"Olagarrua", hiru aktore erruak astindu nahian

  • "Olagarrua", hiru aktore erruak astindu nahian

Olagarrua antzezlana sortu dute Olatz Beobidek, Nerea Arriolak eta Maitane Perezek, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin eta arte eszenikoen produkziorako Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin. Errua ardatz hartuta, haren inguruan hausnartzea eta hari pisua kentzea helburu duen komedia da. Otsailean estreinatu zuten, Zumaian. Harrezkero, hainbat herritan izan dira, eta, datozen hilabeteei begira ere, hamaika hitzordu dituzte. Erroez, erruez eta beste hainbat gauzaz hitz egin dugu beraiekin.

Argazkiak eta teaserra: Iurre Aranburu.


"Olagarroa" "Olagarrua" bihurtu duzue, eta, beraz, "erroak" "erruak" dira orain. Nola sortu zitzaizuen antzezlan hau egiteko ideia? Zer eragin izan zuen Udalbiltzaren sorkuntza-beka irabazteak?

Antzezlanaren sorkuntza Zumaian kokatzeak baldintzatu du olagarru/erru asuntoa. Jendearekin berriketan ari ginela, jakin genuen beraiek olagarroen erro edo tentakuluei "errua" deitzen dietela. Eta horrela bat egin genuen gure lanean hain garrantzitsua bihurtu den olagarruarekin. Erruz betetako errugabearekin. Olagarruek hiru bihotz dituzte, eta, gure kasuan ere, hiru bihotz gara oholtza bakarrean.

Ideia erruaz hitz egiteko gogotik sortu zen. Erruak, euskal erruak... Eta hamaika buelta eman ondoren, lortu dugu, Amancay Gaztañagaren eta Iraia Eliasen kanpo-begiradaren laguntza handiarekin eta Maialen Diez Urrizak dramaturgian egindako lanketa itzelarekin, obra gauzatzea.

Udalbiltzaren beka izan da lan honen hazia eta hegoak. Hazia, beka horri esker inbertitu dugulako beharrezkoa zen denbora sorkuntza gauzatzeko, eta profesionalez hornitutako lanketa egin ahal izan dugu arlo guztietan: kanpo-begiradan eta dramaturgian, jantzietan, eszenografian, argietan, soinuan, musikan eta ekoizpenean. Eta hegoak, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programak hasieratik eman zigulako hamazazpi emanaldirekin hegan egiteko aukera. Zortedunak gara hainbat eragilek eta kudeatzailek honelako programa bat sortu dutelako. Oso ondo ezagutzen dituzte euskal sortzaileen benetako beharrak. Eta, jakina, ezin dugu ahaztu antzezlanak sortzeko Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzetara aurkeztutako ekoizpenen artean gure lana hautatu izanak ere ekoizpenean azken bultzadatxoa ematen lagundu duela. 


Errua oso kontzeptu zabala –eta serioa– da. Ez zen erraza izango kontzeptu hori inguratzen duen guztiari antzezlan-forma ematea. Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Errua oso kontzeptu zabala da, bai. Horregatik, hasieratik zentratze bat behar genuelako, euskal identitateari lotutako erruetan zentratzea erabaki genuen. Noski, hori oso modu unibertsalean tratatu nahi izan dugu, errua azken finean guztiona den sentimendu edo kontzeptu bat delako. Horrela, aktibo asko agertu zaizkigu bidean, hala nola, familia, koadrila edo gure testuinguruan gertatzen diren egoera sozial ezberdinak. Eta euskaldunak garen heinean, gure errealitateak hor agertu behar zuen.

Horri guztiari forma ematea ez da erraza izan. Hasieran, hausnarketa batean murgildu ginen, bai gure ideiekin, bai material literario ezberdinekin, bai Zumaian egindako jardueretatik jasotako ideia eta testigantzekin, inprobisazioaren bidez, material eszenikoa sortzeko bidean. Ondoren, Amancay Gaztañagaren eta Iraia Eliasen laguntzarekin, eta Maialen Diaz Urrizarekin batera, material haiei guztiei forma ematen joan ginen, obraren estruktura lortu arte.

Oso argi genuen, gainera, gure helburua erruari pisua kentzea zela, arintzea, askatzea. Umorea erabili nahi genuen eta erabiltzen dugu, eta horrek gakoak eman dizkigu prozesu osoan zehar.


