Xenpelar Dokumentazio Zentroa, bertsolaritzaren ondarea zaintzen eta hedatzen 1991tik

  • Xenpelar Dokumentazio Zentroa, bertsolaritzaren ondarea zaintzen eta hedatzen 1991tik

Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Xenpelar Dokumentazio Zentroak, jende ugariren ekarpenei esker, bertso-sorkuntzaren inguruko informazioa biltzen eta interesa duen ororen eskura jartzen, alegia, bat-batekoa betiko egiten. Ikerlariei, kazetariei, bertso-eskolei, bertsozaleei... ematen diote zerbitzua. XDZk eskaintzen dituen zerbitzuak hobeto ezagutu nahian, Oihana Aranburu Balerdirekin hitz egin dugu.


Zer da Xenpelar Dokumentazio Zentroa? Zein dira eskaintzen dituen zerbitzuak eta eduki-motak? Badago jakiterik une honetan katalogatuta eta gordeta dauden edukiak zenbat diren gutxi gorabehera?

Bertsozale Elkarteak sortutako dokumentazio-zentroa da, bertsolaritzan espezializatua. Bi esparru nagusi ditu gure dokumentazio-lanak: batetik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarte guztien jarduna, eta, bestetik, bertsolaritza-ekosistema guztiarena. Bi eremu horietan, irizpide jakinen baitan bildutako dokumentuak antolatuz, ondare horren guztiaren zaintza eta gizarteratzea egiten da.

Bertsolaritza arte-adierazpide bat-batekoa eta immateriala da; erregistratu ezean haizeak darama edo bertaratutakoen memorian geratzen da bestela. Hortaz, bertso-sorkuntzaren informazioa erreproduzitu, partekatu nahiz geroratzeko, euskarri desberdinetan bildu behar da nolabait. Egungo baliabide teknologikoen baitan, informazio hori euskarri desberdinetan dokumentatzen da, besteak beste ikus-entzunezko, argazki, liburu, prentsako albiste edo karteletan.

Gure egitasmoa euskarri horien arabera antolatzen da. Bildutako datu eta dokumentuak, fisikoak direnak, dokumentazio-zentroko zerbitzugunean bertan kontsultatu daitezke. Digitaletan, aldiz, bildumaren mostra zabal bat Bertsolaritzaren datu-basean (bdb.bertsozale.eus) ikus daiteke: Bertso ekitaldien Agenda, Biografiak, Ikus-entzunezko katalogoa, Bertsoteka, Bertso Doinutegia, Liburutegia eta Hemeroteka zerbitzua, besteak beste.

Datuei erreparatuz gero, batzuk nabarmentzearren, bertsolaritzaren bueltan aritutako 3.000 sortzaile eta eragileren datuak ditugu katalogatuta, 23.000 grabazio inguru, 30.000 bat-bateko edo idatzizko bertsoaldi, 3.200 bertso-doinu, 9.800 argazki-bilduma edo 10.000 argitalpen eta artikulu akademiko. Datu horiek denak elkar lotuta bilatu eta bistaratu daitezke BDBn. 


Nola elikatzen da? Jendeak –oso kontziente izan gabe beharbada– altxor ezkutu ugari izango du oraindik etxean. Material horrek ere badu lekua Xenpelar Dokumentazio Zentroan?

Bai, noski! Bi iturri nagusi ditugu: batetik, argitaratuta dagoen dokumentazioa, eta argitaragabea, bestetik. Gure bildumaren ezaugarri esanguratsuena azken bide honetatik eskuratutako dokumentazioan datza. Argitaratu gabeko dokumentu hauek hein handi batean Bertsozale Elkarteko proiektu ezberdinen jardunaren bidez bildutako dokumentuak dira. Baina badira bestelako dokumentuak ere, bertsozaleek egindako grabazioak, etxeetan gordetako eskuizkribuak, mimo handiz jasotako argazkiak, bertso-saioen antolatzaileek iragarri nahi dituzten ekitaldien datuak... Horiek denak Xenpelar Dokumentazio Zentroan (XDZ) jasotzeko, gure egitasmoan kontzienteki parte hartu nahi duten borondatezko biltzaile-sare oso bat bada inguruan, bertso-sorkuntzaren balioaz jabeturik, hori dena modu bateratuan antolatu eta behar duenarentzat kontsultagai jarri dezagun, egitasmoari bere ekarpena egiten diona.


Euskarri aldetik oso delikatuak diren materialak daude Xenpelar Dokumentazio Zentroan. Azpiegitura eta baldintza egokiak beharko dira hori guztia ondo kontserbatzeko, ezta? Aurrerapen teknologikoek zer aldaketa eragin dute prozesu horretan?

Esan bezala, argitaragabea den dokumentazio hori askotan oso euskarri hauskorrean edo baldintza kaxkarretan iristen zaigu. Hortaz, ondare hau guztia zaintzeko azpiegitura eta baldintza aproposak ditu gure egoitzak. Kontserbazio-neurriez gain, digitalizazioak ere informazioa berreskuratu eta zaintzea bermatu eta errazten du. Berme hau biltzaileek dokumentazioa gurera ekartzeko motibo ere bada, etxeetan ezin baita beti dokumentazioa modu egokian gorde nahiz erabili.


Bertso-jardunaren espazio naturala plaza da, baina Xenpelar Dokumentazio Zentroak, materiala biltzeaz eta katalogatzeaz harago, jendearen eskura jartzea du helburu. Hasieratik izan du zerbitzu publiko izaera hori?

Gure proiektuak sorreratik izan du bilduma guztia interesa duen ororen eskura jartzeko asmoa. 1991. urtean XDZ martxan jarri zenetik izan ditugun egoitza desberdinetan jendaurreko zerbitzu antolatua izan dugu, bertaratzeko ordutegia eta kontsultarako gunea. Izaera publiko honek gure bildumaren beste ezaugarri nagusi bati ere erantzun nahi dio, jende ugarik parte hartzen du bertso-sorkuntzan eta -bilketan, eta hortaz, modu batean edo bestean parte izan diren pertsona horiei ere eskura jarri nahi diegu guztien artean osatutako ondarea.


Xenpelar Dokumentazio Zentroan gordetako ondareak gizartea nola aldatu den –eta aldatzen ari den– ikusteko balio du, adibidez. Zer beste erabilpen izan ditzake? Norentzat da bereziki erabilgarria?

Erabiltzaile tipo bat bertsolaritzaren egungo jardunarekin zuzenean lotzen den bertsozale eta kulturazaleena da, bertso-saioen berri jaso nahi duena, bertsoaldiak entzun edo irakurri gogoz hurbiltzen dena, bertsotan ikasi edo bertsoaz gozatzeko asmoa duena. Bestetik, informazio edo dokumentu horiekin zabalkunde- edo dibulgazio-lanetan aritzen diren kazetari, hedabide, ekoiztetxe eta argitaletxeak ditugu, Bertsozale Elkartearen baitakoak ("Hitzetik Hortzera" telebista programa, Bertsoa.eus atari digitala) nahiz ingurukoak. Baina, nagusiki, dokumentazio horrekin bertsolaritza, zuzenean nahiz zeharka, ikertu nahi duten ikasle, ikerlari eta ikerketa-erakundeak daude, XDZko datu-base eta dokumentazio antolatua baliatu nahi dutenak beraien ikerlanetarako.


Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako edukiak Interneten zabaltzeko, lehen aipatu diguzun Bertsolaritzaren datu-basea sortu zenuten 2007an. Zer eskaintzen du?

Gure beharretara diseinatu eta garatutako datu-basea da BDB. Garapen-fasean dago oraindik, baina gure datu-bildumaren hezurdura nagusia elkarlotuta erakusten du jada. Bertan, datu eta dokumentu guztiak elkar loturik ageri dira autoritate-terminoen kontrolaren bidez. Gure lan-tresna nagusia da egun, eta katalogatu ahala informazioa argitaratzeko aukera eskaintzen du.


