Antzokien Udal Sarearen udako denboraldiak uztailaren 3tik abuztuaren 9ra bitarte egingo diren 12 ikuskizun biltzen ditu
Gasteizko Antzokien Udal Sareak gaur goizean aurkeztu du uda honetarako agenda. “Entretenimenduan oinarritutako programazioa diseinatu dugu, musika ona lagun izanda, ikusleei irribarrea ateraraziko diena”, iragarri du Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak, Estibaliz Cantok.
Principal Antzokiak 12 ikuskizun jasoko ditu uztailaren 3tik abuztuan 9ra bitarte, eta entzute handiko honako antzezle hauek izango dira bertan: Lola Herrera, Gonzalo de Castro, Jon Plazaola eta Gorka Aginagalde. Egitarauan, besteak beste, ‘Cruz de navajas, el último Mecano’ musikala eta Luz Casalen kontzertua izango dira entzungai. 24 saio izango dira guztira, eta komediak eta musika izango dira nagusi.
Zinegotziarekin batera, Antzokien Udal Sareko arduradunak, Manta Monfortek, hurrengo hilabeteotarako programazioa azaldu du.
Denboraldia Gasteizko Nazioarteko Jazzaldiaren 46. edizioak irekiko du ‘Jazza antzokian‘ izeneko zikloarekin. Hala, uztailaren 3tik 8ra bitartean, 6 kontzertu eskainiko dituzte. Kartelak honako hauen emanaldiak jasotzen ditu: Adrián Royo Trío (uztailak 3, astelehena), Chelsea Carmichael Quartet (hilak 4, asteartea), Marco Mezquida eta Moisés Sánchez (uztailak 5, asteazkena), Samora Pinderhughes Quintet (hilak 6, osteguna), Libérica (hilak 7, ostirala) eta Yamandú Costa (hilak 8, larunbata). Uztailaren 3 eta 4ko emanaldiak 20:30ean izango dira, eta gainerakoak, aldiz, 17:30ean. Sarrerak eta abonuak dagoeneko salgai daude ohiko tokietan.
Principal Antzokiko agendak uztailaren 18an aurrera egingo du EGOren (Euskal Herriko Gazte Orkestra) kontzertuarekin. Egitarau bikoitza eskainiko du Orkestrak: Ravelen ‘Ma Mère l` Oye’ eta Dvoráken ‘Zortzigarren sinfonia’. Ruben Jimeno izango da zuzendaria.
Gainera, uztailaren 22an, duela aste batzuk iragarri zuten Luz Casalen kontzertua izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude. Artista galiziarrak bere azken lana, ‘Las ventanas de mi alma’, aurkeztuko du eta bere arrakasta nagusietako batzuk ere eskaintzeko aukera izango du.
Horrez guztiaz gain, uztailaren 26tik 30era bitartean Gasteizen izango da ‘Cruz de Navajas, el último Mecano’ musikala. Agertokian 25 artista baino gehiago, LED pantaila handiak eta Espainiako pop musikako banda bikainaren arrakasta nagusiak gogora ekartzeko bi orduko emanaldia bilduko ditu ikuskizunak
Andre Maria Zuriaren jaietan, aldiz, komediak izango du protagonismo osoa. Abuztuaren 4 eta 5ean, Principal Antzokiak ‘Un óscar para Óscar’ antzerkia jasoko du Gorka Aginagalde, Jon Plazaola, Rebeca Sala eta Mara Guilekin. Jarraian, Gonzalo de Castro, Pedro Mari Sánchez, Carmen Barrantes eta José Bustosek antzezten duten ‘Plátanos, cacahuetes y lo que el viento se llevó’ lana iritsiko da hilaren 6 eta 7an. Kartela Lola Herrerak eta bere azken lanak, ‘Adictos’ek, itxiko dute. Lola Baldrichekin eta Ana Labordetarekin batera izango da agertokian.
Irailean, aldiz, hilaren 27an, Felix Petite Antzokiak ‘Analëmma, laboratorio de escritura coreográfica’ ikuskizuna jasoko du. Atalak dantza arloko bitartekaritzako eta ikusgarri egiteko programak eskainitako ekitaldi berezia izango da.
“Gasteiztarrak eta bisitan datozenak gonbidatu nahi ditugu gure Antzokien Udal Sareko udako programazioa dastatzera. Komedia dibertigarrienez, musikal bikainaz eta oroimenean gordeta geratuko diren kontzertuez gozatzeko unea da”, azpimarratu du zinegotziak.
Uda-denboraldirako sarreren salmenta ekainaren 21ean 10:00etan hasiko da ohiko bideetan (aurrez aurre leihatilan, telefonoz eta online).
‘Cruz de Navajas, el último Mecano’ musikalerako sarrerak ekainaren 14ko 17:30ean jarriko dira salgai ohiko bideetan.
Jaietarako salmenta berezia abuztuaren 4tik 7ra bitartean egingo da 11:30etik 13:30era, eta emanaldi bakoitza baino bi ordu lehenago.
Bestalde, gaur eskaini dute urriaren 5etik abenduaren 3ra bitarte egingo den Gasteizeko Antzerkiko Nazioarteko Jaialdiaren 48. edizioari buruzko aurrerapena.
Urriaren 7 eta 8an, Principalek zuzendaritza onenaren Max saria jaso zuen ‘Supernormales’ lana aurkeztuko du Iñaki Rikarte gasteiztarrak. Zentro Dramatiko Nazionalak Esther Carrodeguasen testu batean oinarrituta prestatutako ekoizpen-lana da eta desgaitasuna duten pertsonek duten sexu-desioa du hizpide.
Gainera, gaur beste hitzordu bat ere iragarri dute. Estatu Batuetako Martha Graham Dance Company konpainia Gasteizen izango da egitarau hirukoitz batean. Graham dantzaren historiako erreferentzia sendoenetako bat da eta hizkera koreografiko eta artistiko berezia du.
Jaialdiaren gainerako programazioaren berri aurrerago emango dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgunea edo liburuxka (pdf formatuan).