Sarrabete: «Kanta pertsonalak, sakonak eta aberatsak sortzen saiatzen gara, mezu garrantzitsuz beteak»

  • Sarrabete: «Kanta pertsonalak, sakonak eta aberatsak sortzen saiatzen gara, mezu garrantzitsuz beteak»

Sarrabete taldea 2020an sortu zen, euskal folklorean ia desagertuta zegoen zarrabetea berreskuratzeko eta folk garaikidea eginez musika-tresna haren sonoritatea ezagutzera emateko. Boskote bihurtuta, bigarren diskoa kaleratu dute orain, Txori arraina, maila handiko beste artista batzuen kolaborazioarekin. Honatx taldearen, lan berriaren eta jada ematen hasiak diren kontzertuen inguruan kontatu dizkigutenak.


"Txori arraina" abestiak oso istorio berezia kontatzen du. Zergatik aukeratu duzue zuen bigarren lanaren izenburutzat?

Gorkak nonbaiten entzundako istorioa da hau. "Txoriaren gaixotasuna" deritzon gaitza zuten ahizpa bi irla batean dagoen gaixoetxe batean sartu zituzten gizartetik aldenduz. Bertako leihoetatik paradisu bat ikusten zuten, baina ez ziren libre. Istorio hau askatasun-nahiaren kontzeptuarekin lotu nahi izan dugu; azken finean denok daukagu kaiolaren bat eta denok daukagu noizbait ihes egin ahal izateko nahi hori, besteentzat paradisuan gaudela badirudi ere. Kontzeptu sakon eta enpatikoa zela pentsatu genuen, eta horrela izendatu genuen diskoa.


Hiru urte joan dira aurreneko diskoa argitaratu zenutenetik. Taldeak bere esentziari eutsi dion arren, denbora-tarte horretan aldaketak izan dira. Nork osatzen du egun Sarrabete? Nondik nora ezagutu zenuten elkar?

Taldea 2020. urtean sortu zen hirukote gisa: Gorka Bravo Barreiro eta Pablo Bueno, unibertsitate garaitik ezagunak biak, eta Leire Etxezarreta (Neomak) ziren garai hartan. Baina 2022an taldea boskote bihurtu zen. Leire Etxezarretaren tokia Irati Bilbaok hartu zuen, eta Jordi Arcusa baxu-jotzailea eta Nerea Quincoces perkusionista ere sartu ziren. Iratik, Jordik, Nereak eta Pablok Musikenen ezagutu zuten elkar, eta elkarrekin lan egiteko gogoa zuten; beraz, aukera bikaina izan zen.


Hamabi kantaz osatuta dago Txori arraina diskoa, eta horietatik hamaika taldeak konposatu ditu. Zelako abestiak dira? Nolakoa izan da diskoa sortzeko prozesua? Musika-genero ezberdinetatik zatoztela kontuan hartuta, erraz jarri al zarete ados?

Gure artean ezberdinak gara: batzuk arlo klasikotik datoz, beste batzuk folketik eta beste batzuk jazzetik... Horrek aberastasuna ematen die sortzen ditugun abestiei; izan ere, bakoitzaren ikuspegi melodiko edo harmonikoa ezberdina da, eta prozesu polita da elkarrekin sortzea. Orokorrean, abestien melodia edo hasierako ideia Gorkarena izaten da, horren moldaketa Pablok egiten du gehienbat, eta letra Iratik; ondoren, Jordik atal harmonikoa gehiago lantzen du Pablorekin batera, eta Nereak erritmoa eta perkusioaren geruzak gehitzen ditu. Baina prozesu oso dinamiko eta parte-hartzailea izaten da. Formakuntza handiko musikariak gara denok, eta, ondorioz, kanta pertsonalak, sakonak eta aberatsak sortzen saiatzen gara, mezu garrantzitsuz beteak.


Xabi Aburruzagaren estudioan grabatu duzue diskoa, eta "Non galdu gaitezken" abestian lagun izan duzue, gainera. Nola sortu zen elkarrekin lan egiteko aukera? Zer ekarpen egin dio Xabik Txori arraina lanari?

Estudioa ezagutzen genuen, eta bertan grabatzeko intentzioa geneukan, baina, abestiak Xabiri bidali genizkionean, produkzioan lantzeko eskaintza egin zigun; proiektu erakargarria iruditu zitzaion, eta guretzat ohore bat izan da bere mailako folk-musikari baten ikuspegia izatea, bere aholkuak eta laguntza oso baliagarriak egin zaizkigu.


Beste musikari handi batzuek ere parte hartu dute diskoan. Nortzuk dira? Nolako esperientzia izan da haiekin batera aritzea?

Teresa Jareñok alboka eta albokotea jo ditu, eta oso polita izan da berarekin lan egitea. Kanta bat grabatzera etorri zen, eta, azkenean, hiru grabatu zituen; beraz, argi dago gustura egin dugula lan. Eta Oreka TX bikoteak ere abesti batean jo du. Benetan erraldoiak dira, punta-puntako txalapartariak, eta plazera izan da beraien ekarpena gure kanta batean ikustea.


Disko fisikoa asko zaindu duzue. Nor arduratu da diseinu artistikoaz? Nolakoa izan da prozesu hori?

Pablo Bueno, gure gitarra-jotzailea, argazkilari profesionala da, eta bera arduratu da irudigintza guztiaz, bai diskoko argazkiez baita grabatu ditugun bideoklipez ere. Artista hutsa da, eta erosleek, diskoaz gain, 12 argazki-lamina aurkituko dituzte barruan, 12 artelan, 12 argazki original, zein baino zein politagoa bakoitza, abesti bakoitzarentzat espresuki sortua, Bizkaiko txoko ezberdinetan aterata.


"Alzheimer" abestian gaurkotasun handiko gai bat jorratu duzue: memoria historikoa. Kanta horren amaieran adineko emakume bat entzun daiteke. Nor da? Zein da abesti horren bidez transmititu nahi izan duzuen ideia?

Memoria historikoa gai potente eta garrantzitsua iruditu zitzaigun abesti baterako, tamalez gutxi jorratzen dena. Eta, gainera, Rosarioren testigantza gehitu genuen, Durangoko bonbardaketa bizi izan zuen emakumea, orduan haurra zena. Historiari ematen zaion pisu txikia azpimarratu nahi genuen; izan ere, beren historia ezagutzen ez dutenak akats berdinak egitera kondenatuta daude. Azkarregi eta errazegi ahazten dugu historia; egunkari bat zabaltzea aski da horretaz jabetzeko.


Azaroaren 10ean aurkeztu zenuten disko berria, Bilbon, Campos Elíseos antzokian. Nola joan zen? Abenduan, berriz, Aitzina Folken izango zarete. Agendan hitzorduak gehitzen joatea da orain asmoa? Zer esango zeniekete oraindik Sarrabete zuzenean entzun ez dutenei? Zer topatuko dute zuen kontzertuetan?

Bilbon aurkezpena egin dugu, baina irrikaz gaude agenda dataz betetzeko eta Euskal Herriko txoko guztietara iristeko. Aitzina Folken baino lehen, Zaragozan egongo gara, "Música en las nubes" jaialdian, eta 2024an handik hona ibiltzea espero dugu. Orain arte publikoaren harrera bikaina izan da, eta mundu guztia gonbidatu nahi dugu kontzertuetara hurbiltzera, mimo handiz prestatu dugun lan hau ezagutzera.


(2023ko azaroaren 20an argitaratutako Berezia)