Azken hilabeteetan gizakiaren hainbat alderdiri behatu ondoren, Robert Treviñok giza esperientziaren beste alderdi bat erakutsiz amaituko du Euskadiko Orkestraren 23/24 Kontzertu Denboraldia: bizitza pribatua. Henri Dutilleux eta Richard Straussen obrekin egingo du, orkestrak lehen aldiz joko dituenak bere historian. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, ekainak 3, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, ekainak 4, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, ekainak 5, Bilboko Euskalduna Jauregian; ostegunean, ekainak 6, Gasteizko Principal Antzokian; eta ostiralean, ekainak 7, berriz Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira. Iruñean oraindik azken kontzertu bat geratuko da Denboraldia behin betiko amaitzeko, ekainaren 18an, martxoan atzeratutako ‘Rakhmaninov / Strauss’ programari dagokiona.
Kontzertuen lehenengo zatian Henri Dutilleuxen Correspondances lana entzungo da. XX. mendearen lehenengo eta bigarren erdiaren artean erdibidean harrapatutako konpositore bat izan zen Dutilleux, eta haren aldi berantiarreko sorkuntzarik ederrenetako bat da Correspondances. Ordurako, soinuen destilazio geldo baten antza zuten haren sorkuntza-prozesuek. 20 urte behar izan zituen Correspondances idazteko: 1983an egin zioten enkargua Berlingo Filarmonikoak eta Simon Rattlek, eta 2003an estreinatu zuten, Dawn Upshay sopranoarekin. Dutilleuxek Rilke, Mukherjee, Solzhenitsyn eta Van Gogh bezalako egileen gutunen zatiak hautatu zituen, bost abestiri forma emateko, eta Elena Sancho Peregek abestuko ditu, nazioartean proiekzio handienetakoa duen soprano donostiarrak.
Bigarren zatian, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen Sinfonia domestikoa interpretatuko du; obra honek soinu-abentura bilakatzen ditu familia-bizitzako pozak eta ezbehar txikiak.1904an estreinatu zen New Yorkeko Carnegie Hallen, eta nolabaiteko polemika eragin zuen, izan ere, konpositore alemaniarrak heroi gisa aurkeztu baitzuen bere burua aurreko lanetan, eta batzuei pretentzioso samarra iruditu zitzaien hori, baina oraingoan haren familia-bizitzaren erretratu bat zen, egunerokoa eta hutsala, Alemaniako aparatu sinfoniko erromantiko osoaren hizkerarekin. Baina Strauss ziur zegoen egunerokotasunaren benetako ospakizun moderno bati eman ziola forma. Bertan, munduaren berezko sakontasuna erakusten saiatu zen.