ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea dugu, 2003az geroztik dabil buru-belarri dabilena lanean, sektorearen barruko kohesioa lortze aldera, baita langileen baldintzak hobetze aldera ere. Horretaz gain, herritar guztien artean dantza hedatzen dihardu. Kolektiboaren garrantzia, solaskidetza, beste eragile batzuekiko eta erakundeekiko elkarlana eta lankidetza, ADDEk euskal dantzaren ekosisteman duen eginkizuna eta dantzaren sektoreak datozen urteetan izango dituen erronkak: horra hor ADDErekin solasean izan ditugun hizketagaiak.
Zer da ADDE?
Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea da. 2003an sortu zen, eta sektorearen barne-kohesioaren alde eta bertako profesionalen lan-baldintzak hobetzearen alde lan egiten du. Horretarako, kultura-, hezkuntza- eta lan-mailan dantzari eragiten dioten politika publikoetan esku hartzen du.
ADDEk dantza-arloko lanbideak eta hizkuntzak eta estiloak batzen ditu.
Era berean, elkartea dantza-mundua herritarren artean zabaltzen aritzen da, baita dantzaren ezagutza eta praktika sustatzen ere, adierazpen artistiko, hezigarri eta ludiko gisa sustatu ere.
Izan ere, dantzaren garapen soziala, hezkuntzakoa, lanekoa, kulturala eta artistikoa bultzatzea dugu misio, bertako profesionalen esperientziatik, konpromisotik eta baterako gogoetatik abiatuta.
("Bailar pegados" jardunaldia, 2023)
Nola sortu zen?
2003an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kulturaren Euskal Planaren lehen bileretarako deia egin zien kultura-sektoreko profesionalei. Epe luzerako plana zen, kultura-sektorerako zenbait ekintza biltzen zituena.
Profesionalak lantaldeetan bildu ziren sektorearen egoera nolakoa zen jakiteko eta hobetzeko ekintzak proposatzeko. Dantzaren kasuan, 20 bat lagun bildu ziren, zenbait belaunaldi eta eremutakoak (interpretazioa, sorkuntza, irakaskuntza eta kudeaketa...). Ordura arte, Euskadin dantzako profesionalak ez ziren inoiz kolektibo gisa bildu sektorearen egoera aztertzeko. Eta espazio sortu berri horrek aukera eman zigun elkar ezagutzeko eta profesional askotariko iritzia aitortzeko.
Garai hartan, Euskadin, profesionalen sarea erabat osatu barik zegoen, eta ez zeukan egonkortasun profesionalik. Profesional bakartuek osatzen zuten dantzaren sektorea, eta ez zuten behar bezalako corpusik askotariko ahots horiek bitartekari eta zubi-lanak egiten zitzaten kultura- eta hezkuntza-politikak garatze aldera. Horrenbestez, ekimen hori, lan-mahai horietan elkartzekoa, mugarri bilakatu zen; izan ere, berton bildutako profesionalei bururatu zitzaien lantalde horretan egiten ari ziren gauza bera elkarte baten bidez egin zitekeela. Eta, gainera, ohartu ziren sektoreak bere burua antolatzeko gai izan behar zuela.
2003ko ekainaren 1ean, ADDEren lehen bilera egin zen: sektoreko profesionalen bilera izan zen, La Fundición aretoan. Ondoren, bilerak Muelle 3 espaziora eraman ziren, elkartearen lehen egoitzara. 2003tik 2006ra bitartean aldizka egin ziren; baina benetan 2006an hasi zen dena, urte hartan ekin baitzitzaion plan operatiboen dinamika osoari. Eusko Jaurlaritzak sektorearekin harremanak izateko zuzeneko solaskide bat behar zuenez, hogei profesional horiek erabaki zuten gaur egun ADDE dena egituratzen hastea.
Horrenbestez, hasieran bi une egon zirela esan dezakegu: lehen urteak, 2003tik 2006ra, kohesioari eta kolektibo gisa identifikatzeko baliatu ziren, eta bigarren etapa, 2006tik 2009/2010era bitartekoa, elkartearen oinarriak eta jarduerak egituratu eta sortzeko.
Nola zegoen dantzaren sektorea Euskal Herrian duela bi hamarkada? Elkartea sortzerakoan, izan al zen hartu beharreko norabidea zehazteko adibide baliagarririk?
