Nerea Sciarra, "Pomo d'oro" film laburraren zuzendaria: «Asko interesatzen zitzaidan haurtzaroaren boterearen gaia jorratzea, batez ere egoera zailei aurre egin behar zaienean»

  • Nerea Sciarra, "Pomo d'oro" film laburraren zuzendaria: «Asko interesatzen zitzaidan haurtzaroaren boterearen gaia jorratzea, batez ere egoera zailei aurre egin behar zaienean»

Pomo d'oro da Nerea Sciarraren fikziozko lehen lana. Jolasa, magia eta tomateak ardatz hartuta, Italian filmatutako lanak hiru belaunalditako lau emakume ditu protagonista. Bai ikusleek bai kritikariek oso ondo hartu dute. Nerearekin solasean aritu gara.


Zuzendari artistiko gisa hasi zenuen zure ibilbide profesionala, eta, ondoren, bi film labur dokumental zuzendu zenituen: Mármol negro eta Lo, le case e loro. Pomo d'oro da zure fikziozko lehen film laburra. Proiektu bati forma ematean, oso ezberdinak al dira bi generoen, dokumentalaren eta fikzioaren, gakoak? Nondik dator Pomo d'oro sortzeko ideia?

Bai, nola sormen-prozesuak hala filmaketak oso ezberdinak iruditu zaizkit. Ikuspegi esperimentalago batetik barneratu nintzen dokumentalean, zinema egiteko moduak aztertzeko asmoz. Oso prozesu biziak eta aberasgarriak izan ziren. Hala ere, fikzioak betidanik piztu izan zidan interesa.

Unibertsitatean bururatu zitzaidan Pomo d'oro sortzeko ideia. Argi neukan fikziozko nire lehen film laburra Italiako nire bizipenetan inspiratu behar zela, tomate-botilen tradizioan, zehazkiago. Hala, gutxika (nahiko prozesu luzea izan zen) Pomo d'oro garatu nuen, Gariza Films eta Katz Estudioren laguntzaz.


Zeri buruz hausnartu nahi zenuen? Zer sentsazio sorrarazi nahi zenituen ikusleengan? Zer kontatzen du zehazki Pomo d'orok?

Pomo d'oro filmak familia bereko hiru belaunalditako emakumeak erakusten dizkigu, egun berari oso modu ezberdinetan aurre egiten. Interes handia nuen haurtzaroaren boterea lantzeko, batez ere, egoera zailei aurre egiteari dagokionez. Film laburreko neskatoak funtsezkoak dira istorioan, baita amaierako magia-ukitua ere. Nire helburua ikusleek filma ikusi ondoren aho-zapore gazi-gozoa eta nostalgikoa izatea zen, baita filma ikusi bitartean gustua eta usaina sumatzea ere. Oso film sentsoriala izatea nahi nuen. Horregatik, tomatearen eta pastaren prozesuek ere protagonismoa izan behar zuten.

Familia batek tradizio batean doluari nola aurre egiten dion kontatzen du Pomo d'orok; eta neskato batzuek asmatutako haur-jolas batek nola alda dezakeen dena.


Nolakoa izan da abiapuntuko ideia hartatik proiektua altxatzeko prozesua?

Oso luzea izan zen. Lehen esan dudan bezala, unibertsitatean bururatu zitzaidan aurreneko ideia, baina orduan irudi soil bat zen. Irudi horretatik sortu dut istorioa, hain zuzen.

2021ean Aukera mentoretza-programan hautatu gintuzten. Horri esker, gidoia asko hobetu zen, eta proiektuari beste bultzada bat eman zitzaion. Beste egonaldi batzuetan izan ginen (Baionako Hemendik eta Etxe Beteko Elkarrekin Sortzen, kasu). Gainera, hasieratik izan dira gurekin Gariza Films eta Katz Estudio ekoizpen-etxeak, eta horrek asko erraztu du dena.

Pertsona guztiek filmaketaren aurretik eta bitartean emandako babesa ezinbestekoa izan da. Haien laguntzarik gabe, ez zatekeen posible izango.


