Bilboko "Film Sozialak" Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia 2021

Bilbao 2021(e)ko urriaren 14(e)tik 2021(e)ko urriaren 21(e)ra
  • Bilboko "Film Sozialak" Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia 2021

Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEk bultzatu du jaialdia, eta urriaren 14tik 21era bitarte egingo da, Bilboko Golem Alhóndiga aretoetan. Dena den, aldez aurreko emanaldiak eta emanaldi paraleloak ere egingo dira beste egoitza batzuetan.

Herrixka globalean, COVID-19ak gogora ekarri digu zein ahulak eta elkarren mendekoak garen. Esparru publikoaren laguntzarik gabe eta nazioarteko lankidetza zientifikorik gabe, askoz okerragoa izan zitekeen. Hala ere, txertoak lortzeko lasterketan eta beste kontu batzuetan, gizakiaren diruzalekeria eta zentzugabekeria noraino irits daitezkeen ere ikusi dugu.

Arazo handi horrek lehendik zeuden beste batzuk areagotu ditu: genero-indarkeriak, migrazioak, hondamen-seinaleak behin eta berriz bidaltzen dizkigun klima-aldaketa edota etenik ez duten gerra eta gatazka amaigabeak... Baina zergatik jarraitzen dugu etsaitasun-politikak egiten, hain kaltegarriak zaizkigun arazoetarako irtenbidea bilatu ordez? Zergatik ez dira inbertsio handiagoak egiten lankidetzan eta jasangarritasunean? Batzuek milioi askotako lasterketa espazialetan jolasten lurreko gaiei ekiten baino neurri handiagoan gozatzen dutelako edo, besterik gabe, besteen gainean duten boterea sentitu behar dutelako ote?

Dena dela, denek ez dute horrela jokatzen. Talde eta pertsona batzuk beti daude prest eredu positiboak sustatzeko, genero-ekitatean, gizartean, politikan, ingurumenean, ekonomian, bizikidetzan, justizia sozialean, kulturartekotasunean eta ingurumenarekiko errespetuan. Kausa horiei agerikotasuna emateko eta haien helburuak lortzeko, ezinbestekoa da iritzi publikora iristea eta gizarte-aldaketaren aldeko lobby politikoa egitea. Hori guztia “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren lanaren parte da, eta horixe egingo dugu aurtengo jaialdian aurkeztuko diren filmen emanaldien bidez. Gainera, film horiek ez ezik, Euskadiko batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek jaialdirako egindako obrak ere izango ditugu ikusgai.

Zinema Ikusezinak 13 urte daramatza genero-berdintasunaren aldeko ekintza positiboak egiten. Ez geratu jaialdi honetara joan gabe, munduko jaialdi paritario bakanetako bat baita. 81 filmetatik, 42 emakumeek produzitu edo koproduzitu dituzte.

J. Carlos Vázquez Velasco
Zuzendaria

kcd-ongd.org

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana