"Ahizpari gutuna. Mari Paz Jiménez eta pintura"

  • "Ahizpari gutuna. Mari Paz Jiménez eta pintura"

Rosario kuttuna, zer moduz zaude?
Gauzak diren moduan idaztea gustatuko litzaidake
baina azkenaldian objektu batzuk etengabe
aldatzen direla sentitzen dut, beste batzuk ahitzen.
Gure bizitzak oraindik poesia behar duela dirudi,
ez zaizu iruditzen?

Elena Olaveren hitzen eta Irrimarraren irudien elkarlanaren bidez gauzatu den proposamena da Ahizpari gutuna. Mari Paz Jimenezen artelanak oinarri hartuta, liburuaren helburua artistaren lana ezagutaraztea da, modu eder eta poetikoan. Mari Paz Jimenez, bereziki pinturan egindako ekarpenengatik ezagutzen den arren, josketa lanetan ere aritu zen, tartean bere ahizpa bailaora Rosariorentzat jantziak eginez.

Irakurleak Mari Pazen sormen prozesuaren hausnarketetan murgiltzeko aukera izango du ahizpari idazten dion fikziozko gutunaren bidez, artistak landutako estilo anitzetara hurbiltzen gaituzten irudien laguntzaz.

Mari Paz Jiménez (Valladolid, 1909 - Donostia, 1975). Euskal artista miretsi eta aitortua izan zen, herbestean Argentinan zegoela artea lantzen hasi ostean, Donostia eta Bilbo artean kokatu zena. Bertan bere ijito jatorriari aipamena egiten zioten irudiak lantzen hasi zen, eta esperimentazioari jarraiki, 50eko hamarkadaren amaieran Euskal Herriko lehen pintura abstraktua burutzen hasi zen.

Elena Olave Duñabeitia. Artearen Historia ikasi zuen eta arte garaikidearekin eta komisariotzarekin lotutako ikerketan jardun du espazio eta modu ezberdinetan. Idazketarekin lotura oso estua du; besteak beste, Berria egunkarian arte kritikak idatzi ditu. Halaber, literatur esparruarekin harreman zuzenagoa duten argitalpenak ere egin ditu: Balea Zuria argitaletxearekin Zeldak poesia liburua argitaratu zuen 2019an, Lauaxeta Saria eskuratuz; eta 2022ko udazkenean, Keinura itzuli poesia liburua Susa argitaletxearekin.

Irrimarra bikote sortzailea Irene Iruretak (Zumaia) eta Karmele Gorroñok (Galdakao) osatzen dute. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren ikasketak burutzen ari zirela ezagutu zuten elkar. 2016. urtean, lan kolektiboaren alde apustu egin zuten Irrimarra sortuz. Geroztik hainbat album ilustratu dituzte, horien artean aipagarrienak: Altzoko Handia (2018-20, sei liburuko bilduma, Koldo Izagirre-Erein argitaletxea), Erakusleihoan (2019, Peru Abarka Saria, Karmele Mitxelena-Erein argitaletxea), Badauzkat nire zulotxoan... (2020, Alaine Agirre-Ikaselkar argitaletxea), Kuoi (2020, Fito Rodriguez-Txalaparta argitaletxea) eta Tristura (2021, Joseba Sarrionandia-Ikaselkar argitaletxea). Horma-irudiak, prensa kolaborazioak, eskola agendak eta kartelak ere burutzen dituzte. https://www.irrimarra.com

Erosi Ahizpari gutuna. Mari Paz Jiménez eta pintura liburua

Aurki ezazu zure liburutegian

Pamiela etxea

Laburrean

  • Egileak Elena Olave, Irrimarra
  • ArgitaletxeaPamiela etxea
  • Zenbatekoa16,00 €
  • HizkuntzaEuskara
  • Orri-kopurua44
  • Argitalpen-urtea2022
  • LizentziaCopyright
  • ISBN978-84-9172-249-6
Euskadi, auzolana