Esan bezala, sektorea profesional bakanek osatua zegoen, baina ez askotariko ahotsak jasotzen zituen kolektibo gisa. Askotarikoa zen sektorea, bai, baina ahula lan-egonkortasunari zegokionez, eta erronka handiak zituen aurrean. Sektorearen profesionalizazioa eta profesionalen lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzeko, erakundeak sektoreari entzuteko beharra zegoen.
Elkartea sortzerakoan, hemengo profesionalek beste erkidego batzuetako dantza-profesionalen elkarteak hartu zituzten erreferentetzat, ispilu handi bat balira bezala, Kataluniako dantza-profesionalen elkartea bereziki.
("Blade Dancer" topaketa, 2022)
Zein dira elkartearen lan-eremu nagusiak?
ADDEk lau arlo lantzen ditu: asoziatiboa, sektoriala, dibulgaziokoa eta prestakuntzakoa.
Elkarteen arloan, lehen helburua du dantza-profesionalak biltzea, haien lanbidea edo espezialitatea edozein dela ere, sektorearen garapenean lagun dezaketen diagnostikoak eta neurriak aztertzeko eta adosteko, bai alderdi artistikoetan, kulturaletan edo sozialetan, baita ekonomia-, lan- eta enpresa-dimentsioetan ere.
Bestalde, elkarte profesional gisa, dantzaren sektoreko kultura- eta hezkuntza-politiken diseinuan eta kudeaketan inplikatzeko erantzukizuna du. Alde horretatik, elkarteak parte hartzen du deitzen zaizkion foro guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoko dantzaren garapen profesionala hobetzeko neurriak hartzera bideratutako hausnarketak aztertzen eta bateratzen laguntzeko.
Gainera, ADDEk ezinbestekotzat jotzen du jendartean dantza zabaltzeko lan egitea. Inplikatutako eragileek eta herritarrek, oro har, zenbat eta gehiago ezagutu dantzak eta dantzako profesionalek sortzen duten aberastasun kultural, sozial eta ekonomikoa, orduan eta gehiago garatuko da sektorea etorkizunean. ADDEk dantza-mundua osorik baloratzen lagundu nahi du, hau da, ez bakarrik jarduera kultural eta artistiko gisa, baizik eta jarduera profesional gisa ere bai.
Eta, azkenik, elkarteak lankidetzan jardun nahi du, elkarte eta sektoreko ordezkaritza-eragile gisa, profesionalen prestakuntzan, eta, horretarako, hitzaldiak, topaketak, mintegiak eta tailerrak antolatzen ditu.
ADDE, beste gauza askoren artean, Dantzan Bilaka programa koordinatzeaz arduratzen da. Zertan datza, zehazki?
Dantzan Bilaka koreografia-sorkuntzako proiektuetarako laguntza- eta akonpainamendu-programa bat da, beren sortzaile-karreraren hasierako faseetan dauden pertsonei zuzendua, betiere gorputzaren mugimendua, ekintza, jolasa, hizkuntza eta zeinuak eta horien guztien praktika interesatzen bazaizkie lan-eremu bezala.
Etengabe ari da aldatzen programa, esperientziak kontrastatzeko eta koreografia-sorkuntzako prozesuak partekatzeko esparru bat irekitzeko nahian, ideien eta hizkuntzen aniztasuna indartuz, eta, horrela, Euskal Herriko praktika koreografikoari lagunduz.
Programak elkarrizketa erraztuko duen lan-testuinguru bat eskaini nahi du, hautatutako pertsonen sormenezko prozesuak babesteko, laguntzeko eta ikusarazteko asmoz.
Horretarako, programa bat eratzen da, prozesuak partekatzeko eta komunitate artistikoarentzako topaketa bat sortzeko aukera ematen duten jarduera batzuez osatutakoa.
Helburu horrekin, Dantzan Bilakak lau jarduera-ardatz bereizi ditu, eta guztiei garrantzi bera ematen die: tailerrak, bizikidetzarako eta ikaskuntza kolektiborako espazioak direnak; egonaldiak (hiru egonaldi eskaintzen dira ikerketa-prozesuen garapena errazteko); laguntza artistikoa edo mentoring-a, hau da, proiektuen jarraipena eta babesa sormen-prozesuetan; eta azken jardunaldiak, egindako lan-prozesuen aurkezpen publikoetarako testuinguru egokia eskaintzen dutenak.
