BILBOKO UDAL MUSIKA BANDA: "Etorkizun hurbila"

Bilbao 2022(e)ko Urtarrilak 23
  • BILBOKO UDAL MUSIKA BANDA: "Etorkizun hurbila"

Bilboko Udal Musika Banda Euskalduna Jauregira itzuliko da igande honetan estreinaldi handi batekin. Bilboko taldeak, José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean, jazz laukote zoragarri batekin batera joko du, Ernesto Aurignac saxofoi jotzaile handienetako bat buru duela.

Malagako artista egungo musika-panoraman ospe handiena duen jazz-musikarietako bat da. Hori dela eta, oso hitzordu berezia izango da, Bilboko Musika Bandak ekoizpen berri bat interpretatuko baitu, Aurignacek berak jazz eta banda laukoterako idatzi duena, “The Music of the Future”.

Bilboko taldea osatzen duten berrogei kide baino gehiagok obra hau estreinatzeko ohorea izango dute, jazz laukotea osatzen duten gainerako musikariekin batera: Moises P. Sánchez pianista, Toño Miguel kontrabaxua eta Ramón Prats bateria.

Ikuskizuna eguerdiko 12:00etan hasiko da eta, ohi bezala, sarrerak Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke. 5 euroko prezioa dute publiko orokorrarentzat eta 4 eurokoa 65 urtetik gorakoentzat, pentsiodunentzat, erretiratuentzat eta Gazte Txartela dutenentzat, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro).

Era berean, gogoratu behar da, egungo osasun-egoera dela eta, baldintza hauek bete beharko dira Euskalduna Jauregko ikuskizunetara sartzeko:

  • 12 urtetik gorako pertsonei Covid pasaportea eta NANa eskatuko zaizkie.
  • Covid pasaportea ez badute, bi agiri ofizial hauetako bat aurkeztu ahal izango dute: errekuperazio-ziurtagiria (PCR positiboaren ondorengo 11 egunetik 180 egunera bitarteko epean gaixotasuna igaro badu, 6 hilabeteko baliozkotasuna) edo proba negatiboaren ziurtagiria, 48 ordu lehenago antigenoen probari dagokionez eta 72 ordu lehenago PCR probari dagokionez.
  • Nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea bertaratzen diren guztientzat, 3 urtetik gorako umeak barne. Musuko higieniko, kirurgiko edo FFP2 homologatuekin sartu beharko dute.
  • Ziurtagirien kontrolaren ondorioz sortuko den ikus-entzuleen fluxua dela eta aretora arinago sartzeko behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Euskalduna Jauregiko kontzertu-zikloak otsailaren 6an jarraituko du, "Hurbilekoak urrutitik" programarekin. Okasio honetan, Jon Malaxetxebarria zuzendari gernikarrak zuzenduko du Bilboko taldea. Charles Ives, Robert Russell Bennett, Luis Serrano Alarcón, Percy Aldridge Grainger edo Boris Kozhevnikoven obrak interpretatuko dituzte.

bilbao.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana