Miren Billelabeitia, idazlea eta irakasle ohia: «Irakurketan, solasaldietan, elkarrizketan aritzea oso garrantzitsua da, elkarri lagunduz argudio- eta gogoeta-bide aberatsagoak landuko ditugulako»

  • Miren Billelabeitia, idazlea eta irakasle ohia: «Irakurketan, solasaldietan, elkarrizketan aritzea oso garrantzitsua da, elkarri lagunduz argudio- eta gogoeta-bide aberatsagoak landuko ditugulako»

Urte luzez irakasle izan ondoren, gazteek ez dutela irakurtzen dioten iritziei kontra egin nahian, Norberak maite duena: hitza gogoan, irakurketa biziz argitaratu zuen Miren Billelabeitiak iaz, gazteekin urteetan izandako solasaldietan haiei entzundako iritziak eta gogoetak biltzen dituen liburua. Berriki, Euskarazko Saiakeraren Euskadi Literatura Saria jaso du, eta berarekin hitz egin nahi izan dugu, irakurketaz, solasaldi literarioez, bere liburuak izan duen harreraz eta belaunaldi berrien artean irakurzaletasuna bultzatzen jarraitzeko erronkez, besteak beste.


Literatura Unibertsala eta Euskara eta Literatura irakasle izan zara urte luzez Mungiako Institutuan. Irakurketaren pedagogia aztertu duzu eta irakurketa bultzatzeko praktikari buruzko gogoeta ere egin duzu. Baina Norberak maite duena: hitza gogoan, irakurketa biziz (Pamiela, 2022) liburuaren hitzaurrean aitortzen duzunez, inoiz ez zenuen adorerik izan esperientzia haiek paperean jasotzeko. Zerk bultzatu zintuen, azkenean, urrats hori ematera?

Aspaldidanik irakurri izan dut irakurketari buruz egia esan, baina ez euskaraz; euskaraz gutxi izan da. Beste alde batetik duela urte batzuetatik hona hainbat iritzi eta elkarrizketatan ere sarritan ageri ziren prentsan oraingo gazteek irakurtzen ez dutela zioten iritziak. Ez nentorren horrekin bat eta datu zein frogak jarri nahi nituen uste horien aurrean. 2019an Aitita-amamen guda zibila (Erein) argitaratu nuen ikasleen kontakizunak bilduta; argitalpen horrek gogo bizia eragin zidan gazteen iritzi, iradokizun eta irakurketatik eratorritako gogoetetan sakontzen jarraitzeko. Ohartu nintzen gazteen irakurzaletasun ezaz ematen ziren iritzietan ez zela inondik gazteen gogoetarik ageri eta horixe zela, agian, nik egin nezakeen ekarpena, hortxe zela pizgarria, idazlanaren tonua hurbilduko zidana.


Hasierako orrietan irakur daiteke: «Azken hogei urteetan zehar gero eta argiago ikusi dut irakasle baten jarduerarik behinena, hizkuntza- eta humanitate-gaietan batez ere –baina gainontzekoetan ere bai–, irakurketa izan beharko litzatekeela. Irakurketa eta ikasketa». Zer ematen du irakurketak? Zer eman dizu zuri?

Elkarrizketarako aukera batez ere, beste irakurleekin nik irakurritakoaz eta ulertutakoaz hitz egiteko abagunea, eta hari horretatik beste argudio eta gogoetetarako bidea ireki dit. Nire bizipenak beste lagun eta irakurleekin partekatzeko gogoa ere eman dit eta aldi berean haien esperientziaz jabetzeko. Kidetasun berezia lortu izan dugu horrela, elkar-ulertze gogotsua askatasun-giroan.


"Solasaldi literarioak" atalean diozu: «Askok uste dute gazteek ez dutela irakurtzen, baina hori ez da horrela. Iritzi horiekin jarraituko dugu ez badiegu galdetzen irakurtzen dutenaz». Eta zuk gazteei galdetzea erabaki zenuen. Haien gogoetak falta zirela iruditzen zitzaizun?

Bai, hainbat liburu nituen irakurrita irakurketa eta irakurketaren garrantziari buruz; horietako batzuk Nuccio Ordinerenak. Liburu horiek irakurtzen nituenean burura zetozkidan gazteen irakurzaletasun faltaz, irakurketaren beharraz eta irakurketak zabaltzen duen zorionaz nituen iritziak. Baina, halako batean, ohartu nintzen gazteen eta nerabeen ahotsak falta zirela hor, beraien esperientziak irakurle eta gizaki legez. Irakurtzen ez zutela egozten geniela sarritan, baina inoiz gutxitan galdetzen geniela zer eta zelan irakurtzen zuten. Gazteekin urteetan izandako solasaldietan entzundako iritziak sakonak eta aberatsak ziren gehien batean nire ustez, edozein gogoeta liburutan biltzeko lain.


Beste pasarte batean irakur daiteke: «Sortzen dira zenbait gai, bai irakurgaietan, bai solasaldietan, egundo ere irakurtzeko beta ez iritzia emateko aukera izango zutela espero ez zutenak. Ez zuten inoiz bere burua irudikatu horretaz euskaraz irakurtzen, edo euskaraz solasean». Irakurritakoaz hausnarketa egiteak leiho berriak zabal ditzake?

