta hormetan. Hil zara II, aldiz, Eibarko musika-eskolan grabatu zen, piano bakar batean eta mikrofonoak grabaketa osoan kokapen berberean zeudela.

Lan honetako bi abestik izen berbera daramate, "Hil zara"; eta biek ala biek izena ematen diote disko osoari. Lehenak ematen dio hasiera aurreneko biniloari, eta bigarrenak ixten du bigarrena. Bi kanta horien artean, Ibon, hitz ezin zorrotzagoen jabe, eta subjektibotasunari lekua eginez, letra-bilduma gotorra, solemnea eta, batez ere, zirraragarria aletuz doa. Dimentsio sinboliko horretan, denbora arrazionalizatzen duen gezurra estalgabetu nahi duen kanta bailitzan, kantaria neurritzat darabilgun kalkulua deszifratzeko lanetan aritzen da. Hitzak apuntatu egiten du, seinalatu egiten du eta guk naturan igar dezakegu memoriaren isla, desitxuratua, gure aurrean.

Zaborrean aztarrika/ erantzuna usnatu ahal da/ Alorra goldatu ahala/ Egurasten dira erroak (...). Dudaren domina.

Gozatu.

Erosi Hil zara diskoa

Abestiak

Hil zara I

1. Hil zara I (04:36)
2. Gandutu da (03:37)
3. Indar amini bat (02:39)
4. Estura (02:58)
5. Eremiten zortziko hautsia (02:20)
6. Erreka gazia (03:20)
7. Behinola (03:20)
8. Gogoaren durunda (05:35)

Hil zara II

1. Duintasunaren zama (02:36)
2. Zure elea (03:26)
3. Egunean (03:46)
4. Baldintza subjektiboak (03:49)
5. Aizun, toles (02:59)
6. Dudaren domina (04:09)
7. Ito errota (02:05)
8. Hil zara II (05:26)

IbonRG

Laburrean

  • Egileak IbonRG
  • DiskoetxeaRepetidor
  • Zenbatekoa14,00 € (binilo bikoitza) / 4,00 € (disko digitala)
  • FormatuaBinilo bikoitza / MP3
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2019
  • LizentziaCreative Commons by
Euskadi, auzolana