Xabier Etxaniz Erle: «Kalitatetik etorri da, neurri handi batean, euskarazko albumaren berpiztea, eta kalitate hori itzulpenaren bidez iritsi zaigu»

  • Xabier Etxaniz Erle: «Kalitatetik etorri da, neurri handi batean, euskarazko albumaren berpiztea, eta kalitate hori itzulpenaren bidez iritsi zaigu»

Albumak gero eta presentzia handiagoa du irakurleen artean, baina oraindik ia ez dago literatura-mota horren inguruko ikerketa-lanik. Iazko urtearen amaieran argitaratu zuen UPV/EHUko LAIDA taldeak albumaren inguruko euskarazko lehen ikerketa sakontzat har daitekeena: Egungo euskal albuma. Karla Fernández de Gamboa Vázquez eta Xabier Etxaniz Erle izan dira editoreak. Albumaren mundua, oro har, eta euskal albumarena, zehazki, gehiago ezagutu nahian, Xabierrekin hitz egin dugu. Hona hemen kontatu dizkigunak.


Zer da, zehazki, albuma? Zer ezaugarri ditu? Zer ezberdintasun dago albumaren, liburu ilustratuaren eta komikiaren artean? Albumak haurrentzat bakarrik dira? Ala uste okerra da hori?

Albuma produktu hibrido, malgu eta heterogeneoa da, testua eta irudia izan ohi dituen produktua, baina transmititu nahi duen mezua ulertzeko bi elementu horien irakurketa eskatzen duena. Alegia, irudirik gabe ezin da testua bakarrik ulertu; are gehiago, askotan bien arteko jolasa, kontraesana, informazio osagarria... ikusi behar da mezua harrapatzeko, egileak transmititu nahi duena ulertzeko.

Liburu ilustratu batean (euskarazko Makilakixki eta Sorgin gaiztoa, klasikoak, esaterako, horren adibide ezagunak ditugu) testua irakurtzen badugu, irudiak ikusi gabe, argumentua jarraitzen dugu. Alegia, ez dugu irudirik behar mezua ulertzeko (egia da haur txikiei lagungarria zaiela argumentua jarraitzeko, baina ez da beharrezkoa).

Albumetan, liburu ilustratuetan bezala, produktuak ez du markatzen hartzailearen adina. Helduentzako nobela batzuetan ilustrazio dotore eta ederrak jarri izan dira edizio berezietan, nobela ilustratuak eginez. Albumetan ere, badira espresuki, kontatzen duen istorioagatik, argumentuagatik, erabiltzen dituen irudi eta erreferenteengatik, irakurle helduak eskatzen dituzten lanak. Bada hitzik gabeko album bat, Jörg Müller-ena (El soldadito de plomo, Lóguez Ediciones, 2005), adibidez, ipuin ezagunaren bertsio berri eta modernoa eskaintzen duena; liburu horrek irakurle heldua eskatzen du; alegia, gazte edo helduentzako albuma da.


Nola jaio zen Egungo euskal albuma liburua eta zer jaso nahi izan duzue bertan? Zergatik da berezia? Nori zuzenduta dago?

LAIDA taldean urteak daramatzagu egungo euskal literatura aztertzen, eta genero nagusiak ikusi ondoren azpigeneroekin hasi ginen. Alde horretatik, Haur eta Gazte Literatura aztertuta (Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia, EHU, 2011), ikusi genuen azken urteotan euskal literaturan egon den ekarpen handienetariko bat albumen bidez etorri dela eta erabaki genuen azpigenero hori aztertzea.

Liburua berezia da orain arte ez delako horrelakorik egin; albumak oso berriak dira gure artean (bai nazioartean, bai euskaraz), eta diziplina ezberdinak hartzen ditu bere baitan: testua, irudia, espazioaren lanketa... Euskaraz ez zegoen albumen inguruko lanik, eta horregatik izan da berritzailea lan hau; berritzailea eta komenigarria haur txikien literaturarekin harremana duen ororentzat (guraso, liburuzain, editore...) baina, batez ere, irakasleentzat, beraiek direlako, gaur egun, liburu hauek haurrei erakusten eta kontatzen dizkieten agente nagusiak.