Lan handia eskatuko du datu-base hori gaurkotuta izateak, ezta? Eduki- eta material-mota berriekin garatzen joango da pixkanaka?

Dokumentazioa ez da prozesu zurruna guretzat, bertsolaritza jardun bizi eta aldakorra den heinean guk ere behar den aldiro egokitzen dugu egitasmoa. Horrela, eguneroko baliabide eta irizpideak moldatu behar izaten ditugu informazio berriak tokia izan dezan. Bitarteko teknologikoen bilakaera ere lagungarri izan ohi da prozesu hauetan. Hala ere, aldaketak denboraren perspektiba zainduz egitea ere bada gure ardura eta garapenen norantzaz pentsatzeko tarteak ere behar izaten dira.


Bertso-ondarearen zabalkundean, bada oso garrantzitsua den beste tresna bat: Bapatean bilduma. Zer da, zehazki? Nola aldatu da urte hauetan guztietan? Zer-nolako lan-prozesua eskatzen du?

XDZn bildutako dokumentazio hori oinarri hartuta, Bertsozale Elkarteak 1988. urteaz geroztik urtero argitaratzen duen bertso-antologia liburua da Bapatean. Urtean zehar jaso ditugun bertso-saioetako grabazioetatik bertsoaldi adierazgarrienak hautatzen dira, eta horiek transkribatu eta doinu nahiz neurria identifikatu ostean argazkiekin batera argitaratzen da. Bi eratara kontsultatu daiteke: liburu gisa, batetik (fisikoki nahiz digitalki), eta BDB datu-basean, bestetik. Datu-basean informazioa eremuen arabera bilatu daiteke eta audio fitxategiarekin batera entzun. 2024ko urteari dagokion alea prestatzen ari gara egun, bildumaren 37. sorta izango dena. Dagoeneko 3.813 bertsoaldi baditugu argitaratuak eta bilduma osoa kontsultatzeko moduan dago online. Bertsozale nahiz ikerlarientzako mauka da halako bilduma antolatu bat lanerako eskura edukitzea.


Atzera begiratuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren hasierako helburuak betetzen ari dira? Zerekin zaudete bereziki gustura? Eta aurrera begira, zertan egin beharko litzateke ahalegin berezia?

Askotariko lan- eta datu-josteak eguneroko ikuspegian baino, mira luzeago batekin begiratuta du zentzua gurean. Beraz, 30 urte atzera eginda, esan dezakegu egitasmo sendoa dela jada XDZ. Bertsolaritzak eta, oro har, euskal kulturak azken hamarkadetan izan duen bilakaera ertz ugaritatik azter daiteke gure bildumaren bidez.

Bestetik, azpimarratzekoa da sortzaile eta biltzaile askoren ekarpenari esker gaudela bizirik; hortaz, aurrera ere, kultur komunitatean ardaztutako dokumentazio-zentroa izatea bada gure lan-ildo garrantzitsua.

Etorkizunari begira, nahiko genuke zabalkundean sakontzen segi eta gure funtsa bertsolaritzaren ezagutza areagotu eta jakintza berria sortzeko berrerabilia izatea, dokumentazioaren bidez bertsolaritza bera balioetsi ezezik, ezagutza berrietara iristeko baliaraztea.


Amaitzeko. Besterik gaineratzeko?

Xenpelar Dokumentazio Zentroa bisitatzeko gonbita luzatzea, agian. Gipuzkoako Villabona herrian, Subijana etxean dugu egoitza, eta astelehenetik ostiralera jendaurrera irekitzen ditugu ateak. Aurretik harremanetan jartzea eskertzen dugu halakoetan. Informazio gehiago, webgunean bertan.


(2024ko abenduaren 3an argitaratutako Berezia)


ARGAZKIAK: Xenpelar Dokumentazio Zentroa