"Ganbaratik"

  • "Ganbaratik"

Argizulo Dub Station Zestoako ekoiztetxe independenteak eta Beñaranks abeslari donostiarrak Ganbaratik diskoa kaleratu dute. Euskara hutsean grabatutako diskoa da, eta 70 eta 80 hamarkadetako musika jamaikarra teknika berriekin nahastu dute.

Argizulo Dub Station-ek eta Beñaranks-ek 2017ko abenduan egin zuten topo, eta, bi urtetan zehar gauzatutako freestyle eta estudioko hainbat saioren ondoren, proiektua fisiko bihurtzea erabaki zuten. Ganbaratik diskoan 8 abesti eta haietako 4ren Dub bertsioak daude, Roots, Rub-a-dub eta Dub soinuak uztartuz, 70-80 hamarkadetako musika jamaikarrean inspiratuz baina teknika berriekin. Hitzek, euskara hutsez, hainbat gai jorratzen dituzte, pertsonalenetatik ("Banabil" abestia) unibertsalenetara ("Hau ez da gelditzen"), sakonenetatik ("Begira") arinenetara ("Maite maite"). Kolaborazioei dagokienez, Oihane (Beñaranks-en arreba) eta Eira ditugu mikrofonoan, eta Rude Kanka melodikan.

Erritmoak Argizuloko ganbaran ekoitziak izan dira, grabaketa eta nahasketa ere bertan gauzatu dira. Hortik izenburua. Antxon Sagarduik masterizatu du Crudo Bilbao estudioan, eta azalean Ongi Etorri Oihanera, Iker Landa eta Leyla Quintana diseinatzaile eta ilustratzaileen lanak aurki ditzakegu. 

Diskoa Youtube, Bandcamp, Spotify eta bestelako plataformetan dago entzungai. Gainera, Bandcamp-en bai CDa erosteko, bai doan deskargatzeko aukera dago. Ahal duten bezain pronto, Eira abeslaria eta Rude Kanka melodika jotzailearekin batera zuzenekoak emateko prest daude.

Abestiak

1. Bagatoz (Tenor Saw Tributoa) (03:48)
2. Banabil (Beñarandarrak) (03:50)
3. Hau Ez Da Gelditzen (06:07)
4. Maite Maite (03:50)
5. Badet (03:45) -bideoklipa-
6. Aberatsa Edo Txiroa (04:29)
7. Zureaz Kezkatu (+ Ranking Beña Bertsioa) (04:53)
8. Begira (Eira eta Rude Kankarekin) (04:53)
9. Bagatoz Dub (03:48)
10. Altza Atxurra Dub (06:12)
11. Sahara Aske Dub (05:17)
12. Begira Dub (04:53)

Egileen inguruan

Argizulo Dub Station duela 10 urte hasi zela esan daiteke. Mikel Aveiro eta Ladis Rivas 12 Tribu taldeko partaideak ziren garai hartan. Reggae taldean jotzea nahikoa ez, eta estudio propioa muntatzea pentsatu zuten, Zestoako Argizulo eraikineko ganbaran. Proiektu honek bi musikazale elkartu ditu, baina musikak bezain beste elkartu ditu laguntasunak. Bertako eta atzerriko abeslariekin egin dute lan, bai estudioan (musika sortuz eta grabatuz), bai zuzenean (Dub nahasketak txalapartarekin eta ahotsekin konbinatuz).

Beñaranks Donostiako Reggae eta Rap abeslaria da, 2010 inguruan hasi zuen ibilaldia Pingabwoys Reggae/Rap taldean, eta talde hura desagertu ondoren, 2016an hasi zuen bakarkako ibilbidea. Handik aurrera, Euskal Herriko sound system jaialdietan, Rap kontzertuetan, tabernetan, gaztetxeetan, bakarka, hainbat selektorek edota musikarik lagunduta eta kide den elkartea Bassque Reggae Kultur-ekin batera Reggae eta Rap musika jartzen eta kantatzen ibili da. 2017an Top Ranking Showcase EPa kaleratu zuen, George Palmer-ek ekoitzia, eta bidetik hainbat abesti solte eta kolaborazio ere bota ditu.

Disko osoa hemen entzungai: 

 

Beñaranks

Laburrean

  • Egileak Argizulo Ta Beñaranks
  • Zenbatekoa6,00 €
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2020
  • LizentziaCreative Commons by-nc-sa
Euskadi, auzolana