Programaren esparruan esperientzia bat sortu nahi da parte-hartzaileen, batzorde artistikoaren eta tailerrak ematera gonbidatutako pertsonen arteko ikaskuntza partekatuaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak bere proiektua garatu ahal izan dezan eta bere praktika aberastu ahal izan dezan, programa osatzen duten eragile profesionalekin ezagutza trukatzeko testuinguru baten barruan.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta ADDE Euskadiko Dantza Profesionalen Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da deialdia.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko programa ibiltaria da Dantzan Bilaka, eta 2026an lehen aldiz bisitatuko du Nafarroako lurraldea.
Azken edizioetan, Artium Museoa (Euskadiko Arte Garaikidearen Museoa), Tabakalera (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Dantzagunea, Lekuona Fabrika eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao izan dira programaren egoitzak. Azala – Sorkuntza Espazioarekin ere lankidetzan aritzen da urtero, programa osatzen duten egoitzen bigarren aldia egituratzeko funtsezko ardatz gisa.
("Dantzan Bilaka", 2021)
Zer eskaintzen diete dantzaren munduko profesionalei EDADEI eta EDT bezalako jardunaldiek?
Bi ekimen horiek, bakoitza bere arlo espezifikoaren barruan, elkarrizketa piztu nahi dute, eta dantzaren praktikak partekatu eszenatik kanpoko beste eremu batzuetan.
EDADEIk (Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa Topaketa), ADDEren Hezkuntza Batzordeak sustatua EABen, BAD jaialdiaren, LABO jaialdiaren, Dantzagunearen eta Dantzertiren lankidetzarekin, dantzako, antzerkiko eta administrazio publikoetako profesionalen arteko gogoeta-, topaketa- eta lankidetza-foroa izan nahi du, jendartearen eta sare profesional eszenikoaren onerako kultura- eta hezkuntza-ekintza zehatzak proposatzeko.
Topaketa horien helburua da, hain zuzen, akademiako eragileen, eszenaren, administrazioen eta publikoaren arteko elkarrizketa erraztea, dantzako eta arte dramatikoko hezkuntzaren eta ikerketaren arloan arrazoitutako diskurtsoa modu kolegiatuan eraikitzen laguntzeko. Diskurtso horrek kultura- eta hezkuntza-politikaren arloko neurri zehatzak aktibatzea erraztuko du, eta, aldi berean, arte eszenikoen eta garapen sozialaren sektorearen garapen profesionala sustatuko du.
Bestalde, EDT (Dantza, Terapia, Mugimendua eta Osasunaren Topaketa) proiektuarekin, hasiera batean topaketa bat ahalbidetu nahi genuen EAEko dantzari eta osasunari buruzko ekimenak ikusarazteko, gure jendartean dantzaren lan terapeutikotik artikulatzen diren proiektuak ikusarazteko.
Dantzaren eta dantzako profesionalen presentzia sustatu nahi genuen terapia desberdinen munduan, bai errehabilitaziotik abiatuta, baita gaixotasunen prebentziotik ere.
Dantzako profesionalen lan-errealitateak mugimenduaren bidez ekiteko aukera berriak zabaldu ditu. Dantzako profesionalak joan dira beren ezagutzak transferitzen, dantzako balioak eta teknikak eskainiz, zenbait gaixotasunei aurre egiteko terapia konbentzionalagoei laguntzeko.
Gaur egun, azterlan askok erakusten dutenez, jendartea mugitzen denean, osasuntsuagoa, komunikatiboagoa, toleranteagoa, solidarioagoa eta ulerkorragoa bilakatzen da.
("EDADEI" topaketa, 2022)
Urtero, ADDEk Euskal Herriko dantza-lanen katalogoa egiten du. Duela gutxi aurkeztu du aurtengoa, BASQUE markaren pean. Zertarako balio du katalogo horrek? Zelakoa da 2025ekoa?
ADDEko bazkideek eskatuta sortu zen, euskal dantzaren sorkuntza nazioartean ez zela ikusten antzeman zutelako. Horrela sortu zen online tresna bat, 2013an abian jarri zena.
Katalogo horrek Euskal Herriko dantzaren panorama profesionalaren ikuspegi plurala eta adierazgarria eskaintzen du, bai konpainia finkatuak, baita talde eta sortzaile independenteak ere barne hartuta.
