Prestakuntza saioak K-Bulegoak koordinatuko ditu, eta lehena Piztu Kultura planean aurreikusitako neurriak aztertzera eta zabaltzera bideratuko da. Ikastaroa ekainaren 15etik 19ra bitartean egingo da, online formatuan
Sailaren programak kultura-sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako laguntzei, materiala erosteko laguntzei eta osasun-protokoloetara egokitzeari buruzko topagune monografikoak aurreikusten ditu, bai eta haien guztizko zenbatekoari eutsi dioten urteko laguntzei buruzko topaketak ere.
Harkaitz Millan, Kulturako diputatua: «Prestakuntza beharrezko tresna da kultura eragileek kaudimen handiagoz aurre egin ahal izan diezaieten kultura proiektuei».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak abian jarri du «Piztu kultura» proiektua, neurri sorta bat lurraldean kultura biziberritzeko eta COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. Planaren partaide izan da Arteen eta Kulturaren Kontseilua, eta Gipuzkoako profesionalen, elkarteen nahiz beste kultura eragile batzuen ekarpenak jaso dira. Planak helburutzat du krisiak eragindako galerak leuntzea, kultur proiektuak bideragarri egitea eta Gipuzkoako gizartea kultura kontsumitzera bultzatzea.
Ekimen horren esparruan, foru erakundeak online prestakuntza jardunaldi batzuk antolatu ditu, ekainaren 15etik 19ra bitartean, K-Bulegoak koordinatuta. Jardunaldi horien helburua da Gipuzkoako kultura eragileen proiektuak sortzeko eta garatzeko laguntza hobetzea. Gainera, proiektuen kudeaketa, mantentzea, sustapena eta komunikazioa ere landuko dira, bai eta kultura laguntzak eskuratzeari eta izapidetzeari lotutako gaiak ere.
Topaketan parte hartuko dute, alde batetik, Eva Moragak, arte eta kultura sektorean espezializatutako abokatuak; eta, bestetik, Marta G. Dehesak, komunikazioan, egile eskubideetan eta jabetza intelektualean aditua den abokatuak. Jardunaldian zehar, kultura erakundeek egindako laguntzen aurkezpena egingo da. Saio bakoitzaren amaieran, adituekin hitz egiteko eta sor daitekeen edozein zalantza argitzeko aukera egongo da. Prestakuntza saio horiek lurraldeko 250 eragile eta sortzaile baino gehiagori egindako inkesta baten ondorio dira, kulturaren sektorean koronabirusak sortutako krisiari konponbide bateratu bat bilatu nahirik. Azterlan horren eskakizunetako bat izan zen, hain zuzen ere, prestakuntza eta kultura eragileen esku dauden tresnak hobetzea, haien proiektuak kudeatzeko, garatzeko eta zabaltzeko.
Jardunaldiak online egingo dira, 11:00etatik 13:00etara. Izen ematea K-Bulegoaren bidez egingo da, eta sarrera librea izango da edukiera osatu arte.
Programazioa.
Ekainaren 15a – «Piztu Kultura» planaren aurkezpena.
Bilkura honetan, Piztu Kultura aurkeztuko du Aldundiak. K-Bulegoak laguntzei buruzko aurkezpen bat egingo du.
Ekainaren 16a – Oarsoaldea / Kultura Departamentuak abian jarritako laguntza guztien aurkezpena.
Kulturaren sektorean egin diren eta epeen barruan dauden laguntzen aurkezpena. Agentziako teknikariek COVID-19ren egoera dela-eta abian dauden laguntzak aukeratu dituzte, eta enplegurako laguntzei buruzko argibideak ere emango dituzte.
Ekainaren 17a – Nola indartu kultura prekarietatearen aurrean / Eva Moraga
Artistek eta kultura eragileek azalduko dituzte kultura proiektuak garatzeko indartu beharreko alderdiak, eta sektorea indartzeko lagungarri izango diren gakoak partekatuko dituzte.
Ekainaren 18a – Oinarrizko kultura kudeaketa / Marta G. Dehesa
Proiektu artistiko eta kulturalei denboran eusteko eta haien garapena ahalbidetzeko, kudeaketan, antolaketa fiskalean, denboran, sorkuntzan, komunikazioan eta abarretan zaindu beharreko oinarrizko zeregin batzuk daude. Kudeaketa egoki batek proiektuaren garapenean eragin positiboa izateko gakoak eman ditzake.
Ekainaren 19a – Zuzeneko aholkularitza saioa Kultura Kudeaketaz, galde-erantzunak. / Marta G. Dehesa.
Zuzeneko aholkularitza, astean zehar landutako gaiei buruz sortzen diren galderei zuzenean erantzun ahal izateko.
Izena emateko, jar zaitez harremanetan K-Bulegoarekin:
Kbulego@gipuzkoa.eus
943113343