"Emakumeak Aberria Eginez. 100 años. Laudio"

Laudio 2024(e)ko apirilaren 12(e)tik 2024(e)ko apirilaren 30(e)ra
  • "Emakumeak Aberria Eginez. 100 años. Laudio"

1931ko udaberrian EAB berrantolatu eta berehala, Bilboko EABko zuzendaritzak Hego Euskal Herriko beste lurraldeetako hiriburuetako emakumeei araudiaren kopia bidali eta euren hirietan elkarteak sortzera gonbidatu zituen. Hedapena gune industrializatuetan hasi zen; horregatik Arabaren kasuan, Laudiokoa, Gasteizekoarekin batera, talderik sendoenak izan ziren, afiliatu kopuru altuenekin. Gasteizko EAB 1931ko urrirako antolatua zegoen, eta Laudiokoa 1932ko urte hasierako. Laudioko EABren sorrerarako lehen urratsak Eskarne Belaustegigoitia Landalucek eman zituen. Berak 1931-12-30ko dataz, sinatu zuen Gobernu zibilean aurkezteko EAB sortzeko eskaria, Laudioko EABren araudiaren bi kopiekin batera. Eskaria 1932-01-13an gauzatu eta handik lasterrera, 1932-02-17an, Laudioko EABko emakumeak batu ziren, aho batez Araudia onartu eta zuzendaritza izendatu zuten. Presidenta Eskarne Belaustegigoitia, orde Susana Urbina Uriarte; idazkari Dionisia Urkijo Etxebarria; diruzain Victoria Urkijo Arana; bokalak Maria F. Urkijo Zalbidegoitia eta Maria Salcedo Salcedo. Aberrigintzarako behar ziren hitzaldiak (Lauaxeta, Antonio Urrutikoetxea, Maria Ortiz de Uribe, Polixene Trabudua, Natividad Uribe…), dantzak, euskara edo euskal kantak irakasteko eskolak antolatu zituzten.

Bilbon 1932an ospatu zen Aberri Egunean euren banderarekin desfilatu zuten Laudioko Emakumeak, eta baita Hegoaldeko Herrien Asanbladan ere. Susana Urbina eta Victoria Urkijo Laudioko gorularien taldeaz arduratu ziren, eta parte hartu zuten, besteak beste, 1934ko Aberri Egunean, Gasteizen. Araba guztiko dantzariekin batera, 640 inguru, parte hartu zuten Gasteizeko EABk, euren urteurrenean antolatutako jaian.

Beste EABko taldeak 1933an sortu ziren. Hedapena gradualki eman arren, 1934-35erako Arabak hamazortzi talde sorturik zituen; Agurain, Aiara Menagarai, Aiara Zuaza, Amurrio, Aramaio, Arraia, Artziniega, Beheko Erribera, Biasteri, Eltziego, Gasteiz, Kanpezu, Laudio, Legutio, Oion, Okendo, Zigoitia eta Zuia (Murgia). Gerra Zibila hasi zenerako, Arabak 1500 kide zituen.

Erakusketaren inaugurazioa apirilaren 12an, 12:30etan, izango da. 


Laburrean

Non