Principal Antzokiak udako bere denboraldi bereziena aurkeztu du; izan ere, horren ondoren, ateak itxiko ditu berritze-lanei ekiteko. 1918an sortutako eraikin honek behin-behinekoz agur esango du irisgarriagoa, modernoagoa eta seguruagoa den, baina egungo estetika mantenduko duen instalazio gisa itzultzeko.
"Uda-denboraldirako prestatu dugun programazioak umorea, era guztietako musika, antzerkia eta askoz ere gehiago biltzen ditu, baina guztia bikaintasun artistikoaren premisatik abiatuta", azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Hala, ekainaren 27tik abuztuaren 9ra bitarte 24 saiotan eskainiko dituzten 10 lan oso ezberdin prestatu dituzte. Proposamen horietako batzuk dira El tiempo entre costurasen eskutik iritsiko den musikala (ekainak 27-30) eta Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdiaren 47. edizioko ‘Jazz en el teatro’ zikloari esker uztailaren 15etik 20ra bitarte iritsiko den jazz musika, adibidez.
Musika klasikoa maite dutenentzat, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) uztailaren 22an Txaikovskiren, Musorgskiren eta Ravelen programa proposatuko du. Gainera, bertan izango da Seohyun Kim biolin-jotzaile korear gaztea.