Mallorca, Iruñea eta Hernaniko herri musika taldeen topaketa

Pamplona/Iruña 2024(e)ko Apirilak 20
  • Mallorca, Iruñea eta Hernaniko herri musika taldeen topaketa

XEREMIES

Mallorca, Iruñea eta Hernaniko herri musika taldeen topaketa

Apirilak 20, larunbata - Iruñea
12:00 kalejira hiriko kaleetan barrena
- Es Reguinyol – Xeremiers de Muro
- Txilibita Fanfarrea
- Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Xeremia esaten zaio Mallorcan jotzen den zahagidun gaitari; xeremier gaita joleari. Ohikoa da uhartean flabiol i tamborí jotzailearekin colla edo taldea osatzea (txistularien pare, esku bakarreko flauta eta danbolina jotzen dituztenak).

Es Reguinyol taldea Muro herriko xeremierrek osatzen dute, bi hamarkada daramatzatelarik balear uharteko herri musika landu eta zabaltzen. Herriko eta inguruko festak alaituz, eskola sendoa osatu dute urte horietan, eta tresna hauentzako konposizio sariketak urtero antolatuta, errepertorioa aberasteko lan garrantzitsua egin ere bai. Taldearen 20. urteurrena ospatzera Euskal Herrira etorri nahi izan dute, Hernani eta Iruñeako adiskideekin.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak berriz, 50 urte bete ditu aurten, Iruñetik euskal dantza, musika eta kultura ikertu eta zabaltzeko lan eskerga eginez. Mende erdi horretan, erreferentzia bihurtua da Ortzadar herri kultura lantzen duten euskal erakundeen artean. Horren erakusgarri dira Euskal Herriko Dantzen Atlasa, folklore jardunaldiak, herri kulturari buruzko ikerketen argitalpenak edo, azkenekoa, Nafar haziak dokumentala. Eta noski, Ortzadar dantza taldea eta bertako musikariak: txistulariak, gaiteroak, albokariak nahiz fanfarrea.

Txilibita Fanfarrea Hernani Musika Eskola Publikoan sortu zen 2009an eta 15 urte daramatza, beraz, euskal musika tradizionala lantzen, dantza soinua eta herri kantuak bereziki. Txirula, dultzaina eta akordeoiak bat egiten dute saxofoi, bonbardino eta tankerako instrumentuekin hau bezalako txaranga edo fanfarre herrikoietan, 1970eko hamarkadatik hona euskal dantza taldeen soinu berezia bilakatu direlarik txistulariekin batera. Horren adibide, Santa Barbara diskoa grabatu zuen joan den urtean Txilibita Fanfarreak.

Hiru taldeok bilatu dute elkartzeko parada eta, ohi dutenez, kalera atera nahi izan dute haien musika herritarrekin banatzera. Pere Joan Martorell, Mikel Lasarte eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean, Hernanin eta Iruñean izango dira asteburu honetan.


Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2024(e)ko Apirilak 20
  • Ordutegia11:00
  • LekuaUdaletxe Plaza (Iruña)

    Pamplona/Iruña
  • ZenbatekoaGratis
  • HizkuntzaBat ere ez

Non