Tabakalerak sorkuntzari ematen dion babesa indartuko du nazioarteko aliantzen bidez

  • Tabakalerak sorkuntzari ematen dion babesa indartuko du nazioarteko aliantzen bidez

Sorkuntza babesteko zentro gisa duen misioaren ildotik, eta nazioartean erreferente kultural eta artistiko gisa duen posizioa zabaltzeko asmoz, Tabakalerak sortzaileei baliabideak eta espazioak ematera bideratuko ditu bere ahaleginak 2024an, kulturaren arloko profesionalei zuzendutako 30 programa baino gehiago abiarazita.

Euskal testuinguru artistikotik harantz -bertan sorkuntza babesteko erreferentziazko gunea da Tabakalera- azken hiru urteetan garatzen ari den lan-ildoan, hau da, artea, zientzia, teknologia eta gizartea arloan Europan duen posizioa egonkortu du zentroak. Alemaniako gobernuak iaz emandako laguntzaren ondoren, Tabakalerak, Basileako (Suitza) Hek Museoarekin eta Bangaloreko (India) MAP Museoarekin batera, 120.000 euroko dirulaguntza jaso du aurten Suitzako Gobernuaren aldetik, XRri (errealitate areagotua) buruzko proiektu bat egiteko. Proiektuak bi urteko iraupena izango du eta hiru erakunde kulturalen artean egonaldi artistikoen hiru deialdi bultzatzeko balioko du; 2024an zehar hainbat prototipo garatuko dira egonaldi horietan, eta 2025ean aurkeztuko dira.

Deialdiak: Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea (AZTG)

Artearen, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko elkargunearekin Tabakalerak hartua duen konpromisoa egonaldi-programetan gauzatzen da. Hala, artearen eta aurrerapen teknologikoen arteko loturak aztertuko dituzten diziplina arteko proiektuak babestea da lan-ildo honen helburua. EHUko Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboko Unibertsitate Masterrarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 2024an bost proiektu artistiko, komisariotzakoak edo ikerketakoak hautatu dira; proiektuen sortzaileek sei asteko egonaldia egingo dute Tabakaleran, apirila eta maiatza bitartean, eta horiek gauzatzeko behar den ezagutza teknikoa ere izango dute, enpresa zientifiko edo teknologikoen eskutik.

Bestalde, maiatzean, laugarren Immaterial deialdia irekiko da. Proiektu honen helburua da pieza artistiko digitalen garapena eta arlo digitalean eduki eta formatu berriak sortzen dihardutenen lana bultzatzea, haiei babesa eskaintzeko 3D sorkuntzan, arte digitalean, arte birtualean, eta errealitate birtual eta areagotuan, baita beste formatu hibrido batzuei leku egitea ere (esperientzia murgiltzaileak, aplikazioak, bideojoko kritikoak, artistikoak, interakzioa...) betiere helburu artistiko batekin. Hiru proiektuen egonaldia urrunetik egingo da, eta lau eta zortzi aste bitartean iraungo du.

Bestetik, apiriletik aurrera, ikerketa artistiko gurutzatua egiteko Racor egonaldiak, Hangarrekin eta CCCBrekin (Bartzelona) lankidetzan, sorkuntzaren diziplina guztietako artistak bilatuko ditu testuinguru teknologikoarekin eta zientifikoarekin elkarrizketak ezartzen dituzten proiektuetarako. Egonaldiak bi hilabete eta erdi iraungo du, Bartzelona eta Donostia artean, eta mundu osoko artistentzat egongo da zabalik.


  • DataMartxoak 25
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua