Durangoko Azokako online denda martxan jarriko da bihar, 990 nobedade kulturzaleen eskura jarriz

  • Durangoko Azokako online denda martxan jarriko da bihar, 990 nobedade kulturzaleen eskura jarriz
  • Durangoko Azokako online denda martxan jarriko da bihar, 990 nobedade kulturzaleen eskura jarriz

  • DataAbenduak 2
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura

Durangoko Azokako leiho digitala bihar irekiko da. Landako Gunean muntaketa-lanek jarraitzen dute abenduaren 4an aurrez aurreko Azokari hasiera emateko.

 Landako Guneko eta Plateruenako txanda batzuk bete dira dagoeneko. Bisitariei arduraz jokatzeko deia egin dute Azokako antolatzaileek, Azoka barruan eta baita kanpoan ere.

Kulturzaleek 990 nobedade eskuratu ahal izango dituzte bihartik aurrera Durangoko Azokako online dendan. Goizean jarriko da martxan Azokako denda digitala, www.durangokoazoka.eus webgunean, eta bertan Landakon salgai egongo diren produktu guztiak eskuratu ahal izango dira, abenduaren 7ra arte: liburuak, diskoak, papergintza, ikus-entzunezkoak... Online dendako bidalketak aurrez aurreko Azoka amaitzerakoan egingo dira, hots, abenduaren 9tik aurrera.

Bihar online denda martxan jartzen den bitartean, Landako Gunean muntaketa-lanek jarraituko dute, abenduaren 4an aurrez aurreko Azokari hasiera emateko. Azoka presentziala abenduaren 4tik 8ra antolatuko da, eta osasun-neurri guztietara egokituko da. Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea erreserba-sistema baten bidez, www.durangokoazoka.eus webgunean. Bisitariek ordu eta erdiko txanda izango dute Landako Gunean bisita egiteko, eta egunero bost txanda ezberdin sortuko dira, 1200 bisitarietakoak. Egun bakoitzean, beraz, gehienez 6000 bisita izango ditugu Landakon.

Dagoeneko hainbat txanda bete dira jada eta hainbat kontzertuetako sarrerak ere agortu dira: Anari, Bulego, Skakeitan, McOnak, Iheskide... Gainontzeko guneetarako (Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea Literatura, Saguganbara eta Talaia) ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die kulturzaleei Landako Guneko eta Ahotseneako txandetan izena ematera, eta Azokara datozenean, arduraz jokatzeko Azoka barruan eta Azoka kanpoan ere.

Horrez gain, bihar DA! PRO egitasmoaren egitarauak aurrera jarraituko du. 12:00etan Zugaza Zineman "Literaturatik Zinemara: zer behar du literatur lan batek ikus-entzunezko bihurtzeko?" mahainguru-topaketa antolatuko da. Bertako parte-hartzaileak honakoak izango dira: Unai Elorriaga idazlea, Aizpea Goenaga zine-zuzendaria, Joanes Urkixo gidoilaria eta Ander Barinaga Rementeria ekoizlea, Amaia Nerekanek gidatuta.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana