Uztapide eta Xalbador bertsolarien adiskidetasunaren historia, liburu batean

  • Uztapide eta Xalbador bertsolarien adiskidetasunaren historia, liburu batean

Manuel Olaizola, Uztapide, Zestoan jaio zen. Fernando Aire, Xalbador, Urepelen. Zestoako Udalaren eta Urepeleko Herriko Etxearen ekimenez, bi herrien senidetzearen harira, bi bertsolarien arteko adiskidetasunaren historia zirraragarria idatzi du Pako Aristik, bibliografia oparoa aztertuz, lekuko ugariren testigantzak jasoz eta narrazioan bertsoak txertatuz. Ereinek argitaratu du Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua. Hona hemen Pakok kontatu dizkigunak.


Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua enkarguz jaio omen zen. Baina enkarguak eta enkarguak daude, eta hau ez zen nolanahikoa. Hasieratik izan zenuen argi zer eta nola kontatu nahi zenuen? Bien arteko harremana ondo ezagutzen zenuen?

Liburu honen inspirazioa Zestoako alkate den Mikel Arregik izan zuen, eta nik gauzatu egin dut, egikaritu. Bi herriak, Zestoa eta Urepele, senidetu egin dira, eta horren harira Arregik nahi zuen denboran iraungo duen zerbait sortzea, gisako ekimen hauek sarritan ahaztuak geratzen baitira urte gutxiren buruan. Eta zer iraunkorrago, liburu bat baino! Inoiz ez da modatik pasatzen!

Horrela hasi nintzen gaia ikertzen, eta sendotasun handiko istorio bat aurkitu nuen, bi gizon haien arteko zinezko adiskidantza bat, 30 urte iraun zuena. Hortik aurrera erraza izan zitzaidan hariari tiraka jarraitzea.


Baina behin materiala bilduta, nola eman batasuna guztiari? Azkenean, nobela bat bezala irakurtzen den saiakera-liburua ontzea lortu duzu. Nolakoa izan da kontaketa hori sortzeko prozesua?

Biografia orotan dauden osagarriei jarraitu diet: jaiotza, haurtzaroa, lehen bertsoa, heldutasuna, garapena, une dramatikoak, zorionekoak, eta heriotza, dena lineal-lineal. Klabea dokumentazioa izan da: Auspoa saileko 16 liburu irakurri ditut, eta handik pasarterik eta bertsorik gogoangarrienak atera. Guztiarekin kontakizun bat osatu dut, nobelaren teknikak jarraituz.


Bidean, kasualitateak ere agertu zaizkizu. Adibidez?

Biek ala biek hamasei urterekin kantatu zuten euren lehenengo bertsoa jende aurrean.

Biei bihotzekoak eman zien oholtza gainean, eta hori gertatu zaien bertsolari bakarrak dira historian. Uztapide bizirik atera zen, Xalbador ez; oholtza ondoko eskola bateko gelan hil zen.

Biek bertso-liburu bana argitaratu zuten, zazpi egunen aldearekin, eta bertan elkarri eskainitako bertso-sorta eder bana sartu zuten.

Unerik gogorrenetan elkarrekin egon ziren: 1967ko txapelketan Xalbadorri txistuak jo zizkiotenean Uztapide bere ondoan zegoen, eta 1972an Uztapide jende aurrean mutu geratu zenean, Xalbador bere ondoan zegoen.


Badago jakiterik Uztapidek eta Xalbadorrek elkar non eta noiz ezagutu zuten eta bien arteko adiskidetasuna nola jaio zen? Elkarri zioten maitasuna bertsotan ere utzi zuten idatzita biek ala biek. Zertan oinarritzen zen adiskidetasun hori?

Zantzuak daude Zarautzen ezagutu zutela elkar, 1946an. Biek aipatzen dute leku berbera dokumental ezberdinetan, eta Mixel Itzainak dio Xalbador, Mattinekin batean, 1946an hasi zela Hegoaldera joaten bertso-kantari. Eta udazkenean behar du izan, zeren Xalbadorrek irailean kantatu du lehen aldiz oholtza batean, Donibane Lohizunen eta bertan ezagutu du Mattin.

Segurua da 1949an kantatu zutela elkarrekin, Urruñan; hori Uztapidek dio bere prosazko liburuan.

Zertan oinarritzen zen adiskidetasuna? Elkarri errespetua zioten, elkar baloratzen zuten, eta, gaur esaten den gisan, "adimen emozionala" asko landua zuen bakoitzak, entzuleekin konektatzeko ezinbestekoa zitzaiena. Haien bertsoetan sumatzen da elkarri txera berezi bat ziotela. Biak ziren garaiko onenak, eta elkarrengan ikusten zuten hobetzeko aukera, batek ez zeuzkan dohainak besteak zeuzkalako. Elkar miresten zuten, eta bakoitza saiatu zen bestearen onena ikasten eta bereganatzen.


Bertsolari oso ezberdinak izan ziren, eta, liburuaren aurkezpenean esan zenuenez, denborak ere ezberdin hartu ditu. Nola aldatu da haiek utzitako ondarea denboran zehar?

Denborak Xalbador salbatu egin du, bere izenarekin hitz-joko bat eginez. Eta Uztapide ahanzturara kondenatu. Zergatik? Uztapide izan zen bere garaiko errealitatea ongien islatu zuen bertsolaria. Eta errealitate hori desagertu zenean, Uztapide ere desagertu egin zen harekin batera.

Xalbador abstraktuagoa zen, filosofoa, poeta, ez zitzaion hainbeste errealitateari lotzen. Gehiago lotzen da gizakiak dituen betiko kezka horiekin. Horregatik, haren bertsoak freskoago mantendu dira denboran zehar, gizakiaren kezkak antzekoak direlako beti.

Liburu hau izan liteke aukera bat Uztapide erreskatatzeko, bizi berri bat emateko haren obrari.


1960ko hamarkadan jo zuten gailurra biek, eta hamarkada haren bigarren erdian jazo zen bertsozaleen memorian iltzatuta geratu den gertaeretako bat, lehen zeuk aipatu duzuna: 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, Xalbadorrek publikoaren txistualdia jaso zuenean, elkarrekin zeuden. Tamalez, bizi izan zituzten elkarrekin une latz gehiago ere.

Txistualdi hura, nahiz eta epaimahaikoei zuzendua zegoen, Xalbadorrek nozitu zuen oholtza gainean, bete-betean. Itsusia izan zen, ankerra, iraingarria bera bezalako artista bati hori egitea, baina ez zen behera etorri, gora baizik, eta buelta eman zion bertso antologiko batekin, hitzak daukan indarra agerian utziz: bertso xume batekin txistuka ari ziren 4.000 lagun txaloka jarri zituen, eta bat baino gehiago negarrez.


1967ko txapelketan gertatutakoa bertatik bertara jarraitu zuen Xabier Amurizak, epaimahaikide izan baitzen. Ez da kasualitatea hitzaurrea hark egin izana, ezta? Zer kontatu nahi izan du bertan?

Amuriza lekuko zuzena izan zen, bai, baina bertsolaritzaren historiaren protagonista nagusi bat ere bada, erreferentziazko gizona, bertsoaren sekretu guztiak dakizki, eta haren hitza autoritatezkoa da. Horregatik guztiagatik eskatu nion hitzaurrea idazteko. Liburua gainbegiratu ere egin du. Ni kazetaria naiz, ez naiz bereziki bertsolaritzan aditua, eta behar nuen barruko norbaiten iritzia, eta, ahal bazen, oniritzia ere bai. Alde horretatik Amurizaren lana eta borondatea paregabeak izan dira.

Bere ekarpena sakona da liburuan. Txapelketa horretaz dio epaimahaikoak ikaratuta zeudela frontoiko harrabots harekin, eta Xalbadorrek izugarrizko saioa egin zuela jabetu arren, ez zirela ausartu hari txapela ematen.


Idatzi duzun liburua garai baten, bi bertsolariren adiskidantzaren eta bi herriren senidetzearen testigantza moduan geratuko da belaunaldi berrientzat. Zer moduz hartu dute Urepelen eta Zestoan? Zeu zerekin zaude bereziki gustura?

Harrera beroa egin diote bi herrietan. Interesa piztu du, eta jendearen erantzuna oso ona da, interesaturik daude. Askotan pertsonaia bati buruzko irudi bat dugu, eta horrekin geratzen da jendea, baina ona da aukera dagoenean sakontzea, arakatzea. Gure historia ezagutzea beti da ona, izan arlo batean edo bestean.

Nik maitasun guztiarekin idatzi dut, eta jendeak ere maitasun guztiarekin onartu du nire eginahala.

Xole Aire (Urepeleko auzapeza), Mikel Arregi (Zestoako alkatea) eta Pako Aristi (liburuaren egilea)


Eta behin liburu hau irakurleen esku utzita, zertan ari zara lanean orain? Proiektu berririk aurreratzerik bai?

Niri sekula ez zaizkit agortzen proiektu berriak. Une honetan kazetaritza-ikerketa bat egiten ari naiz, frankismo bukaeran izan zen krimen politiko bati buruz: Iñaki Etxabe arrasatearrak ostatu bat zeukan Kanpazar gainean, eta bertan hil zuten aurpegia estalirik sartu ziren hiru morroik, metrailetaz tiro-sorta jaurti ondoren. Mendeku bat izan liteke, goizean Arantzazun atentatu bat izan baitzen guardia zibilen aurka, haietako hiru hilda utzi zituena, eta Iñakiren anaia Juan Jose ETAko buruzagi militarra izan zelako. Iturri asko ari gara aztertzen. Emaitza hurrengo urtean emango dugu argitara.


(2024ko ekainaren 19an argitaratutako Berezia)