Helburu du, hain zuzen, proposamen horiek Euskal Herritik kanpo duten ikusgarritasuna indartzea, bai Estatuan, bai nazioartean, lankidetza-aukera berriak sortzeko eta dantza-lanak publiko zabalagoengana irits daitezen laguntzeko.
2025. urtean, 13. edizioa argitaratu dugu. Eta berrikuntza gisa, katalogoa BASQUE ekosisteman sartu da, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako plataforman, euskal kultura eta sorkuntza garaikidea kanpoan proiektatzeko eta nazioartekotzeko bidean. Katalogoa DANCE BASQUEren babespean aurkezten den aurreneko urtea ez izan arren, dantza-katalogoa bisualki eta egituratuta antolatua txertatu dugu BASQUE PERFORMING ARTS ekosisteman: https://basqueperformingarts.eus/en.
Ekintzei dagokienez, nazioarteko testuinguruetan ikusgarritasun-ekintzak egiteaz gain, Euskal Herriko konpainiei eta sortzaileei nazioartekotzeko bidean lagunduko dieten proposamenak ere lantzen ditugu. Ildo horretan, 2024an, online prestakuntza-saio batzuk antolatu genituen Apricot ekoizpen-etxe alemaniarrarekin batera, konpainiei tresnak eskaintzeko beren lanak nazioartean saldu eta koka ditzaten. 2025ean, saio horiek aurrera jarraitzen dute, konpainien kontsultarako eta prestakuntzarako online baliabide moduan.
2025ean baita ere, Etxepare Institutuarekin lankidetzan, berriz ere ahalbidetuko dugu euskal dantzaren egotea Fringe jaialdian, zehazki, bi konpainia astebetez Dance Base espazioan programatuta egotea.
Otsailean, deialdi bat egin genuen Düsseldorfeko Theater der Klängeinekin lankidetzan. Tanzmesseko azokan kontaktuak egin ondoren, 2024an lankidetzan aritzeko aukera hori zabaldu zen mugaz gaindiko ikerketa-prozesu bat sortzeko, euskal sortzaile bati nazioarteko proiektu batean parte hartzeko aukera emateko helburuaz.
Gainera, nazioartean egindako kontaktuen ostean, dFERIAn, Italiarekin truke bat ezartzeko aukera lantzen ari gara. Gure asmoa da, zehazki, 2025ean bertan lehen ekintza bat egin ahal izatea, eta 2026an Italian euskal dantzarako leiho bat zabaltzeko lan egitea. Baina, oraingoz, solasean gabiltza hori guztia gerta dadin.
Lantzen ari garen kontaktuei eta konexioei esker, testuinguru eta eragile berriak ezagut ditzakegu, lankidetzan aritzeko. Horrela ezagutu dugu Luxenburgoko dantza-azoka sortu berri bat; ikusten ari gara 2025ean bertan hara joateko aukera, uste baitugu testuinguru interesgarria izan daitekeela euskal konpainientzat.
(Euskal Herriko dantza-lanen 2025eko katalogoa)
2022an, "EAEko dantza-profesionalei buruzko inkesta" egin zenuten Kulturaren Euskal Behatokiaren laguntza teknikoarekin, sektorearen eta bertoko profesionalen errealitatea ezagutzeko. Zer egoera erakusten zuen azterlan hark?
COVID-19aren krisiari aurre egiteko laguntzen kudeaketan 2020an izandako esperientziaren ostean, egiaztatu genuen premiazkoa eta beharrezkoa zela sektorearen izaerari eta osaerari buruzko azterketa bat egitea, dantzaren sektorearen eta haren profesionalen errealitatea datuekin ezagutzeko, informazio hori oinarria izan zedin sektorea indartzen lagunduko zuten estrategiak eta zerbitzuak garatzeko.
Metodologiari dagokionez, azterlana galde-sorta baten bidez egin zen, estatistikaren ikuspegitik azter zitezkeen datuak lortzeko helburuarekin. Galdetegiak 6 multzo zituen: datu demografikoak; prestakuntza; ibilbide profesionala; lan-jarduerari buruzko datuak; emaitza ekonomikoak; eta zerbitzu sektorialen balorazioa eta lehenespena.
Txostenetik atera daitekeen ondorioetako bat da EAEko dantzaren sektoreak batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan biltzen dituela profesionalak. Gainera, begi-bistakoa da Estatura eta nazioartera joan ohi direla.