Zergatik ez da gehiago aztertu albumaren mundua orain arte?

Nazioarte mailan duela 60 urte hasi ziren albumak argitaratzen, Lionni edo Sendak bezalako artisten eskutik; alde horretatik, oso produktu berria da, eta, berria den neurrian, gutxi ikertu izan dena. Egia da azken hogei urteotan gero eta lan gehiago agertzen ari direla albumen inguruan, baina, oro har, oso produktu berria da. Gainera, albumak irudia eta testua ditu, eta bien azterketa egin behar da. Literaturan ohituta gaude hizkera aztertzera, eta artean, irudia; hemen bien arteko elkarlana eta hori nola ematen den aztertu behar denez, literaturaz eta ilustraziogintzaz jakin behar da, eta horregatik ez da hainbeste aztertu albuma orain arte.


Noiz hasi zen –zehazterik baldin badago– euskal albumaren ibilbidea? Zer-nolako bilakaera izan du?

Euskarazko albumak joan den mendearen amaieran hasi ziren; egon dira aurrekari batzuk, 1974an argitaratutako Herrialde berdea, esaterako, eta albumak izan gabe ilustrazio ugari zituzten hainbat lan 80ko hamarkadatik aurrera, baina albumak, berez euskaraz sortuak, XXI. mende hasieran hasi ziren, eta neurri handi batean Etxepare sariaren bidez. Mende honetako lehen hamarkadan oso lan gutxi argitaratu ziren (sarituak neurri handi batean) baina bigarren hamarkadan Etxepare eta beste sari batzuen ondoan euskal merkatuak bestelako sorkuntza-lanak ere hartu ditu. 


Jean de Brunhoff, David McKee, Maurice Sendak… izen handiak dira albumaren munduan. Eta euskaraz irakur daitezke haien lan asko. Zelako eragina izan dute kanpoko lanen itzulpenek euskal merkatuan eta euskarazko sorkuntzan?

Gaur egungo egoera ezin da ulertu Kalandraka argitaletxe galiziarraren ekarpenik gabe. XX. mende bukaeran eta XXI.aren hasieran beraiek bakarrik eta, ondoren, Pamiela argitaletxe nafarrarekin elkarlanean, albumak euskaraz argitaratzeari ekin zioten. Ondoren, OQO (Txalapartarekin elkarlanean) eta estatuko beste zenbait argitaletxek —Algar, Bruño, Edelvives (Ibaizabalekin batera), Bookolia, Nubeocho, Picarona...— lagundu dute atzerriko egileen obrak euskarara ekartzen; horiekin batera, jakina, euskal argitaletxeek ere egin dute beren ekarpena, Ttarttalo etxeak nagusiki, baina baita Denonartean edo Erein argitaletxeek ere, esaterako.

Kalandraka-Pamiela etxeak nazioarteko izen handiko egileen obra ugari argitaratu ditu (Sendak, Lionni, Carle, Ungerer...), eta horrek guztiak gure sistema osatu eta aberastu egin du. Kalitatetik etorri da, neurri handi batean, euskarazko albumaren berpiztea, eta kalitate hori itzulpenaren bidez iritsi zaigu. Lan horiek erreferenteak izan dira gure sortzaileentzat (nabarmena da hori, esaterako, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren hainbat lanetan) eta baita irakurleentzat ere. Kalitatezko lan horien bidez "ikasi" dugu albumak irakurtzen, eta obra on horiek bultzatu egin dituzte hemengo sortzaileak beraiek ere albumaren mundura hurbiltzera.


Zein da euskal albumaren egungo egoera? Zer pisu dute itzulpenek euskarazko albumen merkatuan?

