Musée Basque (Baionako Euskal Museoa)

  • Twitter-ren partekatzea
  • Facebook-en partekatzea
  • Musée Basque (Baionako Euskal Museoa)

Baionako Euskal Museoaren lemak tonua ematen du. Bisitariak badaki ongi etorria dela Frantziako Museo horretan. Hemen, Euskal Herriari eskaini bilduma etnografiko paregabekoaz gain, aldi bateko erakusketak, bisita egokituak, publiko guziei zuzendu jarduerak eta jarduera kulturalak eskaintzen dira. Ideien eta ikuspegien trukatzeko, jakintzaren eta ikerketaren laguntzeko, jarduera kulturalaren eta biziaren sustatzeko xedea izanik, museoak, sortu zenetik, bere lema abegitsuari ohore egiten dio.

Baionako alde zaharraren bihotzean kokaturik, 3 000 m²-ko erakusketa eremuan, gehienak 20. mendearen hastapenean bilduak izan diren gauzak eta arte obrak aurkeztuak dira. Horiek euskal jendartearen ibilmoldeari buruzko lekukotasunak eskaintzen dituzte. Baionako historia ere aipatua da, itsasoko eta ibaiko portu gisa, bai eta euskal, gaskoi eta judu kulturen elkargune gisa.

Museoa 1924an ireki zen, Dagourette etxean. Hau Baionako merkatari baten etxe ohia da. Eraikin hori 17. mendean eraiki zen, Errobi bazterrean, eta hiriko eraikin zaharrenetarik da. Portuko merkataritzari eta burgesiari lotu etxebizitzen adibide bakanetarik da. 1991n, monumentu historiko gisa sailkatu zuten. Ederki zaharberritua izan da eta, 2001az geroz, osoki berritua izan den museografia bat eskaintzen du, hiru estaitan barna. Etnografia saila portuko biltegietan sartu da; arte et historia saila etxeko estaietan dago.

20 gela tematikotan banatu bisita ibilbidea argialdearen inguruan antolatzen da. Argialdea kanpoko argia sartzera uzten duen muntadura handia da. Museoan, agerian eman 2 000 objektu eta margolan inguruk euskal kulturaren alderdi desberdinak irudikatzen dituzte: kanpainako eta etxeko bizia, ehorzketa errituak, eskulangintza, itsasoko eta ibaiko jarduerak, bestak eta jokoak, eskualdeko historia… Gela batean, Baionako portua 1805ean erakusten duen planoa bada, erliebean egina. Hiri historikoaren ezagutzeko gakoak eskaintzen ditu. Preseski, museoko azken estaiko leihoetatik hiriko alde zaharreko teilatuak ageri dira.

Non

Euskadi, auzolana