Profesionalen artean askotariko egoerak identifikatu diren arren, oro har, prekaritate-maila esanguratsua da. Hala, bada, % 44k ezegonkortasunen bat adierazi dute, dela lana beste sektore batzuekin konbinatzeko beharragatik (% 21,95), dela lana eta prestakuntza uztartzen jarraitzen egoteagatik, dantzaz bestelako sektoreetan ere parte hartuz (% 21,95). Inkestatuen % 13,4k baino ez dute adierazi dantza-munduko lan-egonkortasunerako bidea arina izan dela. Hori litzateke, gure ikuspegitik, bide arrakastatsua.
Inkestatuen % 40,2 norberaren kontura ari dira lanean eta % 14,6k besteren konturako lanaz gain norberaren konturakoa ere egiten dute.
Agerian gelditzen da lanaren aldizkakotasuna, sektore artistikoen egiturazko ezaugarria baita. Izan ere, batez beste, 8,4 hilabetetan lan egiten dute. Gainera, heren batek adierazi du desoreka handi samarra edo handia dagoela lan egindako eta kotizatutako hilabeteen artean.
Oso agerikoa da, beraz, diru-sarrerak osatu beharra, nabarmentzekoa baita txikiak direla. Inkestatuen % 46,4k 10.000 euro baino gutxiago eskuratzen dute dantzaren sektoreko jardueraren truke.
Zein izan dira dantza-sektorearen lorpen nagusiak urte hauetan? Eta zein erronka nagusiak epe ertain eta luzera?
ADDEn beti egin dugu eragileen arteko lankidetzaren aldeko apustua.
2005 eta 2015 arteko ekimen garrantzitsuenetako bat irakaskuntza eszenikoen goi-mailako ikastetxearen aldeko plataforman parte hartzea izan zen. 10 urtez aritu ginen lanean beste eragile batzuekin batera, eta, 2015ean, azkenean, Dantzerti - Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolaren sorrera heldu zen.
Duela gutxi, lorpen garrantzitsu bat izan da, ez bakarrik dantzaren sektorearena, baita arte eszenikoen sektorearena ere, konpainia eta dantzarien arteko lan-baldintzak arautzen dituen lan-hitzarmen bat sinatzea.
Bizkaian eta Araban Dantza Etxea sortzea epe ertain eta luzerako erronka nagusia da, hori egitea jasota baitzegoen lehen aipatu dugun Kulturaren Euskal Planean. ADDEn urte batzuk daramatzagu Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan, ildo horretan lan egiteko, eta, solaskidetza horri esker eta Barakaldoko Udalaren laguntzarekin ere, Dantzalabea jaio zen, Barakaldo antzokian. Espazio hori dantzarako espazio integral bat sortzeko lehen urratsa da guretzat, gerora Bizkaian sektore profesionala garatzea ahalbidetuko duena.
Beste erronka handi bat da dantza-programazioa handitzea SAREAren antzerki-sarean, eta programazio-zirkuitu berriak sortzea, Euskadin dauden askotariko proposamenenak jaso ahal izateko.
Publikoak ere ezin ditugu ahaztu. Instituziotik premiaz heldu behar zaio publiko berria sortzeari eta dagoen publikoari eusteari, emanaldiak egiten diren guneetatik eta profesionalengandik.
Horretarako, ADDEren ustez, funtsezkoa da haurtzarotik heztea, ez bakarrik kultura-ohiturak eta publiko berriak sortzeko, baita etorkizuneko profesionalak sortzeko ere. Hori dela-eta, dantza araubide orokorreko hezkuntzan presente egotearen alde egiten dugu. 2020az geroztik, REDE (Dantzaren eta Hezkuntzaren Estatuko Sarea) proiektuan ari gara lanean. Dantzaren arloko berrikuntza-, kudeaketa- eta ikerketa-proiektu bat da, gaur egun, dantzaren arloko bederatzi elkarte autonomikok eta Estatuko beste bik osatua dena.
REDEren helburu orokorra da dantzaren eta dantzako profesionalen presentzia indartzea araubide orokorreko irakaskuntzetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Goi Mailako Hezkuntzako ikastetxeetan jardunbide egokiak sustatuz.
ADDEk bi hamarkada baino gehiago daramatza dantzaren sektorea antolatzen. Zelan dago elkartea gaur egun? Zer da ADDE sektorearentzat?
Gaur egun, zenbait profiletako 120 profesionalek osatzen dute elkartea.