Hori uste dut. Iritzi hori 15 urteko gaztetxo batena da. Harrituta zegoen, ez zuen uste euskaraz, sexuaz adibidez, hain era askean hitz egin zitekeenik; ez zegoen ohituta. Lan literarioen irakurketak eta ondorengo solasaldiak aukera hori eskaintzen digu, gehienetan hezkuntzaren ardurapean uzten diren gai korapilatsuak agertzen direla solasean eta beste askatasun batez mintzatzen garela horiei buruz ez dugulako esan behar zehazki gutaz itxaroten dena, edo ez diogulako maila akademiko bati eutsi behar, sentimenduen adierazpena ere zilegia delako horrelakoetan.


Borondatez irakurri behar dela diotenentzat, honako hau idatzi duzu: «Borondatez bai, baina borondatea ere landu egiten da». Irakurketaz gozatzen ikastea prozesu bat da?

Bai, ohiturak eta tradizioak legez. Kultura-tradizio eta -ohiturak, «betidanik egin direnak» izenburupean aipatzen ditugunak ere, noizbait sortarazi ziren. Norbaitek sortu eta eraiki zituen eta gero mantendu eta errepikatu egin dira; eutsi egin dugu horretan. Jolasean ere hala da, borondatez eta zaletasunez egiten dugu baina ohitura eta arau batzuk jarraituta ere bai.

Orain urtebete Egungo euskal literatura eta futbola II argitaratu zuen Laida ikerketa taldeak. Artikulu bat dut hor futbolariez eta irakurketaz. Bada, irakurtzeko zaletasuna nola sortu zitzaien galderari erantzunez gehienek esaten zuten etxeko ohitura zela, gurasoena. Institutuko irakasleen eragina eta lagun edo taldekideena ere bai, baina ohitura atsegina azken batean; egunero tarte bat bilatu musika entzun eta irakurtzeko.


"Irakurleak eta gogoetak" atalean kontatzen duzu batxilergoko lehen mailako ikasleekin Euripidesen Troiako emakumeak irakurriz ematen zeniola hasiera ikasturteari, eta galdetzen duzu nerabe batek era horretako testuak irakurtzeko gaitasunik ez duela esatea ez ote den zentsura-mota bat. Era guztietako testuak landu behar dira ikasleekin?

Bai, gaztetxotan bizi izan dut zentsura-mota hori, diktadurapean. Garrantzitsua da era askotariko lanak irakurtzea eta ahal denean irakurketan eta irakurketa horretatik eratorriko elkarrizketan laguntzea; beraiekin parte hartzea. Irakurgaitasunean aurrera egitea dema bat izan daiteke denontzat, eta horretan, elkarrekin arituta lortuko dugu bakarrik ezin duguna.

Garrantzitsua ikusten dut baita ere eredu bat eskaintzea, irakurketa-proposamen sendo eta kalitatezkoa, eta horretan berebiziko garrantzia dute gurasoek, irakasleek eta beren-beregi eskola eta institutuetako liburutegi eta liburuzain onek.


Irakurketarekin eta irakurketa-solasaldiekin lotuta urte luzez egin duzun lanak zelako emaitzak utzi ditu? Nabaritzen da aldaketarik ikasleen artean? Zerekin geratzen zara zu?

Niretzat ia urtero izan dira berriak. Gehienez hiru urtetan izan ditut ikasle berak nirekin. Ikasturte batean ikusten da hobekuntza. Hori, hasieratik ikusten dela esan nezake, baina hurrengo urtean berraurkitzen ditudanean, askok udan irakurri dutena kontatzen didate. Eta institutua bukatu eta kaletik aurkitzen ditudanean urte batzuk geroago, beti esaten didate solasaldiez gogoratzen direla, nitaz solasaldietan. Unibertsitatean horien hutsunea sumatzen dutenak ere badira. Eta azken urteotan ikusi egin dut duela 15-16 urte ikasle izandako gazte batzuek solasaldiak egiten dituztela, hilean behin edo bi aldiz eta taberna baten biltzen direla kafea eta liburuaren inguruan.


Liburua orain urtebete argitaratu zen. Zer esan dizute irakurri dutenek? Ikasleek eta irakasleek komentatu dizute ezer han jasotakoez?

Egia esan oso eskertuta nago irakurleekin. Ez nuen itxaroten horren harrera ona izango zuenik eta iritzi onak hartu ditut. Une batzuetan nire burutazio hutsak zirelakoan ere banengoen, ohituegi geundela gazteen irakurzaletasun ezaz kexa egiten halako batean iritziz aldatzeko. Baina askok aipatu didate bere adostasuna eta irakurtzean izan duten atsegina. Poz handia eman dit horrek.


Berriki Euskarazko Saiakeraren Euskadi Literatura Saria eman dizute. Epaimahaiak nabarmendu duenez, zure liburuak «irakurketaren plazera eta garrantzia defendatzen du». Nola jaso duzu saria?

Zorion handiz eta dagoeneko inondik ere itxaroten ez nuenean...

Saiatu naiz bai irakurketaren plazeraren eta garrantziaren alde egiten, eta badirudi neurri baten lortu egin dudala, badela nirekin bat datorrenik. Horrek adorea emango dit bide honetatik jarraitzeko, nik baino gehiago dakitenak, ni baino irakasle eta idazle askoz hobeak direnak ere irakurketaren garrantziaz eta irakurketaren alde egiteko gertu direla jakiteak.