Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzagak eta Oiasso Museoko koordinatzaile nagusi Aizpea Goenagak gaur emandako prentsaurreko batean iragarri dutenez, azaroarekin batera, badator hiriko hitzordu klasikoetako bat, izen handikoa: Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa. Prentsaurrekoan, ordezkariak eta Museoko zuzendari eta Zinemaldiaren zuzendariak XXIV. edizioko egitaraua aurkeztu dute.
Hilaren 11tik 16ra bitartean, zinemazale eta arkeologiazaleek programazio berezi bat izango dute aukeran: 30 bat film labur eta luze, Mendibil merkataritza guneko 1. eta 3. zinema aretoetan oraingoan, orain arte Zinemaldiaren egoitza nagusia izan denean (Amaia KZn) lanak egiten ari baitira.
Alzagak nabarmendu duenez, Zinemaldiak gora egiten du urtetik urtera, eta, hari esker, Irun erreferentzia bihurtu da arkeologia munduan. "Hastear da hiriko jaialdirik berezienetako bat: Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa. Berdingabea Estatu osoan, 25 urtekoa ia, balio kultural eta kultural handikoa, eta ikus-entzule leialez gain urtetik urtera zale berriak erakartzen dituena".
Ordezkariak Zinemaldiaren edizio honetaz gozatzera gonbidatu ditu irundar eta bisitari guztiak, egitarauari "kalitatea baitario alde guztietatik". Mundu osoko film hautatuek osatzen dute, eta, haiei esker, "txikiek zein handiek arkeologiarik onenaz gozatuko dute, zinemaren bidez".
Aurreko edizioan bezala, aurten ere, Espainia, Frantzia eta Italiako filmak dira nagusi, hala nola Inperio inka, Neandertala, gizateriaren historiako lehenengo artista eta Sapiens edo artearen sorrera, baina badira askotariko beste herrialde batzuetakoak ere, hala nola Grezia, Brasil eta El Salvadorkoak.
Egitarau osoa
Ohi bezala, bi sailek osatuko dute Zinemaldia: Sail Ofizialak eta Hezkuntza Sailak. Sail Ofizialean, aurten, hamabost bat herrialdetako 30 bat film emango dira, hilaren 11tik bertatik azken egunera arte, egunean bi aldiz, 17:00etan eta 19:00etan, Mendibil merkataritza guneko 1. zinema aretoan. Gainera, 17:00etako emanaldietara joaten direnek mahai inguru batean parte hartu ahalko dute, Xabier Peñalver arkeologo entzutetsuarekin.
Bestalde, Sail Ofizialeko bi saio hilaren 15ean eta 16an izango dira, 11:0etan, Egiptoren eta memoria historikoaren inguruan hurrenez hurren.
Hona hemen Sail Ofizialeko egitarau osoa:
Hezkuntza Saileko filmak goizetan emango dira, hilaren 12tik 14ra arte, 11:00etan, Mendibil merkataritza guneko 3. zinema aretoan. Gainera, ARK-MO programaren esparruan, egun horietan bertan, Toki Alai eta San Vicente de Paul ikastetxeetako ikasleek, Orereta ikastolakoek eta Hiriondo ikastolakoek, Piarres Larzabal kolegiokoek eta Urruñako ikastolakoek arkeologia gaiei eta arkeologiak lurraldeko kultur ondareari egiten dion ekarpenari buruz egindako film laburrak aurkeztuko dituzte.
Azkenik, beste urte batez, urpeko arkeologiarekin zerikusia duten filmak Donostian emango dira, Aquarium museoan: zinema arkeologikoaren gaineko maratoi bat izango da, hilaren 13an, asteazkenarekin, 18:30ean, eta, emanaldiaren ondoren, beste mahai inguru bat egingo da, urpeko arkeologian aditu Ander Arreserekin.
Edizio honetan ere, film guztiak online ikusi ahalko dira, Festhome plataformaren bidez, Zinemaldiak irauten duen astean.
Beste urte batez, AudescMobile aplikazioaren bidez, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat eskuragarri egongo da programako filmetako bat, ONCEk sustatutako doako audio-deskribapen sistema. Edizio honetan "Tartessos. Bi itsasoren arteko erresuma" Javier Truebaren sinadurapean.
Zinemaldiari bukaera emateko, Sherlock Holmes gaztea
Aurten ere, Bizinema ekimenak Zinemaldia girotuko du: photocall tematiko bat jarriko du, eta zinema aretoetako sarrera apainduko du. Era berean, Zinemaldiaren bukaerako galan parte hartuko du, Sherlock Holmes gaztea filmaren emanaldian (Barry Levinson, 1985), larunbatean, hilak 16, 18:30ean, 3. zinema aretoan.
Sarrerak
Zinemaldiaren bukaerako galara joan nahi dutenek gonbidapena beharko dute. Doan eskuratu ahalko da, hilaren 5etik aurrera, turismo bulegoan edo Oiasso Museoaren egoitzan bertan, edo egunean bertan, Mendibil merkataritza guneko zinema aretoetan bertan, eta pertsona bakoitzak bi gonbidapen hartu ahalko ditu gehienez, zenbakitu gabeak.
Gainontzeko emanaldiak (inaugurazioa, astelehenetik ostiralera bitarteko emanaldiak eta ostiral eta larunbat goizekoak) dohainik izango dira, eta interesdunak toki guztiak bete arte sartu ahalko dira.
Epaimahaia eta sariak
Edizio honetan, epaimahaiburua Erromako Historia eta Arkeologia Eskola Espainiarreko zuzendari Antonio Pizzo izango da, eta epaimahaikideak, Itziar Vergara (familia medikua eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifikoa), Mattin Aiestaran (historialaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa eta Irulegiko eskua aurkitu zuen lantaldearen arduradura), Vanesa Fernández (EITBko Kultura eta Euskarako zuzendaria) eta Mertxe Urteaga (Arkeologian doktorea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko kidea).
Joan den maiatzean iragarri zenez, aurten, betiko lau sariez gain, EITB saria banatuko da, 1.000 eurokoa, parte hartzen duten filmetan generoaren araberako ikuskera sustatzeko: emakumeak historian, arkeologia munduan eta zineman egindako ekarpena hobekien agertzen duen filmak irabaziko du.
Hona hemen aurtengo sarien zerrenda: