Double Murder izenburupean, Hofesh Shechter koreografo ospetsuak programa bikoitz berri eta hunkigarria aurkeztuko du Arriaga antzokian. 2019an gure antzokiko publikoa biziki hunkitu zuen Grand Finale lanarekin.
Oraingoan, Double Murder ikuskizunean, gure garairako pentsatutako bi pieza arras ezberdin taularatuko ditu. Ikuskizunaren erdia Clowns pieza da, indarkeriaren aurrean dugun gero eta axolagabekeria handiagoari egindako begirada sarkastikoa. Jatorrian Nederlands Dans Theater 1 konpainiarentzat sortutako lana da, eta ondoren BBCk emititutako film arrakastatsua egin zuten. Hilketak eta grinak kontatzen dituen komedia makabroa da Clowns, koreografia bihurtutako anarkia-zurrunbiloa, eta entretenimenduaren izenean noraino iristeko prest gauden itauntzen du.
Clowns piezaren energia pozoitsu eta hiltzailearen aurkako antidotoa da The Fix, Shechterren sorkuntza-lan berria. Energia samur eta hauskorra ekarriko du agertokira. Egunero presio egiten diguten eraso-indarrak eta bortizkeria orekatzeko une gordin eta errukiorra eskaintzen du. Kanpoko bizitzako zaratatik babesteko ezkutua, eta antzezleei hauskor izateko eta giza ezaugarri gorenak erakusteko aukera ematen dien lekua. Indarkeria, samurtasuna eta itxaropena agerian geratuko dira mingarriki ederra den Shechterren begirada zinematografikoaren bidez.
Double Murder ikuskizunak egia mingarriei heltzen die, eta gure emoziorik sakonenak ukitzen ditu, dantzari berdingabeen eskutik eta Hofesh Shechterrek berak konposatutako partituraren doinu epikoen laguntzarekin.
Hofesh Shechter gaur egungo koreograforik zirraragarrienetako bat da, eta bere dantza-mugimenduaren fisika paregabea goratzen duten musika-partitura atmosferikoak sortzen ditu. Brighton Dome-n egoitza duen Hofesh Shechter Company konpainiako zuzendari artistikoa da, eta koreografo-lanak egiten ditu hainbat antzerki-ekoizpenetan, hala nola Londreseko Royal Court Theatre antzokian, New Yorkeko Metropolitan Operan eta Broadwayn. Azken horretan Tony sarietarako izendatu zuten Fiddler on the Roof (Biolinista teilatuan) ikuskizunagatik.
Ikuskizuna komisionatu dutenak: Sadler's Wells, Théâtre de la Ville Paris, Brighton Dome & Brighton Festival, Les Théâtres de la Ville de Luxembourg. Komisionatze-laguntzaileak: Shanghai International Dance Center Theater (SIDCT), Hong Kong – New Vision Arts Festival, National Performing Arts Center, Taiwan R.O.C. – National Taichung Theater, Festival d’Avignon, Danse Danse Montréal, Scène Nationale d’Albi, Torinodanza Festival / Teatro Stabile di Torino – Teatro Nazionale, Marche Teatro / Inteatro Festival, Dijongo Opera eta HOME Manchester. Ikuskizunaren zati bat Banff Centre for Arts and Creativity zentroan garatu da.
Doble Murder ikuskizunak International Music and Art Foundation erakundearen babesa du.
The Hofesh Shechter Company taldeak BNP Paribas Foundation erakundearen laguntza jasotzen du proiektuak aurrera eramateko, eta Arts Council England erakundearen bidez funts publikoen laguntza ere badu.