Egun oso egoera onean dago euskal albuma; eskaintza oso zabala da eta estilo oso ezberdinetako obrak aurki daitezke. Oraindik ere, gure merkatuaren neurri txikiaren ondorioz, obrak agortzen direnean sarritan itxaron behar izaten dugu denbora bat berriro argitaratu arte (edo ez dira berrargitaratzen), baina sorkuntza, itzulpena, eskaintza, oro har, oso zabala eta kalitatezkoa da. Jakina, itzulpenek dute pisurik handiena berez produktu nahiko garestiak direlako eta koedizioen bidez lortzen delako kalitatezko produktu ez garestia. Gure erronketako bat izan beharko litzateke koedizio horietan euskaraz sorturiko gero eta lan gehiago sartzea, baina horretarako agenteak edo kanpoan saldu nahi duten argitaratzaileak falta zaizkigu.


Azken bi hamarkadetako hainbat euskal album aztertu dituzue zuen liburuan; horietako bat, Iban Barrenetxearen Zarata do maiorrean biolin eta pianorako. Hitzik gabeko albuma da, lehen aipatu diguzun El soldadito de plomo bezala. Beraz, hitza ez da ezinbestekoa albumetan? Zein dira lan horien errepasoa egiterakoan topatu dituzuen joera edo aldaketa nagusiak?

Hitzik gabeko albumak badaude, baina horrek ez du esan nahi lan horrek gidoi bat izan ez duenik. Bada bilduma bat, "Hitzik gabe", Elkar argitaletxeak euskaraz atera zuena duela 25 bat urte, eta liburuak testurik gabekoak dira, baina kredituetan idazlea eta ilustratzailea agertzen dira. Alegia, bai, egon daitezke hitzik gabe argitaratzen diren albumak, irudiek duten indarrarekin mezua ongi transmititzen duten kasuetan.

Liburuan euskaraz sorturiko hamabi album aztertu ditugu sortzaile eta estilo aldetik dagoen aberastasuna eta ugaritasuna erakutsi nahian. Nabarmentzekoa izan daiteke, batetik, irudiak gero eta indar handiago hartzen duela obretan, eta, bestetik, hasieran beti lan egiteko modua bi lagunen arteko kolaborazioa izaten bazen (batek testua eta besteak irudiak eginez), joera hori aldatuz joan dela eta, azken garaian, gero eta gehiagotan pertsona bakarrak egiten dituela albumaren osagai guztiak. Ainara Azpiazu, Lorena Martinez edo Iban Barrenetxea dira, beste batzuekin batera, horren adibide argiak.


Zer-nolako eragina izan du euskal albumaren garapenean Etxepare sariak? Zer gehiago behar sektoreak hazten jarraitzeko?

Ezin da gaur egungo egoera ulertu Etxepare saria gabe. Nafarroako toki-entitateek bultzaturiko saria oinarrizkoa izan da euskarazko albumak argitaratzen hasteko (Pamielaren eskutik plazaratu ohi dira obrak) eta lehiaketetara hainbat eta hainbat lagun animatzeko. Horietako askok, ondoren, beren lanak beste argitaletxe batzuetan plazaratzen dituzte.

Egia da oraindik ere laguntzak behar direla euskal sortzaileentzat, baina, agian, horiek bezain beharrezkoak zaizkigu gure sortzaileen lan onak kanpoan promozionatzen dituzten entitateak (editoreak, agenteak, erakundeak); eta ez dadila izan, orain arte neurri handi batean gertatu izan den bezala, kanpoan ateratzen den euskal literatura (ez bakarrik albumak) egilearen beraren lanaren ondorioa. Kanpoko etxeekin elkarlana, koedizioa, lortuz gero, ziur gaude euskarazko albumak, euskal kulturak, askoz ere oihartzun handiagoa izango lukeela.


Adimen artifizialaren mehatxua ere hor dago. Benetan ordezka lezake noizbait artisten lana?

Ez dugu uste hori horrela izango denik... baina nork daki!


UPV/EHUren LAIDA taldea azken urteotan egiten ari den "Egungo euskal literatura berria" proiektuaren barruan sartzen da zuen Egungo euskal albuma. Zertan ari da lanean orain LAIDA taldea?

Une honetan, albumaren lana amaituta, beste arlo bati ekin diogu, ipuin llabur edo mikroipuinen azterketari, euskaraz argitaratu diren ipuin llabur horien azterketari.

_______

2024ko irailaren 20an argitaratutako Berezia
Argazkien egilea: Nuria González