Euskal Dantzarien Biltzarra, euskal dantzak eta Euskal Herriko folklorea zaintzen eta hedatzen 60ko hamarkadatik

  • Euskal Dantzarien Biltzarra, euskal dantzak eta Euskal Herriko folklorea zaintzen eta hedatzen 60ko hamarkadatik

Euskal Dantzarien Biltzarraren historia, funtzionamendua eta lan-ildo nagusiak hobeto ezagutu nahian, juntakideekin hitz egin dugu, eta adierazi digute zaila gertatzen ari dela gazteak batez ere mutilak folklorearen eta dantza tradizionalaren mundura erakartzea eta, beraz, une honetan erronka nagusia belaunaldien arteko erreleborik eza konpontzea dela.


Zer da Euskal Dantzarien Biltzarra? Noiz eta nola sortu zen? Zertarako?

XX. mendearen erdialdean Euskal Herriko dantza-taldeak bilduko zituen elkarte baten ideia sortu zen. Konbultsio handiko urteak ziren, bai politikan, bai gizartean, batez ere Hegoaldean, diktadura frankistak euskal kulturaren aldeko era guztietako ekimenak zapaltzen baitzituen.

Hainbat saioren ondoren, azkenean elkartea Ipar Euskal Herrian legeztatzea erabaki zen, Frantziako legediak horrelako erakunde baten funtzionamendurako askatasun-berme gehiago eskaintzen baitzuen. 1965eko martxoaren 11n erregistratu zen elkartea, ESKUAL DANTZARIEN BILTZARRA izenarekin. Bertan, Iparraldeko zein Hegoaldeko euskal kulturarekin zerikusia zuten pertsonek parte hartu zuten.

Lau urte geroago, 1969ko azaroaren 29an, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bitartekotza aprobetxatuz, elkartea Hegoaldean legeztatu ahal izan zen EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRA izenarekin. Beraz, mugaren bi aldeetan funtzionatzen hasi zen.

Ordutik gaur egun arte, EDBk lan nekaezina egin du euskal dantzak eta Euskal Herriko folklorea zaintzen eta hedatzen. Horretarako jarduera ugari antolatu ditu: prestakuntza-ikastaroak, talde eta dantzarien arteko topaketak eta dantzekin zerikusia duten materialen argitalpena (musika-disko eta CDak, dantzei buruzko bideoak eta DVDak, liburuak eta aldizkariak). Jarduera horien artean nabarmentzekoak dira Euskal Herriko Dantzari Eguna, ikastaro-plana, "Dantzariak" aldizkariaren urteroko argitalpena, Durangoko Azokan parte hartzea eta euskal diasporako dantza-taldeekin dugun harremana.


Nola dago egituratuta? Nola egiten du lan?

Lege- eta administrazio-kontuengatik, hainbat egitura izan ditu denboran zehar EDBk, baina, gaur egun, Elkarteen Elkartea da (lehen "ordezkaritzak" zirenak): Arabako Dantzarien Biltzarra, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra eta Nafarroako Dantzarien Biltzarra.

Elkarte horietako bakoitzak bere antolaketa, funtzionamendua eta araudia ditu, eta erabat autonomoak dira. Bost elkarte horiek ("ordezkaritzak" ere deitzen diegu) EDBko bazkideak dira; beraz, EDBk 5 bazkide baino ez ditu.

EDBren Zuzendaritza Batzordea 6 karguk osatzen dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak eta bi bokalek; kide horietako bakoitza "ordezkaritza" bakoitzak izendatzen du, lehendakaritza izan ezik, ordezkaritza horietatik autonomoa baita. Eta, gainera, Elkartearen lanak koordinatzeaz arduratzen den pertsona bat daukagu.

Batzordea hilean behin biltzen da, Biltzarra urtean behin, gutxienez, eta, aldizka, dantza-taldeen batzar bat egiten dugu (nahiz eta ez diren EDBko bazkideak), azken finean, EDBri eusten diotenak eta haien helburuak posible egiten dituztenak direlako.


Zein dira gaur egun Euskal Dantzarien Biltzarraren lan-ildo nagusiak?

EDBren jarduera-ildo nagusiak urtez urte errepikatzen dira: batetik, ordezkaritzen bidez, ikastaroak antolatzen ditu taldeek gure dantzak ikas ditzaten eta beren errepertorioa zabal dezaten, jantzi-tailerrak egiten dira, dantzaren didaktika irakasten da... Horrekin batera, gure dantzen bideoak eta "Dantzariak" aldizkaria argitaratzen dira, eta mundu digitalean presente dago. Gainera, Euskal Herriko Dantzari Eguna antolatzen du.

Horretaz aparte, beste jarduera-mota batzuetan ere parte hartzen du EDBk urtero eta, ahal duen neurrian, programa horien antolakuntzan laguntzen du: Gazteen Dantza Topaketa, Gaztemundu, Dantza Tradizionalaren Babesa...


Euskal dantzen zabalkundean lan handia egiten du Euskal Dantzarien Biltzarrak, Euskal Herrian ez ezik, baita diasporan ere, hainbat kanalen bitartez. Horietako bat jada aipatu dugun "Dantzariak" aldizkaria da (aurreneko urteetan "Dantzari" izenarekin argitaratu zena). Zer-nolako bilakaera izan du urte hauetan? Zer jasotzen duzue bertan?

Formatua eta aurkezpena alde batera utzita, funtsezko edukiak berdinak dira: dantza-taldeen albisteak, ekitaldiak, EDBren jarduerak, gure dantzarekin zerikusia duten gaiei buruzko artikuluak, etnologiako artikuluak, gure dantzen historia eta garapena, partiturak...