Ikus-entzunezkoen produkzioaren aldeko dirulaguntzak: zinemarako fikziozko film luzeak (2024)

  • Ikus-entzunezkoen produkzioaren aldeko dirulaguntzak: zinemarako fikziozko film luzeak (2024)

2024. urtean, ikus-entzunezkoen arloan produkzioaren aldeko dirulaguntzak.

Zinemarako diren fikziozko film luzeen produkzioa

Laguntzen modalitate honetan, 25.artikuluaren 1. atalean ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituzten edozein hizkuntzatako zinemarako fikziozko film luzeak egitea bultzatuko da.

Ondorio hauetarako zinemarako film luzea da: ikus-entzunezko obra, hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan merkatal ustiapenerako dena.

Aurrekontuko zuzkidura

2.900.000 €

Prestazio ekonomikoa

Guztira, bi milioi eta bederatziehun mila (2.900.000,00) euro bideratu dira laguntza-azpimodalitate honetara. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez milioi bat eta seiehun mila (1.600.000) euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.

Jatorrizko hizkuntza euskara duten proiektuetarako bermatutako aurrekontu-zuzkidura agortzen ez bada, dirulaguntza lortzeko puntuazio nahikoa duten proiekturik ez dagoelako, gainerako kredituak, lehenik eta behin, luzemetraien beste azpimodalitate batzuetako euskarazko produkziorako zuzkidura handituko du, eta, ondoren, azpimodalitate honetako beste hizkuntza batzuetarako zuzkidura. Erabaki hau, Balorazio Batzordearen eskuetan egongo da.

Nolanahi ere, fikziozko film luzeen produkziorako eman daitekeen laguntzaren zenbatekoa ez da laurehun mila (400.000,00) eurotik gorakoa izango, jatorrizko hizkuntza euskara duten ekoizpenen kasuan izan ezik. Kasu horretan, zenbateko hori zortziehun mila (800.000,00) euro artekoa izan daiteke, 22. artikuluko g) idatz-zatian jasotakoa izan ezik.

1.- Banakako produktoreei dagokienez, ematen den gehieneko laguntzak, gainera, aplikagarriak diren muga hauek izango ditu:

Ez du produkziorako aurrekontuaren % 20 gaindituko. Muga hori % 50ekoa izango da aurrekontu txikiko fikziozko film luzeei zuzendutako lerroan.

Ez du produktorearen inbertsioa gaindituko.

Goian aipatutako ondorioetarako, produktoreen inbertsiotzat joko dugu produktoreak berak bere baliabide propioen bidez nahiz itzul daitezkeen kanpo-baliabideen bidez ekarritako kopurua eta film luzea ustiatzeko eskubide-lagapen gisa lortutakoa. Inoiz ez dira produktorearen inbertsiotzat joko jasotako dirulaguntzak, ezta edozein izaeratakoak diren eta itzul ezin daitezkeen ekarpenak ere, baldin eta telebista-zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatzen duen edozein administrazio, erakunde edo enpresa publikok egiten baditu.

2.- Koprodukzioei dagokienez, eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 20ko titulartasuna izan beharko du gutxienez eta % 50ekoa izango da aurrekontu txikiko fikziozko film luzeetarako lerroan.

Eskatzailearen titularitate-kuotan aldaketarik egonez gero, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari, erabakiaren egunetik hamabost eguneko epean.

Ekoizpena koprodukzioa denean onuradun izan daitekeen enpresa batek baino gehiagok parte hartuz gero, 3. artikuluaren arabera, euretako bakoitzaren parte-hartzeen batuketa egingo da.

Batera produzitutako proiektuetan, gehienez eman daitekeen laguntzak honako mugak izango ditu:

Ez du produkziorako aurrekontuaren % 20 gaindituko.

Ez du gaindituko agindu honen arabera onuradun gertatzen den produktoreak, edo koproduktore guztiek batera, egindako inbertsioaren % 50.

Goian aipatutako ondorio hauetarako, inbertsiotzat joko dugu produktoreak berak baliabide propioen bidez nahiz itzul daitezkeen kanpo-baliabideen bidez ekarritako kopurua eta, frogatutako proiektuaren titulartasuneko ehunekoaren arabera, film luzea ustiatzeko eskubide-lagapen gisa lortutako kopurutik dagokion zatia. Inoiz e dira produktorearen inbertsiotzat joko jasotako dirulaguntzak, ezta edozein izaeratakoak diren eta itzul ezin daitezkeen ekarpenak ere, baldin eta telebista-zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatzen duen edozein administrazio, erakunde edo enpresa publikok egiten baditu.

3.- Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden auditoreek kreditatuko dituzte film luzearen kostua, produktoreek egindako ekarpenak eta horiek produkzioan duten titulartasunaren kuotak, bai eta 22.b artikuluan ezartzen den betebeharraren betetzeari buruzkoa egiaztagiria ere, filmaren gastuak berrikusteko kontu-ikuskatze bereziaren bidez. Txosten horretan, auditoreak honakoak azaldu beharko ditu: bere iritzia enpresa onuradunak egindako inbertsioen inguruan; horien balorazioa eta kontabilizazioa, oro har aplikatzen diren kontabilitate-irizpideetan oinarrituta; eta, azkenik, inbertsioa finantzatzeko onuradunak jaso dituen gainerako laguntza edota dirulaguntzei buruzko berariazko iritzia. Kontu-ikuskatzeak zehaztu beharko du, partiden araberako banakatzearen bidez, zein gastu-maila dagokien Euskadin helbidea edo egoitza egonkorra duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanei. Filmaren kostua aitortzea eta ekoizlearen inbertsioa arautzen duen abenduaren 18ko ECD/2784/2015 Aginduaren 2. artikuluan aurreikusten den eran dira film luzearen ekoizpen-kostuak diruz laguntzeko modukoak.

Informazio gehiago:


  • Epea 2024(e)ko Maiatzak 7(e)tik 2024(e)ko Ekainak 6(e)ra
  • EntitateaEusko Jaurlaritza
  • AtalaKultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Deialdi-motaDirulaguntzak
  • SektoreaIkus-entzunezkoa
  • JardueraEkoizpena

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.