Euskal museoen ataria da MuseoTIK, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak martxan jarri duena, 40 museo eta arte- eta ondare-erakunderen elkarlanaren emaitza. Tik bakarrean haien objektu, pieza, dokumentu eta artelanak ezagutzeko aukera ematen du, baina, horretaz gain, museoen eta herritarren arteko elkargunea ere bada, erabiltzaileei nabigazio-aukera berriak eta esperientzia pertsonalizatuak eskaintzen dizkiena. Museoen Zentroko teknikaria eta MuseoTIK proiektuaren koordinatzailea da Ainhoa Bernabe Aranberri. Berak eman dizkigu egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak.
Zer da MuseoTIK? Zer asmorekin jaio da eta nori dago zuzenduta?
MuseoTIK Euskadiko museo eta bildumen atari digital berria da, helburu duena, batetik, museoen katalogo kolektiboa edo inbentario orokorra herritarren eskura jartzea, eta, bestetik, ondarea interpretatzeko eta hedatzeko topagune izatea, museoen arteko zein museo eta publikoen arteko elkargunea.
Gizarte osoari zuzenduta dagoela esango nuke. Funtsak oso anitzak dira, eta edonork topa dezake bere intereseko piezaren bat. Zehaztekotan, Euskadiko museo eta bildumak, ikertzaileak, kultura-eragileak, hezkuntza-zentroak edo museotako bisitariak aipatuko nituzke.
Zer-nolako funtsak biltzen ditu? Nola antolatu duzue informazioa webgunean? Zein dira atal nagusiak?
Mota guztietako funtsak biltzen ditu: arkeologia, arte ederrak, natura-zientziak, antropologia, zientzia eta teknika, diseinua... Funts-tipologia horiek guztiak MuseoTIK osatzen duten museo eta bildumen aniztasunaren isla dira.
Atal nagusiak baino gehiago, atariaren muina nabarmenduko nuke, eta muina bildumak dira. Gainerako esperientziak, hau da, 3Dak, bideoak, audioak, istorioak... bildumako objektuei lotuta daude. Beraz, "Esploratu bildumak" jarriko nuke erdigunean, eta beste guztiak horren inguruan. Horretaz gain, "Agenda" atala ere oso garrantzitsua da museoetan gertatzen dena helarazteko. Eta "Istorioak" interesgarriak dira guztien arteko narratibak osatzeko eta ondarearen beste irakurketa bat egin ahal izateko.
MuseoTIK plataforma digitala elkarlanaren ondorioa da; ez da ezerezetik sortu. EMSIMEn du oinarria, ezta? Zertan da ezberdina? Haren zereginak ere bere egingo ditu?
EMSIMEk 13 urtetako ibilbidea dauka. 2011. urtean abiarazi zen, museo-jardueran ari diren erakunde guztiak integratzeko eta biltzeko asmoarekin. Guretzat, lanerako tresna, hau da, sistema informatikoa, EMSIME izango da aurrerantzean ere. Aplikazio horrek bildumen kudeaketa ahalbidetzen du eta bilduma horien hedapena errazten du. Hedapenerako plataforma da, hain zuzen ere, eraldatu dena: aukera berriak eskaintzen ditu, eta izena eta itxura aldatu dira.
MuseoTIK atariari esker espero dugu online bildumen erabilera areagotzea eta hobetzea, eduki digital berriekin jende gehiagorengana iristea eta museoen arteko lankidetza-proiektuak garatzea narratiba berriak sortzeko.
Zergatik da interesgarria MuseoTIK? Zein dira nabarmentzeko alderdiak?
MuseoTIK atariak, museoen katalogazio kolektiboa eta digitala oinarri izanda, bildumen eta jardueren eduki berritzaileak eta erakargarriak eskainiko ditu. Hasi gara poliki-poliki 2022an eta 2023an zehar egindako 3D modeloak edo biki digitalak igotzen. Laster hasiko gara kalitate handiko edo gigapixel bereizmeneko irudiekin ere, eta, etorkizun (hurbil) batean, museoetako bisita birtualak edo digitalean bakarrik existitzen diren erakusketak ere eskaini nahi ditugu.
