Iparraldea Bertan 2024: egitaraua

Donostia-San Sebastián 2024(e)ko otsailaren 28(e)tik 2024(e)ko martxoaren 20(e)ra
  • Iparraldea Bertan 2024: egitaraua

Iparraldea Bertan 2024 errealitate bat da jada. XXIII. edizioak lau topaketa izango ditu:

  • Otsailak 28, asteazkena | 19:00etan

Habia hirukotea

Aurreneko asteazkenean, berriz elkartuko gara Habia taldeari esker, hauxe 2019an sortu zen «Animalia» ikusgarriaren musika jotzeko. Kristof Hiriartek, LagunArte konpainiaren sortzaile, zuzendari eta musikariak, hari eta kantarientzako piezak hautatu, idatzi eta egokitu ditu. Kontzertu bat eskainiko da eta hiru hari eta hiru ahots arituko dira aldi berean. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko. 

Partaideak: Elena Haira (altoa, ahotsa); Amaia Hiriart (txeloa, ahotsa); Maia Iribarne Olhagarai (biolina, ahotsa); Frank Suarez (aurkezlea).

 

  • Martxoak 6, asteazkena | 19:00etan

Haize leizean liburuaren aurkezpena

Elise Diletek eta Antton Hariñordokik beraiek idatzitako eta Ainize Butronek ilustratutako Haize leizean nerabeentzako eleberria aurkeztuko dute.

Liburuaren sinopsia: Haize nerabe bakartia da, amarekin bizi da baina azken hau zainetarik eri da. Musikan trebe da Haize eta etxetik urrun den musika eskola famatu batean sartzeko proposamena heldu zaio; hautu bat egin behar du: ezezagunera jauzi erraldoia egin, ala bere egunerokotasunean egon, amaren ondoan. Behin, eskolarekin, Izturitzeko leizeetara doa bisita bat egitera eta han Madelaine aroko neska gazte baten baitan gorpuztuko da.

Elise Dilet, Biarritzekoa, 1971n jaiota, dokumentalista da IKAS pedagogia zerbitzuan. Haren ibilbide profesional anitzak bi ardatz nagusi ditu: hezkuntza eta idazketa. Haize leizean haren hirugarren euskarazko eleberria da.

Antton Hariñordoki Bankian jaio zen (1970), itzultzaile profesionala da eta, Elise Dilet-ekin batera, hiru eleberri idatzi ditu: Intza eta Tomas. Sorginaren sekretua (IKAS, 2020), Intza eta Tomas, Laminaren iturria (IKAS, 2023) eta Haize leizean (ELKAR, 2023).

Ainize Butron Arana Baionan sortua da, 1974an. Arte eskola eginik, gaztetan, Baionako arte eskolan lehenik eta Bordelen ondotik, lanbidez kazetari da orain. Horrekin batera, tindatzen du, betidanik.

Partaideak: Elise Dilet (autorea); Antton Hariñordoki (autorea); Ainize Butron (ilustratzailea); Frank Suarez (aurkezlea).

 

  • Martxoak 13, asteazkena | 19:00etan

Arriola-Ezcurra bikotea

Bata Baxenabarrekoa da, eta bestea Lapurdikoa. Biak soinu jotzen hasi dira beren herrietako ohizko musikak bereganatuz eta biziki goizik Euskal Herriko oinarrizko kulturak diren dantzaldien, dantzaren eta kantuaren esperientzia lortu dute. Geroztik, beren praktikak aberastu dituzte hainbat musika korronte ezberdinei idekiz, hauen artean gaurko musikak, inprobisazioa edo musika klasikoa.

Davidek eta Philippek aspaldidanik elkar ezagutzen dute eta hainbat egitasmoetan bateratu dira. Halaber, Baionako Maurice Ravel kontserbatorioan, irakaskuntzaren eta transmisioaren pasioa partekatzen dute.

Arriola-Ezcurra bikotea sortu da beren historiaren zatia den musika berriz aurkitu nahi baitute, ohizko musika bainan gaurko interpretazio bizi-biziarekin, eta bapateko sormen askearekin. Euskal Herriko doinuak bainan ere beste herrialde eta kulturetakoak (Brazil, Hego Amerika, Balkanak…) gustukoak dituzte. Ondorioz, zuekin partekatu nahi lituzkete egiazko bidaia musikal batean, non dantza, kantua eta poesia egitarau berriaren bihotzean izanen diren.

Partaideak: Philippe de Ezcurra (akordeoia, ahotsa); David Arriola (saxofoiak); Frank Suarez (aurkezlea).

 

  • Martxoak 20, asteazkena | 19:00etan

Ekhi Lambert: Inbasioak

Bere bakarkako bigarren diskoarentzat, Ekhi Lambertek hainbat musikarirekin obra oparo, zorrotz eta anbiziotsua sinatzen du. Inbasioak diska anitza iragartzen da, bazter, xoko eta pasabidez betea. Pop orkestralaren ildoan, musikari desberdinen laguntzarekin gauzatu izan du lan hori: hauek dira Oiasso Kameratako sokak, Joseba Irazoki, Félix Buff, Oihan Oliarj-Ines, Ludovic Leriche edo Vincent Mougel. Azken hau Iparraldea Bertan zikloaren baitan burutuko den kontzertuan Ekhi Lambertekin batera gurekin izango da. Diskoa 2023ko primaderan grabatua izan da Garate (Kaki Arkarazo) eta Shorebreaker (Johannes Buff) estudioetan. Taula gainean, kantagintza eta poesiari lehentasuna emanez, Ekhi Lambertek seikote edota bikote moduan aurkezten dizkigu bere kantu berriak. Lehen partituretatik azken grabaketa sesioak arte, amets batek arrarokeriak bizikide egiten dituen gisan, Ekhi Lambertek atmosfera elegante eta epiko baten jostea lortu du. Musika orkestral horren lerroetatik at, askatasun espazio handiak utzi izan zaizkie musikariei. Hastapen batean lan bakartia zena kolektiboa bilakatu da, nolazpait inbaditua. Orkestrak gailur magnetikoak igaiten dituenean ere, sinfoniak ahots bakartiaren oihartzuna xumeki segitzen du, olerki labur batzuen musikatzekotan.

Vincent Mougel jatorriz Lorrenako haran industrial batekoa da. Pop disko zenbaitzu argitaratu ditu Kidsaredead izenpean, batez ere The Other Side of Town (2014), Botanical House label japonesaren pean. Azken hamar urteetan, bere multi-intrumentista gaitasunak besteen zerbitzura baliatu izan ditu: Herman Dune, Emmanuelle Parrenin, Fitness Forever, Halo Maud, Juliette Armanet, Mathieu Boogaerts, les Innocents. 2020an, bi dokumental sailen musika idazten du Pompidou Zentroa eta Alsaziar Museoarentzat.

Partaideak: Ekhi Lambert (ahotsa, gitarra elektrikoa); Vincent Mougel (ahotsa, teklatua); Frank Suarez (aurkezklea).

 

Oharra: Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako zikloa da, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) laguntzarekin. Saio guztiak 19:00etan izango dira KMKko Areto Nagusian, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan, eta euskaraz izango dira.

gipuzkoa.eus

Laburrean

Non