Fernando Buesa Arenak gaur egun erabilera askoko barruti esaten zaien horien bereizgarri guztiak ditu. Egia da saskibaloiak eragin zuela Gasteizko Udalak 1966an eraiki eta Arabako Foru Aldundiak 1978an eskuratutako ganadu-azoka zaharra berritzea, 1995ean. Dena den, 1998an handitu zutenean, iritzi zioten hainbesteko inbertsio publikoarekin adore eta etorkizun handiagoko hiri-ekipamendu bat sortu behar zutela, ez kiroldegi huts bat.
Horregatik, eraikina handitzeko azken proiektuan, 2012an, kirol-jarduerez gain estalpeko beste edozein ikuskizun publiko antolatzeko moduko eremu bat sortzeko ideia nagusitu zen. Gauzak horrela, kirol-barrutietako premiez haragoko programa bat egin zuten eta erabilera askoko eremuetako ezaugarriak hartu zituzten aintzat: jendea hainbat mailatan eta sektoreka antolatzeko aukera, ikuskizunak muntatzeko erraztasunak, karga-ibilgailuentzako sarbideak, aldagelak eta kamerinoak, beheko mailako harmaila moldagarriak, agertokiaren konektibitatea eta abar.