"Gutizia"

  • "Gutizia"

Hasiera batean bide ezberdinetatik doazen bi munduk bat egin dute une batean eta Gutizia eman dute emaitza gisa. Delicatessen moduko lan honek modu naturalean uztartu ditu euskal kulturan hain sustraituta dagoen instrumentu bat, txistua, eta orkestra sinfoniko bat.

Grabazioak guztira zortzi obra hartzen ditu barne, batzuk berriki idatziak eta besteak bertsio berri gisa aurkeztuak. Jatorri ezberdinetako musikagileek idatzitako lanak diren heinean, musika-bilduma hau bidaia bat da bere horretan. Lan hauetako gehienek honako hau estreinaldia dute, eta historia eta motibazio ezberdinak dituzte: Kenyari omenaldi bat ("Karibu Peponi"); gizakiak bizitza osoan barrena bizitzen dituen emozioen erakustaldi bat ("Leyenda"); txistuaren aldarrikapena orkestrarekin parekatzen den instrumentu gisa ("Symphony-Concerto"); edo Libanoko konpositore Naji Hakimena, euskal doinuak izan dituena inspirazio-iturri txistua instrumentu-bakarlari gisa aurkezteko hiru mugimenduko kontzertu baten forma klasikoan ("Txistu eta orkestrarako kontzertua").

Proiektuko parte-hartzaileak

Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu Jaume Santonja arduratu da Gutiziaren musika-zuzendaritzaz. Garikoitz Mendizabal, orkestra eta konpositoreez gain, proiektu honetan honakook ere parte hartuko dute: Naroa Intxausti sopranoa, Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatza (Eva Ugaldek zuzentzen duena), eta Iñaki Telleria eta Marc Blanes produkzioan eta soinuan.

Nazioarteko diskoetxe Orpheusek hartu du bere gain proiektu honen grabazioa, CD formatuan editatu dena eta Spotifyn e iTunesen ere eskuragai dagoena.

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistuaren interpretazioan, defentsan eta sustapenean pertsonaia oso garrantzitsua da. Azken urteetan lankidetza-sorta nabarmena egin du musikagile garaikideekin errepertorio berriak jorratzeko asmotan. Esan daiteke Gutizia horren guztiaren fruitua dela. Bere hitzetan: "Ukaezina da musika berria den neurrian, txistu eta orkestrarako literatura areagotu eta aberasten duela, zalantzarik gabe. Eta hori izan da, urte hauetan guztietan, nire nahia eta nire saiakera ondorengo belaunaldiei begira. Bistakoa da, baita ere, euskal musikagileek zein atzerrikoek idatzi dutela hain gurea den instrumentuarentzat. Etorkizunean izango diren txistulariei utzi nahi nieke orkestra handi batez lagundurik jotzeko aukera eta material gehiago. Bide batez, oso ohikoak ez diren musika-tresna batzuekin egiten ari diren moduan (akordeoia, gitarra...), txistuak ere izango du, naturaltasunez, orkestra sinfoniko batekin aritzeko aukera gehiago, bai Euskal Herrian bai atzerrian. Euskal kulturaren nazioartekotze-prozesuan tresna eta baliabide ezin hobea izan daitekeela sinetsita nago, baieztatu ahal izan baitut zeinen erreakzio zirraragarria izan ohi duten entzuleek gure txistua entzutean orkestra baten laguntzaz. Besterik gabe, zuen eskuetan jartzen dut nire denbora, gogoa eta ilusioa".

Euskadiko Orkestrarentzat bi munduok uztartzea euskal kultura sustatu eta hedatzeko bokazioari jarraipena emateko abagunea da, oraingo honetan nabarmen sustraitutako eta tradizio handiko instrumentu baten bidez. 2002an egin zuen lehen gerturaketa instrumentu honetara, Tomas Aragues Bernarden "Txistu eta orkestrarako kontzertua"-rekin, Joxe Ignazio Ansorena solista izan zuena. Lankidetza berri honek bat egiten du aurreko beste batzuekin: txalaparta (Oreka TX / Kalakan), gaita (Gaiteros de Elciego) eta trikitixa (Kepa Junkera), besteak beste. Proiektu-sorta horren guztiaren xedea euskal kulturaren ondare aberatsa jaso, defendatu eta bultzatzea izan da.

Obrak (grabazio hurrenkeran)

Leyenda - Eduardo Moreno [17']
Txistu eta orkestrarako kontzertua - Naji Hakim [12']
Hora stacatto - Grigoras Dinicus (Orkestrazioa: Iñaki Urkizu) [2']
Iruten ari nuzu - Herrikoia (Orkestrazioa: Kepa de Miguel) [4']
Atzo ttun ttun - Herrikoia (Orkestrazioa: Kepa de Miguel) [4']
Karibu Peponi - Javier Martinez Campos [10']
Symphony-Concerto - David Johnstone [27']
Fandango Zaharra - Ezezaguna (Orkestrazioa: Pierre Wekstein) [4']


Laburrean

  • Egileak Garikoitz Mendizabal, Euskadiko Orkestra
  • DiskoetxeaOrpheus
  • Zenbatekoa12,95 € (CD)
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Argitalpen-urtea2021
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana