"Antzezmetraia" eta "Espazioa" diziplina arteko proiektuak garatuko dira TopAraba egitasmoaren bigarren edizioan


  • DataMaiatzak 26
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren urtez antolatu dute TopAraba, euskarazko kultura sormena sustatzeko egitasmoa. Beñat Fontaneda,  Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabalen Antzezmetraia eta  Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen Espazioa diziplina arteko lanak izango dira  datozen hilabeetan garatuko direnak. 7.500€ banatuko dira bi proiektuak  laguntzeko: Antzezmetraia proiektuarentzat 4.500€ eta Espazioarentzat, berriz,  3.000 €. Hamabi hilabeteko epea izango dute beren egitasmoak osatzeko.  

  • Ainhoa Imaz (Antzezmetraia): “Antzezmetraia proiektuak sortzeko eta  esperimentatzeko aukera infinituak eskaintzen ditu. Kasu honetan film bat sortzeko  prozesuan gabiltza lanean, baina metodologia honek edozein disziplinarekin jolasteko  eta beste batzuekin nahasteko aukera ematen du. Sortzeko tresna berri bat lortu nahi  dugu. Kulturaren munduan profesionalki lan egiten dugun talde gisa, emaitza bai,  baina bidea nolakoa izango den ikusteko irrikan gaude”. 
  • Eneko Etxebarrieta (Espazioa): “Espazioa haurrei zuzendutako obra eszenikoa da, eta  belaunaldi berriei gure Lur planetak gaur egun aurre egin behar dien egoera  konplexuak ulertzen eta gainditzen lagunduko dieten hausnarketak eta tresna  interesgarriak eskaintzea du helburu obra honek”. 
  • Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxea): Arabako sortzaile euskaldunak batzea  eta elkarrekin lanean jartzea zen TopAraba egitasmoaren helburu nagusia.  Aukeratutako bi proiektuek oso ondo jasoko eta islatuko dute deialdiaren nahia

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren  urtez jarri dute martxan TopAraba egitasmoa: kultura diziplina ezberdinetako  norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura  sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan  ditu helburu.  

Egitasmoak abiapuntua otsailaren 12an burutu zen topaketan izan zuen. Kultiba enpresak dinamizatu zuen topaketan, diziplina ezberdinen arteko egitasmoak  garatzeko behar diren osagarriak landu ziren, eta sortzaile anitzen arteko saretzea  sustatu zen. Saretze horretatik sortu dira bi talde eta hauek aurkeztutako proiektu  irabazleak. 

Alde batetik, Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de  Mendizabalen Antzezmetraia lana izan da aukeratuetako bat.  

Antzezmetraia. Taula gaineko sorkuntzatik, filmerainoko metodoa 

Antzezmetraia diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lan bat  sortzeko proiektu kolektiboa da. Proiektu pilotu gisa -eta esperimentazioaren bitartez-,

ikus-entzunezko lanak sortuko dituzte lauren artean, zinema eta antzerkiaren  lengoaien arteko fusioaren emaitza izango direnak. Horrez gain, prozesu eta  metodologiaren aplikazioa erakusten duen making-of bat grabatuko dute. Partaide  bakoitza esparru eta berezitasun batetik datorrenez, ekarpenak eta lan egiteko erak  anitzak izango dira. Beñat Fontaneda, zinema zuzendaritzan, gidoilaritzan eta edizioan; Aitor Vinagret antzerkian antzezle sortzaile eta zuzendari; Josune Velez de Mendizabal  antzerkian ekoizle eta sortzaile/antzezle eta Ainhoa Imaz komunikazioan eta kultur  kudeaketan gidari. 

Bestetik, Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen diziplina arteko Espazioa lana izango da datozen hilabeteetan garatuko den bigarren egitasmoa.  

Espazioa. Bidaia bat gure baitan 

Espazioa Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako obra eszeniko bat da, non antzerkiak  zinemak, magiak eta musikak topo egiten duten. Lan honetako protagonista  astronauta bat da, espazio-ontzia Lurraren parean aparkatuta duena. Bertatik, gure  planetak gaur egun dituen konplexutasunei aurre egiteko gizabanako eta gizarte gisa  ditugun alternatibei buruzko hausnarketa egiten du; horretarako, konexio ezberdinak  sortuko ditu adiskide eta hain adiskide ez diren lurtarrekin. Hezkuntza-eremurako ere  proiektu interesgarria izan dadin, Espazioa lanak material pedagogiko ezberdinak  sortuko ditu, osasun mentalaren, pedagogiaren edo Garapen Iraunkorreko Helburuen  arloetako profesionalekin batera, besteak beste. 

Bi proiektu hauek garatzeko 7.500 €-tako diru-poltsa osatu da TopAraba deialdian,  eta Vital Fundazioak eman duen babesa ezinbestekoa izan da dirulaguntza bideratu  ahal izateko. Beraz, Oihanaderrek esker on zintzoena eman nahi die Vital Fundazioko  arduradunei. Diru-poltsaren banaketa modu honetan egin da: Antzezmetraia proiektuak 4.500 € jasoko ditu eta Espazioa proposamenak, berriz, 3.000 €.  

Momentu honetan egitasmoaren bigarren fasean daude bi taldeak: Beñat Fontaneda,  Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabal, eta Eneko Etxebarrieta  eta Miyuki Okabe beren proiektuak garatzen ari dira. Horretarako murgilduta, hamabi  hilabeteko epea izango dute eta proiektuak amaitutakoan, hauen aurkezpen publikoen  berri emango da. 

Egitasmo honek Karraskan elkartearen laguntza (Euskadin kulturaren berrikuntza eta  berrikuntzaren kultura sustatzeko elkartea) ere jaso du. 

Amaitzeko, aipatu beharra dago Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoaren bigarren edizio honen balorazio baikorra egiten duela. Izan ere,  Oihanederren euskal sorkuntza bultzatzeko helburuarekin bat egiten baitu egitasmo  honek, eta urtetik urtera diziplinarteko egitasmo berriak garatu eta ekoizteko aukera  paregabea lortzen baita.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana