"Iaquin vahu"

  • "Iaquin vahu"

Bernat Etxepare bere garaiko gizona zen, kristaua, jakina, baina aldi berean trobadoreek hedatzen zuten poesia kortesa ezagutzen zuen. Baikor begiratzen zion euskarak izango zuen etorkizunari, berak lehenengo aldiz inprimatuko baitzuen 1545 hartan. Pentsamendu modernoa, jakinmin espirituala eta idazteko gosea dira Eiheralarreko apaizaren literatur estiloaren ezaugarri. Ezer gutxi dakigu haren bizitzari buruz, 'Mossen Bernat Echaparere cantuya' olerkian aipatzen dituenetatik at.

500 urte inguru geroago, IbonRG-k doinua jarri die «Linguae Vasconum Primitiae» liburu itzelak biltzen dituen olerki guzti-guztiei; zehatzago esateko, osorik ez direnean, Itxaro Borda idazleak olerki bakoitzetik hautatu dizkion bertsolerroei. Guztira 16 pieza, haietako zenbait acapela emanak, beste zenbaitetan pianora. Batzuk bakarka; beste batzuk, kolaboratzaileen laguntzaz, hala nola Enrike Hurtado, Garazi Navas, Miguel A. García, Verde Prato, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’, Matías Riquelme, Fernando Ulzión, SusanaRG, Ane Arana edo Paralux. Eta kantu bakoitzak bilatu du grabatzeko molde bat eta lokalizazio bat, dela Bilbo, dela Etxepareren jaioterri Duzunaritze, dela Eiheralarreko eliza. Grabatutako soinuek Bilboko Audiogela estudioan hartu dute oraintxe duten forma, Ibon Aguirrerekin egindako hilabetetako lan zehatzari esker.

Etxeparek inprentaratu zuen euskara, eta Ibonek orain liburura eraman nahi izan ditu soinu hauek. Horretarako, mikroskopikoki berregin eta garbitu du Jon Martinek 1545eko tipografia hura, itxura zaharkitua emateko ez, baizik eta irudikatzeko nola irten zen, nola jaso zuen Bernatek inprimategitik «Linguae vasconum primitiae», olerki haiek bere buruan nola dardaratzen ziren irudikatu nahi izan den bezala Ibonen ahotsez, orduko hizkeraz, egungo euskaldunarentzat ulergarri samarra. Itxaro Bordak berak eman dio testuinguru sakonagoa lanari, sortutako hitzaurre luzearekin. Lana osatzeko, «Iaquin vahu» honetan interpretatzen diren bertsolerroen itzulpenak biltzen ditu liburuak, René Lafonek eta Patxi Altunak frantsesez eta gaztelaniaz utzitakoak orraztuta eta eguneratuta.


Laburrean

  • Egileak IbonRG
  • DiskoetxeaAutoedizioa
  • Zenbatekoa25,00 €
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2024
  • EskuratuErosi