Maite Gurrutxaga: «Osorik neurea izango zen zerbait eraikitzeko gogoa nuen»

  • Maite Gurrutxaga: «Osorik neurea izango zen zerbait eraikitzeko gogoa nuen»

Haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako liburuak ilustratzeaz gain, beste euskarri askotan ere argitaratu ditu Maite Gurrutxagak bere lanak: karteletan, diskoen azaletan, aldizkarietan, horma irudietan... Iaz, KLAK kaleratu zuen, oso-osorik berak egindako aurreneko album ilustratua. Besteak beste, lan hori sortzeko prozesuaz, orain arteko ibilbideaz, sariez eta kanpo begiradaren garrantziaz hitz egin dugu berarekin.


Arte Ederrekin lotutako ikasketak egin zenituen. Baina noiz hasi zinen ilustrazio lanak egiten? Zerk bultzatuta?

Gaztetatik izan zen nire nahia Arte Ederrak ikastea. Margoketan espezializatu nintzen, baina nire lanek, margotik baino gehiago, ilustraziotik zuten askotan; bietara gerturatzeko saiakera trakets samar bat. Garai hartako margoek ez dute inongo interes piktorikorik, ez dut ia lan bakar bat ere jasotzen ordukotik, baina ondorio garrantzitsuetara iristeko beharrezko pausoak izan ziren. Eta pixkanaka konturatzen joan nintzen ilustrazioa zela landu nahi nuen lengoaia. Ilustrazioarekin zerikusia zuten gai guztiak egiten saiatu nintzen karrera garaian, eta erosoago sentitzen nintzen bertan. Arte Ederren azken bi urteetan nire gogoa forma hartzen joan zen, eta, amaitzean, ilustrazio ikasketak hasi nituen Bartzelonako Escola de la Donan. Orduan hasi nintzen lehenengo lanak egiten ilustrazio munduan.


Haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako liburuak ilustratzeaz gain, beste euskarri batzuetan ere argitaratu dituzu zure lanak. Iaz, KLAK kaleratu zenuen, goitik behera zeuk egindako album ilustratua. Zerk egin zuen klak zure baitan urrats hori emateko?

Gehien maitatzen ditudan liburuetako asko autore berak eraiki eta marraztuak izan direnak dira, testu edo ideia eta irudiaren arteko oreka beharrezkoa aurkitzen dutela iruditzen zaidalako. Proba egiteko gogoa nuen, nik ere; osorik neurea izango zen zerbait eraikitzekoa. KLAK liburua izan da erantzuna. Ideia bat sortu zitzaidan, eta horri irudi egokienak topatzen saiatu nintzen. Hain lan pertsonala izateak prozesua oso organikoa bilakatu du; prozesuaren bide guztian mugimenduan egon den lana izan da, eta interesgarria egin zait horregatik.


Album mutua da. Hasieratik izan zenuen argi? Nolakoa izan da sortze prozesua?

Hasieran baziren hitz batzuk, iritsarazi nahi nuena biltzen zuten kontzeptu batzuk, baina iruditara eramaterakoan, hitzak bidean geratu dira, eta irudiez bakarrik baliatu naiz azkenean istorioa aurrera ateratzeko. Hobeto adierazten ditut gauzak irudi bidez, eta hitzekin adierazi nahi nuena iruditara eraman dut azkenean.


KLAKek baditu beste berezitasun batzuk ere: naturako elementuen eta animalien ugaritasuna, koloreen arteko kontrastea, liburuaren forma –karratua da–, izenburura eraman duzun onomatopeia... Dena kontakizunaren mesedetan?

Hala egiten saiatu naiz. Marrazten dudanean, istoriorako beharrezko ditudan irudiak sortzen saiatzen naiz; apaingarriak diren gauzei ez diet denbora gehiegi eskaintzen. Horregatik, askotan, nire irudiek ez daramate elementu gehiegirik. Liburu honetan ere, istoriorako beharrezkoak nituen elementuetan jarri dut arreta: koloreak modu narratiboan erabiltzen saiatu naiz, jarri ditudan elementuek izateko arrazoi bat dute, forma eta konposizioek irakurlearengan eragin bat sortzea zuten helburu... Beti egiten dut horrela lan, baita KLAK liburuaren kasuan ere. Izenburuari buruz, iradokitzailea izatea nahi nuen, hartzailearen irakurketa libre bat baliatuko zuen zerbait, baina lanaren izateko arrazoia bilduko zuena aldi berean.


Geruza bat baino gehiago du kontakizunak, ezta? Liburua itxi ostean irakurlea zerekin geratzea gustatuko litzaizuke? Jaso al duzu jendearen feedbackik?

Bai, edo horretan saiatu naiz behintzat, geruza desberdinak dituen zerbait sortzen. Denok ez gara liburuetara berdin gerturatzen, eta irakurle bakoitzak erabaki dezake non geratu irakurketa horretan. Hari batzuei errazago aurkitzen zaie punta: beste batzuk aurkitzeko, berriz, atzera eta aurrera egin behar da liburuan. Hori saiatu naiz egiten azken batean, irakurlea atzera eta aurrera erabiliko duen liburu bat sortzen. Feedbackari buruz, liburua aurrez aurre eman nion lehenengotako lagun batek hartu zuenean halaxe erabili zuen, aurrera eta atzera, eta ilusio berezia egin zidan horrek, helburua lortu nuela iruditu zitzaidalako. Prozesuan ere lagunen feedbacka jaso dut; garrantzitsua dela uste dut hain prozesu bakartian kanpo begirada bat izatea. Kredituetan beraien izenak datoz; asko lagundu didate.


Zure ibilbidean, Euskadi Literatura Saria (literatura lanaren ilustrazioa) eta Lazarillo Album Ilustratuen Saria jaso dituzu besteak beste, eta zure lanak hainbat jaialditan ikusi ahal izan dira. Berriki atzerrian ere izan zara lan kontuengatik. Zer ematen dizute zuri sariek eta kanpoko egonaldi horiek?

Bultzadak dira, aurrera egiteko gogoa pizten dizutenak, nire kasuan behintzat. Bidaiek ondorengo lanak elikatzen dituzte, eta sariek aurrekoak leku berezi batean ipintzen, norberarentzat behintzat. Biak dira elikagai.


Euskal Herrian punta-puntako irudigileak zaudete. Elkartzen al zarete? Jarraitzen al duzue elkarren lana?

Baietz esango nuke, badugu elkarren berri eta, are gehiago, uste dut elkartzeko aukerak eskertu egiten ditugula. Komunitate polita dugula esango nuke, eskuzabala gehienetan. Gure lana bakartia da maiz, eta elkartzeko aukerak asko eskertzen ditut. Lanari buruz hitz egiten dugu, industriaren egoerari buruz, ideiak partekatzen ditugu... Aberasgarria dela uste dut.


Behin KLAK album ilustratua kalean dela, hasi al zara aurrera begira zer egin nahi duzun pentsatzen?

Bai, esan bezala, bidaiak elikagai dira niretzat, eta azken bidaia honen ondoren lanerako gogoz bueltatu naiz. Inspiragarria izaten da liburu artean ibiltzea, beste egileekin egotea, bidaia berak sortzen dituen egoerak bizitzea... Oraindik azkar da, baina uste dut sortuko direla gauzak esperientzia honetatik, bidaia guztiekin bezalaxe.


(2023ko urtarrilaren 11n argitaratutako Berezia)