HernaniKomik, euskarazko komikigintzaren erakusleihoa eta topalekua

  • HernaniKomik, euskarazko komikigintzaren erakusleihoa eta topalekua

Euskarazko komikigintza ardatz hartuta, HernaniKomik azoka egingo da bigarrenez. Azaroaren 17an eta 18an izango da hitzordua, Atsegindegi plazan. Gehiago jakin nahian, antolatzaile-taldeko hiru kiderekin hitz egin dugu. Hona hemen Mikel Begoñak, Alai Zubimendik eta Ainara Aiestaranek kontatu dizkigutenak.


Iaz egin zen lehen aldiz HernaniKomik azoka. Zer helbururekin sortu zenuten? Zer ezaugarri berezi ditu? Esan daiteke garai batean Bilbon egiten zen Parrapean azokaren espirituari eusten diola nolabait?

Helburua argia da: euskaraz argitaratzen diren komiki eta komikigileen eskaparatea eta topalekua izatea. Bigarren helburu bat euskal komikia beste arte-mota batzuek daukaten maila berean jartzea da, gure historian zehar egindako komiki-lanak gure ondare kulturalaren parte inportantea direla erakutsiz. Joseph Camino sariaren bitartez gure komikigile historikoen lanak berreskuratu eta autore horiek egindako lana aintzatesten dugu.

Baina ez gara horregatik iraganean geratzen, HernaniKomikek gure komikigintzaren egungo indarra erakusten baitu.

Parrapean komiki egunen espiritu bera dago HernaniKomiken oinarrian, baina lantaldea zabaldu eta ideia berriekin aberastu da.


Eragile askoren arteko elkarlanaren fruitua izan zen lehen edizioa. Nolako prozesua izan zen? Zer irakurketa egin zenuten bi egun haietan Hernanin bizitakoez? Aurtengo azoka prestatzeko prozesua iazkoaren antzekoa izan da?

Hala da. Eragile ezberdinen lana izan zen, eta emaitza begi-bistakoa: arrakastatsua, eguraldiak askorik ez bazuen lagundu ere. Iaz dena zen nobedade, eta aurten esperientzia gehiago dugu.

Azoka prestatzeko "metodologia" antzekoa izan da. Baina aurten berrikuntza bat gehitu dugu: marrazki originalen erakusketa bat. Bisitariek marrazkilariaren lanaren prozesuaren alderdi garrantzitsu bat ikusi/gozatu ahal izango dute.


Aurten ere euskal komikigintzak azken hilabeteetan eman dituen lanak salgai egongo dira HernaniKomiken, baina askoz gauza gehiago ere prestatu duzue. Zer antolatu duzue, zehazki? Zein dira aurten Atsegindegin egongo diren sortzaileak?

Egitarau bete-betea prestatu dugu. Batetik, arratsaldetan, komiki-aurkezpenak izango ditugu. Euskaraz argitaratu berri diren komiki gehienen egileak izango dira azokan euren lanei buruzko xehetasunak emateko. Besteak beste, azokan izango dira: Uxue Alberdi eta Susanna Martin, Mikel Begoña eta Iñaket, Maitane Gartziandia eta Eli Pagola, Gregorio Muro, Etxeberria anaiak eta Sanvi, Asisko, Amaia Telleria eta Laida Ruiz, Juan Luis Zabala eta Mattin.

Bestetik, aurkezpenez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira: komiki-tailerra, Dzirt-dzart zuzeneko marrazketa-saioa, erakusketak eta baita musika ere.


Zer eskaintzen dute era honetako guneek komiki-sortzaileentzat?

Euren lana erakusteko aukera ematen die, noski, baina horretaz gain, azoka topagune ere bada, bai komikigintzan diharduten profesionalen topaleku, baita irakurle eta zaleekin biltzeko gune ere. Sortzaileentzat oso aberasgarria izan ohi da zaleekin bertatik bertarako harremana.


Iaz, Jon Zabaleta marrazkilari eta ilustratzaile hernaniarrak jaso zuen Joseph Camino saria. Nor sarituko duzue aurten? Zergatik?

Aurten Juan Luis Landa komikigile eta ilustratzaile errenteriarrari emango zaio Joseph Camino saria, komikigintzan egindako ibilbidearen aitortza gisa. 40 urteko ibilbidea du, Ipurbeltz, Gabai edota Irati gisako komiki ezagunen atzean dago Landa. Komikigintzatik aparte, ilustrazioaren eta marrazki bizidunen munduan ere aritutakoa da. Nazioartean errekonozitutako egilea da.

Azokaren gehigarri, Juan Luis Landaren lan originalen erakusketa ikusgai izango da Biteri Kultur Etxean, hilaren 17tik 30era. Eta Landaren Orreagako kronikak abiapuntu hartuta, udal liburutegian komiki-erakusketa bat atonduko da, Wasconicam perfidiam, Orreagako guduaren inguruan marraztu diren lanak bilduko dituena.


Manga euskaraz argitaratzeko helburuarekin, Kabe zigilua aurkeztu zuen Harriet argitaletxeak iaz HernaniKomiken. Bada neska-mutilek ez dutela irakurtzen dioenik, baina genero hori oso arrakastatsua da gazteen artean. Izan liteke gazteak beste komiki-mota batzuetara iristeko bidea? Zer egin daiteke etorkizuneko komiki-irakurleak bermatzeko? Eskoletan komikiak baliabide didaktiko gisa erabiltzeak lagun lezake?

Gaur egun gazte askok ANIME serieak ikusten dituzte Interneten, eta, ondoren, anime horien MANGAk irakurtzen dituzte. Askorentzat hau izaten da komikiarekin izaten duten lehen kontaktua eta, noski, beste komiki-mota batzuetara salto egiteko bide baliagarria izaten da.

Etorkizuneko komiki-irakurleak bermatzeko, kalitatezko produktuak argitaratzea da garrantzitsuena, irakurleak mantendu eta irakurle berriak erakartzeko. Eskoletan komikiak erabiltzea oso baliagarria izan daiteke. Gaztelaniaz hasi da halako materiala sortzen, baina zoritxarrez euskaraz oso gutxi dago.


Zein egoeratan dago euskal komikigintza? Nolakoa izan da azken urteetako bilakaera?

Bada denbora bat euskal komikiaren osasuna hobetzen ari dena eta goraka doana, baina oso pixkanaka. Argitaletxeak ari dira euskal komikiaren alde esfortzu bat egiten, baina oraindik ez da merezi duen lekura iritsi; izan ere, kalitate handiko obrak eta egileak ditugu, baina askok atzerrira jo behar izaten dute euren lanek argia ikusteko.


Etorkizunera begira, zein dira euskal komikigintzaren erronka nagusiak? Eta HernaniKomik azokarenak?

Euskal komikiari merezi duen lekua aitortu behar zaio, ez baitio beste herrialdeetan egiten denari inbidiarik izan behar. Horretarako, gizarteak eta batez ere erakundeek komikia normalizatu eta zabaltzea ezinbestekoa da, eta baita laguntzak ematea ere kalitatezko obrak argitaratu ahal izateko.

HernaniKomiken erronka izan daiteke azoka Atsegindegi plazatik atera eta herri osoan zabaltzea, herritar guztiak, komertzioak, erakundeak partaide bilakatuz, Anguleman egiten den bezala.


(2023ko azaroaren 13an argitaratutako Berezia)