Barne-mailan, oinarrizko egitura bat dugu, zuzendaritza-batzordeak, bulegoak eta bi lan-batzordek osatua. Batzorde horiek denboran irauten dute, eta oinarrizko egitura horren parte dira: hezkuntza-batzordea eta sortzaileen batzordea.
Gainera, ADDEk sortutako eta koordinatutako Euskal Herriko dantza-lanen katalogoaren bidez, presenteago egon gara nazioarteko ekintza eta testuinguruetan, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan.
Gure lanik garrantzitsuenak beste eragile batzuekiko solaskidetza eta lankidetza dira, sektorea indartzen eta hobetzen lagunduko diguten zubiak sortze aldera. Hala ere, ez dugu ahaztu behar profesionalei beren garapen profesionalean lagunduko dieten proiektuak lantzea. Aurten, adibidez, dantzako trantsizio profesionalari buruzko jardunaldi bat egingo dugu, Transit elkartearen eta BAD jaialdiaren laguntzarekin.
Elkarte gisa, honako hauek dira gure egiturazko helburuak: sektorea ordezkatzea (askotariko ahotsak biltzea, sektorearen interes komunak defendatzeko); esku hartzea (kultura-, lan- eta hezkuntza-politiketan eragitea); tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan sektorea zabaltzea eta ikusaraztea; eta sektorean esku hartzen duten pertsonen eta eragileen arteko kohesioa lortzea eta batera lankidetzan aritzea.
Pentsatu nahi genuke profesionalentzat ADDE topagune bat dela, non guztiak ordezkatuta, entzunda eta kontuan hartuta sentitzen diren. Hau da, kolektibo baten parte izateko eta sentitzeko leku bat dela.
Eta sektoreko beste eragile batzuentzat, aliatu bat, zuzeneko arteen kultura-sektorearen garapen profesionala indartzeko sareak ehuntzeko kide bat.
Eta erakunde publiko eta pribatuentzat, sektoreko solaskide bat, sektorearen ordezkaria, dantzaren sektoreari zuzenean eragiten dioten kultura-, hezkuntza- eta lan-politiketan entzuna eta kontuan hartua izateko legitimatutako ahotsa duena.
Abenduaren 9rako topaketa bat prestatzen ari zarete, "Etorkizuneko dantza. Dantzaren etorkizuna...? " Zer kontatu ahal diguzue horretaz?
Zer egoera duen eta bidegarria ote den. Horrexek kezkatzen gaitu ADDEn, dantzaren sektoreari dagokionez. Eta, horren ondorioz, elkartearen beste adarretako bat da SAREAren antzoki-sarean eta beste programazio-testuinguru batzuetan emanaldiak egitea, konpainien lanak saltzeko eta banatzeko zailtasunez gain. Ildo horretan, zenbait urte daramatzagu artisten, erakundeen eta kultura-eragileen arteko topaketak bultzatzen.
Hurrengo topaketa aurtengo abenduan egingo dugu, dantzaren etorkizun jasangarrian arreta jartzeko, gure lanbidea duin egingo duen etorkizun batean. Emanaldiekin harreman zuzena edo potentzialki zuzena duten profesionalak gonbidatuko ditugu parte hartzera.
Zenbait gai landuko ditugu, hala nola dantza-zirkuitu berriak sortzea. Horretarako, oraingo honetan, bereziki interesatzen zaigu SAREAren programazio-arduradunen presentzia ez ezik beste testuinguru batzuetan dantza programatzen duten beste profesional, eragile eta/edo kolektibo batzuena ere izatea, emanaldi-sarea elikatzeko eta aniztasunean gehitzeko, bai programazioan, bai sorkuntzan, dantzaren sektorerako, oro har, ingurune profesional jasangarria sortuz.
Zaintza-, errespetu- eta lankidetza-ingurune bat sortzea beharrezkoa dela transmititzeko gai izan nahi genuke. Ingurune horretan, inplikatutako "pertsona" guztiok, edozein dela ere dantzaren sektorean dugun funtzioa eta/edo rol profesionala, sektorea osatzen dugun erakundeen artean zaintzen, elikatzen eta sortzen dugula jabetu behar dugu. Horretarako, sektoreko kideekiko enpatia eta jakin-mina sustatu behar ditugu, emanaldiak egiteko era eta formatu berriak aurkitu nahi badugu behintzat.
(2025eko maiatzaren 27an argitaratutako Berezia)