Dena den, gehien nabarmenduko nituzkeen alderdiak erakundeen arteko lankidetza eta museoetako profesionalen partaidetza dira. MuseoTIK osatzen duten museo eta bilduma guztiek aktiboki lan egiten dute herritarrei edukiak eskainiz.
Ikertzaileentzat ere sekulako potentziala du webguneak, museo eta bilduma askoren informazioa tik bakar batean aurki baitezakete.
Aipatu duzun bezala, profesional askoren lanaren emaitza da...
Erraz esaten da, baina mota guztietako 40 erakunde daude hemen, guztira 300.000 objektu katalogatu eta digitalizatu dituztenak oraingoz, eta horietatik 80.000 baino gehiago publikoarentzat ikusgai jartzea erabaki dutenak. Aplikazioa erakunde horientzat sortu zen, hobetuz joan da eurekin eta eurei esker dugu orain eskuragarri ondare eta informazio hau guztia. Orain, guri dagokigu egindako lan horri ahalik eta hedapen handiena ematen saiatzea.
Museoak eta publikoa konektatzeko eta euskal ondarea hurrengo belaunaldiei transmititzeko ere balioko du. Gure ondarea –zentzurik zabalenean– ezagutzea eta kontserbatzea etorkizunaren alde apustu egitea ere bada, ezta?
Museoek funtsezko bi zutabe dituzte: bilduma eta gizartea. Museoen zeregina da bi alderdi horiek lotzea eta beren bildumak gizartearentzat ulergarri egitea.
Tresna honen bitartez, museoei beren funtzioak betetzen laguntzen diegu: bilduman dituzten objektuak eta horien esanahia ezagutzea; kontserbazio egokia ziurtatzea, etorkizuneko belaunaldiek ere jaso ditzaten; objektuak jendaurrean aurkeztea eta beharrezkoak diren interpretazio-elementuez hornitzea; eta, bukatzeko, bilduma zabaltzea.
Horretaz gain, museoak elkarren osagarri dira, eta guztion artean euskal historia, artea, natura, gizartea... interpretatzeko narratibak osatzen dituzte. Horregatik sortu genuen "Istorioak" atala, guztion artean osatzen ditugun istorioak kontatzeko.
Halere, esperientzia digitalak ez du esperientzia fisikoa ordezkatzen, eta, horretaz jakitun, kultura-ekitaldien agenda bat ere gehitu duzue. Kultura-ondarea bizitzeko aukerak eskaintzea da helburua? Zer aurkituko dute erabiltzaileek bertan?
Ez dugu, inondik inora, museo bat bisitatzeko esperientzia fisikoa ordezkatu nahi, baina MuseoTIK atariak aukera ematen die hurbildu ezin diren edo hurbildu nahi ez duten horiei ere gure ondareaz gozatzeko.
Hala ere, museoen funtzioen artean daude difusioa eta erakusketa, eta horiek beren izateko arrazoia galtzen dute ez badaude herritarrei zuzenduta. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu museoek eskaintzen dituzten jarduera guztiak agenda bateratu batean erakustea. MuseoTIK atariko "Agenda" atalean agertzen diren ekitaldietan klikatuz gero, Kulturklikek jasotako informazioa bistaratzen da. Hori ere aurrerapauso garrantzitsua da; azken finean, Kulturklik da Euskadi mailan kultura-edukiak biltzen dituen atari nagusia.
Egitasmoa hobetzen eta garatzen jarraitu beharko da aurrerantzean ere. Hurrengo urratsak zein izan litezkeen pentsatzen hasita zaudete?
Bai, MuseoTIK proiektua aurkeztu dugu, baina bere garapena ez da bukatu. Elementu berriak integratzen jarraitu behar dugu, informazioaren eta irudien kalitatearen alde egin eta teknologia berriek eskura jartzen dizkiguten baliabideak aprobetxatu, ahal dugun heinean eduki berritzaileak eskaintzen jarraitzeko. Beraz, urrats garrantzitsua eman dugu EMSIMEtik MuseoTIKera, baina oraindik, denon artean, bide luzea dugu egiteko.
(2024ko otsailaren 9an argitaratutako Berezia)