"Scala. Resonating Sculpture IX"

Donostia-San Sebastián 2024(e)ko apirilaren 19(e)tik 2024(e)ko irailaren 8(e)ra
  • "Scala. Resonating Sculpture IX"

Reni Hofmüller artista austriarrak, Scala egitasmoaren hamargarren proposamenean, entzuteko modu berri bat esperimentatzeko gonbitea egingo dio publikoari, Tabakalerako eskailera nagusian. Resonating Sculpture IX soinu-instalazioak fusionatzen ditu, batetik, Donostiako ibai-kartografia, ur-hornidurako sarea eta, azkenik, Tabakalera inguruneko espektro elektromagnetikoa. Hofmüller ezaguna da bere ikuspegi feministarengatik eta gizakiaren eta gizatiar ez denaren arteko elkarguneko azpiegiturekiko interesagatik; soinu-artearen pertzepzio konbentzionalei desafio egiten dien lana aurkezten digu.

90eko hamarkadan irrati piratetan izandako lehen esperientzietan oinarrituta, Reni Hofmüller artistak Donostia hiria zuzeneko soinua arakatzeko eszenatoki bilakatu du. Artistak diseinatutako eta eskuz egindako antena baten bidez, hiriko ibai-konexioak jasotzen ditu, Urumeatik Kantauri itsasora bitartekoak, eta gizatiarraren eta gizatiarra ez denaren arteko elkarmenpekotasun konplexua erakusten duen soinu-mapa bat saretzen du.

Honenbestez,  Anna Ramos Radio Web MACBA lineako irrati-proiektuaren koordinatzaileak komisariatutako Resonating Sculpture IX piezak seinale elektromagnetikoen eta inguratzen gaituzten interferentzien bidezko entzuketa erakusten eta proposatzen du, urpeko grabazioez gain. Hiriko hainbat tokitan grabatuta (Urumea ibaia, Zurriola hondartza, Kontxako badia, Kalkutako Teresa plazatxoa…) eta baita zuzeneko seinalearekin ere, instalazioak esperientzia polifoniko bat eskaintzen du, inguruarekin dugun harremanari, azpiegiturei eta ukiezina denari buruz hausnartzeko.

Soinu proposamen berri honekin batera lau esku-hartze egingo dira, eraikinaren lehen solairuan. Horietako bik, planoetan oinarriturik, hiriko edateko uraren eta saneamenduaren sareak erakusten dituzte. Beste biek, antenaren material eroale berarekin eginak, giza DNAren egitura eta lurrak eta eguzkiak galaxian zehar espiralean egiten duten mugimendua islatzen dituzte.

Antena eskailera nagusiko hirugarren solairuan

Soinu-instalazioa osatzen du baita ere artistak diseinatutako antena batek; Donostialdeko ibai-sarearen zirkuituak mapatzen ditu. Antena honek, espazioan egiten diren esku hartze txikiekin batera, murgiltze-giro bat sortzen du, eta horrek gonbitea egiten dio ikusleari ingurunearekin duen erlazioari buruz eta ingurune hori osatzen duten elementu natural eta artifizialekin duen konexioari buruz hausnarketa egiteko.

Kontzertua Tabakalerako eskailera nagusian

Gaur, apirilak 19, arratsaldeko 19:00etan, Reni Hofmüller artistak kontzertu bat eskainiko du eskailera nagusian (3. solairua). Instalazioaren zuzeneko aktibazio honekin, sortzaileak proposatuko du modu kolektiboan hurbileko espazio elektromagnetikoa entzutea. Instalazioak espektro elektromagnetikoa arakatzen du atari dimentsional bat irekitzeko, non meteorologia, geografia, azpiegiturak eta objektuak, gizakiak eta gizakiak ez direnak, erlazionatzen diren. Soinu-esperientzia honek publikoari gonbitea egiten dio ingurunearekiko duen interdependentziari eta konexioari buruzko gogoeta egiteko.

Reni Hofmüller (artista)

Reni Hofmüllerrek artea testuinguru teknologikoetan lantzen du, eta artearen, teknologiaren eta gizartearen arteko harremanak aztertzen ditu. Arterako tresna nagusi gisa soinua landuz ibilbide luzea egin du, eta hainbat egitasmo eta kolektibotan irudi funtsezkoa izan da, bai Radio Helsinki irratian eta bai Graz hiriko “esc medien kunst labor” kolektiboan. Bere obran esanguratsuak dira ikuspegi feminista eta mundu garaikidean gizatiarra dena eta ez denaren arteko elkarreragina arakatzea.

Anna Ramos (komisarioa) 

Radio Web MACBAn egindako lanagatik eta soinu-arte garaikidean duen ikuspegiagatik da ezaguna Anna Ramos. Instalazio hau egiteko garaian lankidetza estuan aritu da, egitasmoari bere esperientzia eta ikuspegi propioa eskainiz. Ramos arduratzen da Radio Web MACBAz, alegia, 2006an sortutako Bartzelonako Arte Garaikideko Museoaren  (MACBAren) sare bidezko irrati-egitasmoaz. RWM lan-taldeko kide sutsua da; Bartzelona lan egiten du, eta han bizi da.

Informazio praktikoa

Izenburua: Resonating Sculpture IX

Datak: Apirilak 19 - irailak 8

Eraikinaren ordutegia

 

 

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko apirilaren 19(e)tik 2024(e)ko irailaren 8(e)ra
  • LekuaTabakalera
    Andre Zigarrogileen plaza, 1
    Donostia-San Sebastián
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Ikusi agenda Tabakalera, Donostia-San Sebastián

Non