"Nik ez dakit beste gauza batzuen berri"

  • "Nik ez dakit beste gauza batzuen berri"

Leak, eleberri honetako protagonistak –19 urte, izenik ez duen herri txiki bateko biztanle–, zakurra galdu berri duen arrotz bati kontatzen dizkio bere beldurrak, bere ametsak, bere bizitza. Ia bakarrizketa baten gisa harilkatzen den kontakizunean, ezagutuko ditugu haren lagunak –Catalina herrena, Javier isila, Marco zigarrokidea–, haren familia –ama, aita hila, burua hutsik duen Nora ahizpa–, haren herrikideekiko mira eta kanpotarrekiko jakin-mina.

Abilezia harrigarriz josi du bere bigarren eleberria Elisa Levik; ibilbide literarioaren hasieran egon arren, esku, heldutasun, ahots propio harrigarria erakusten duen kontakizuna. Munduaren ustezko amaieraren zain dauden pertsonaien bidez, basoari errespetua baino izua dioten herritarren bidez, herritik kanpo etorkizunik ez dagoela uste duen jende talde baten bidez osatu du harribitxi hau Levik.

ISBN: 978-84-9868-776-7 (paperean) / 978-84-9868-777-4 (digitala).

Egileak bere obraz

Leak, liburu honetako protagonistak, 19 urte ditu eta bizitza osoa aurretik. Munduaren bukaera laster izango denaren zurrumurrua zabaldu da, ordea, bera bizi den herri txikiko biztanle gutxien artean. Munduaren ustezko bukaera horren aurrean ezagutuko ditugu eleberri honetako pertsonaiak. Lehenik eta behin, Learen lagun taldea: Catalinak, haur garaitik herren, negar eta negar egiten du bizi nahi izango lukeen baina bizi ezin duen maitasun istorioagatik; Javier mutu geratzen da Learen estimu keinuen aurrean; Marcok belarra oparitzen dio, eta konfidentziak partekatzen dituzte erre bitartean.

Learen familia ere ezagutuko dugu: amonagandik aska ezin daitekeen ama, herriko jauntxoek heriotzara eramandako aita, batez ere Nora ahizpa, jaiotzetik mugitzeko, hitz egiteko, munduarekin komunikatzeko ezgauza.

Azkenik, herrikideak daude, errutina, errepikapen infernu txiki batean bizitzera kondenatuak, eta herri txikira bizitzera datozen arrotzak, herri txikira bizitzera etorri badira, auskalo nondik eta zergatik ihesean etorri direnak.

27 urte zituela, 2021ean argitaratu zuen bere bigarren eleberria den hau Elisa Levik. Idazle hain gaztea izan arren, ezohiko heldutasuna, ezohiko ofizioa erakusten du kontakizun honek: ia bakarrizketa bat balitz bezala harilkatua (zakurra galdu berri duen arrotz bati zuzentzen zaio berez Lea, baina azkenerako ez dakigu egiatan guri, irakurleari zuzentzen ari ote zaion, konfesio moduko batean, edo auskalo epaile alegiazko bati, irakurlea bera izan daitekeen epaileari).

Nik ez dakit beste gauza batzuen berri eleberriak tentsioa mantentzen du hasieratik bukaerara, ez du erritmorik galtzen momentu bakar batean ere, mundu itxi, antzinako, etorkizun argirik gabeko bat osatzea lortzen du, baina baita liberazio posible bati atea irekitzea ere, guztia gainbehera datorrela dirudienean, beti aurki daitekeela argi izpiren bat esatera datorkiguna.

Halako eleberri gutxi aurkituko ditu irakurleak gaur egunean egiten den euskarazko literaturan.

Elisa Levi

Itzultzailearen ikuspuntua

«Nik ez dakit beste gauza batzuen berri», dio Leak, Lea Txikik, nobelako protagonistak, bizi den herri txikitxotik inoiz irten gabea bera, baina pentsatzen du dakizkien gauzek balio dutela beste leku batean ere, baita Txinan ere.

Leak txakurra galdu duen gizon kanpotar anonimo bati hitz egiten dio, baina ez daiteke esan elkarrizketa denik ere, gizonak esaldi labur bakan batzuk baino ez dituelako esaten testuan zehar: gizona entzule hutsa da kasik.

2013ko Urteberri egunean gertatzen da kontakizuna, eta 2012ko gertaerak kontatzen ditu. Kontua da 2012an mundua akabatzen zelako ustea dabilela jendearen ahotan.

Kontaketa bat da, barrua huste bat, gizonak entzun diezaion erregu bat, eta entzuketa bat. Azken batean, hausnarketa bat da, bizitzari buruzko hausnarketa bat, eta protagonistak espresuki adierazten du behin baino gehiagotan hausnarrean ari dela, eta bere gogoetak irakurlearentzako gogoetagai dira.

Idazkerari dagokionez, tonua iluna da, oro har, nobelan, baina umorea ere azaleratzen da irribarrea eragiteraino, protagonistaren ahots indartsuak duen gatzari esker.

Estilo zuzena eta zeharkakoa nahasten dira. Erraz txirikordatzen ditu egileak argumentuaren trama osatzen duten gaiak. Egoki integratzen dira testuan batetik besterako joan-etorriak. Baliabide estilistikoetan, errepikapena darabil ezaugarri deigarri moduan, eta ahaidetasunak ikusi dizkiot nik neo- ruralismo eta errealismo magikoarekin.

Itzulpenari dagokionez, hizkera kolokiala da erabat nagusi, eta aipagarria da abesti zatien presentzia. Gaztelaniaz utzi ditut horiek, asko eta asko zeharo ezagunak baitira. Errefrau edo esaeren aldetik, berriz, baliokide bete-betea aurkitu ez dudanean, neuk moldatu ditut.

Irene Aldasoro

Egilea

ELISA LEVI (Madril, 1994). Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Arte Eszenikoak ikasi zituen Madrilgo Universidad Europea-n eta dramaturgia Londresko Royal Academy of Dramatic Art-en. Temas de hoy argitaletxearekin argitaratu zuen 2019an bere lehenengo nobela, Por qué lloran las ciudades («Levik millenial literatura gainditu eta etorki erromantikoko non serviam bat intonatzen du, Werther baten belaunaldi-fatalismoarekin edo Thomas Mannen desordena eta oinaze goiztiarrarekin ahaidetua, indartsu eta buruargitasunez berritzen duen tradizio bat», Carlos Pardo, Babelia), eta parte hartu zuen Ya no recuerdo que quería ser de mayor (2019) antologian. Gainera, Perdidas en un bol de cereales (2016) poema-bildumaren egilea da eta Ramitas en el pelo antzerki-lanarena, Madrilen 2017an estreinatua.

Erosi Nik ez dakit beste gauza batzuen berri liburua

Aurki ezazu zure liburutegian

Alberdania

Laburrean

  • Egileak Elisa Levi
  • ItzultzaileaIrene Aldasoro
  • ArgitaletxeaAlberdania
  • Zenbatekoa18,90 € (paperean) / 11,99 € (digitala)
  • HizkuntzaEuskara
  • Orri-kopurua206
  • Argitalpen-urtea2022
  • LizentziaCopyright
Euskadi, auzolana