Hasieran aipatu duzue olagarruek hiru bihotz dituztela eta, zuen kasuan ere, hiru bihotz aldi berean ari direla taupaka oholtzan. Nor dira Maitane, Nerea eta Olatz? Zuen izen bera daukate, baina zuek zarete? Zelakoak dira?

Gure izen bera daukate, baina bidaia hau egiten duten hiru aktore/sortzaile dira. Geure ezaugarri batzuk dituzte, baina beraiek dira beraien kualitate propioekin. Olatzek, erruak hartzen duen pisu handi horretaz nazkatuta, erruak txikitu eta desagerrarazi nahi ditu. Nereak erruak koloreztatu eta fantasia lagun nahi ditu gainditu. Eta Maitane zalantzan dabil; momentu batean, erruez gainezka, errua kendu nahi eta ezinean ere ibiliko da.


Kontalari bat ere badago. Gaiaren ertz ugariak lotzen dituen hari bat dago? Zer kontatzen du, zehazki, antzezlanak? Non eta noiz gertatzen da istorioa?

Kontalaria Klara Badiola dugu, eta legenda eder hori, beste hainbat pasarte esanguratsu bezala, Maialenek idatzia da. Antzezlanaren hasieran dugu legenda, baita amaieran ere. Baina bi kontakizun ezberdin dira. Hasieran, herritarrek itsasora botatzen dituzte beraien "erruak", eta, olagarruak irensten dituenez, egun batean, gainezka egin eta tinta beltzez betetzen du herria. Amaieran, antzezlanean egindako lanketari esker edo, legenda aldatu egingo da. Ñabardurez gozatzeko, obra ikustera gonbidatzen zaituztegu. Zorionez, baditugu hainbat emanaldi han-hemenka, Euskal Herri osoan zehar.


Beraz, bisitatzen duten herri bakoitzeko bizilagunei errua gainetik kentzen laguntzea da hiru aktoreen helburua. Baina errua ez ote da oraindik pisutsuegia gure gizartean zama hori behin betiko atzean uzteko?

Bada, hortxe dago koska. Antzerkiak ezin du mirakulurik egin, ezta ere gizarteak hain barneratua duen emozio boteretsu hori emanaldi bakar batean ikusezin bihurtu. Baina jada 6 herritan eman dugu obra, eta paisaia argixeago utzi dugula esan nahiko nuke.


Zer-nolakoa izan da publikoaren harrera herri horietan?

Egia esan, oso pozik gaude. Zumaian, Beran, Uharten, Munitibarren, Berriatuan eta Usurbilen egon gara jada. Punta batetik bestera gabiltza, eta denetan jendea oso adi, interes handiarekin eta barrezka aritzen da.

Txaloak ere jaso izan ditugu antzezlanaren hainbat unetan. Oso pozik gaude, Olagarruak ibilbide polita izango duela ematen baitu.


Zuen ustez, zein dira ikusleen barrenean zerbait mugiarazteko lan honen gakoak? Emanaldiz emanaldi aldatzen ari al da, nolabait, ikuskizuna? Eta zuek, sortzaile eta aktore gisa?

Ikusleek beraiek erantzun beharko lukete hori. Ez dugu uste arteak, antzerkiak, erantzun bakar eta zuzenak ematen dituenik, baina sentsazioak, emozioak eta galderak bizitzera eramaten bazaitu, ez da gutxi.

Antzezleon kasuan, emanaldiak jarraian direnean bereziki, lortzen da geuk ere antzezlanean gero eta askeago eta, era berean, sakonago nabigatzea. Urrea da hori aktoreentzat; izan ere, emanaldi bakoitzean, espazio, publiko, gune/une berri horrekin, bizipena ezaguna eta berria da aldi berean.


Ziurrenik, antzerkia genero moduan eta antzezlan honen gai nagusia ulertzeko eta bizitzeko modu ezberdinak izango dituzue hirurok. Prozesu honetan guztian zehar zer ikasi duzue, olagarroen anatomiaz harago?

Hiru pertsona ezberdin gara, eta bai prozesua eta bai emanaldiak bizitzeko gure moduak ere ezberdinak izan dira. Horrek aberastasun handia eman dio sorkuntzari. Asko ikasi dugu batzuk besteengandik eta obra oso plural bat egitea lortu dugu. Lehenengo aldia izan da hirurok batera lan egin duguna, eta horrelako prozesuetan beti asko ikasten da. Orain, antzeztokiz antzeztoki gabiltza, eta taldea gero eta kohesionatuago dago. Ederra izaten ari da bidaia.