Baduzu zuzendari-lanetan gidatzen zaituen erreferenterik? Kasu honetan, norbait izan duzu presente, bereziki?

Dea Kulumbegashvili, Carla Simón eta Chantal Akerman zuzendarien filmek interes handia pizten didate. Elkarren artean oso ezberdinak izan arren, asmo argi bat dute. Hala ere, film labur honetan, Alice Rohrwacher izan da nire erreferentea, zalantzarik gabe. Bere film bikainak eta errealismo magikoaren erabilera inspirazio-iturri izan ditut film labur hau garatzeko.


Zer moduzkoa izan da filmaketa osoa Italian egiteko esperientzia? Zer eman dio proiektuari? Kokapena argi zenuen?

Nire ametsa zen film laburra Italian filmatzea. Gidoia idazten hasi nintzenetik, istorioaren zenbait elementu irudikatu nituen: txitxarren soinua, Italiako udetako argi hori eta beroa, lurra eta tomatearen eta pastaren lurrina.

Pomo d'oro idazteko bururatu zitzaidan lehen irudia etxea eta haren leihoak izan ziren. Horregatik, oso garrantzitsua zen ezaugarri zehatz batzuk zituen etxe bat aurkitzea: hiru leiho izan behar zituen, ate handi bat eta berezko identitatea. 2022ko udan etxea aurkitu nuen. Bat-batean maitemindu ninduen. Garai bateko gari-errota bat zen, Italiako gertuko senide batzuen bizilekua. Kokapen hori aurkitzea ametsa izan zen, baita Mulino di Lalloko familia osoaren babesa jasotzea ere, hasiera-hasieratik proiektuan buru-belarri sartu baitziren.


Aldatu al da film laburra prozesuan zehar? Izan al da inprobisaziorako tarterik?

Filmaketan gidoia bizi-bizirik egon zen: argi neuzkan jorratu beharreko gaiak, egin beharrekoak eta pertsonaiak nora eraman nahi nituen, baina inprobisazioa funtsezkoa izan zen filmaketarako. Horretarako ezinbestekoa izan zen Naiara Carmona, aktorea eta neskatoen coach-a. Filmaketa baino askoz lehenago entseatzen aritu ginen, haien arteko loturak sortu genituen, eta pomo d'orora asko jolastu ginen. Nire ustez, entsegu horiek guztiak funtsezkoak izan ziren filmaketan inprobisaziorako tartea egon zedin.

Proiektua asko aldatu da, nahiz eta mamiari eutsi diogun: jolasa, magia eta tomateak.


Filmean bi neskato, ama eta amona ageri dira. Beti izen zenuen argi? Zaila izan da aktoreak hautatzea?

Bai, beti izan nuen argi haiek izan behar zutela protagonista Pomo d'oron. Niretzat oso garrantzitsua zen amona italiarra izatea eta hark italiako azentuarekin hitz egitea. Gainera, ni naizen inguruko (Abruzzo) azentua izatea nahi nuen. Online casting bat antolatu genuen, eta, azkenean, Maria Luisa D'Amico aurkitu genuen. Zoragarria izan zen.

Amaren papera Naiara Carmonarentzat zela argi neukan. Benetako plazera izan da berarekin lan egitea eta Ireneren pertsonaian sakontzea.

Haurren kasuan, NOMA Acting enpresarekin neskatoentzako castinga antolatu genuen. Halaxe ezagutu genituen Nikole Guisasola (Nella) eta Thelma Estivalez (Maca). Haiek ikusteaz bat jakin nuen haiek izango zirela protagonistak. Hain erraza eta magikoa izan zen beraiekin pertsonaiak hezurmamitzea... Film laburrak eman didan esperientzia onenetako bat aktore hauek guztiak ezagutzea izan da.


Badago ia dokumentala dirudien kode bat –italiera eta gaztelania nahasten dituena– hasieratik afariaren unera arte. Zenbat du bizitza errealetik film labur honek?

Hizkuntzak naturalki nahasteko ideia gustatzen zitzaidan, nik beti bizi izan dudan bezala. Aita italiarra dut, eta ama, Bilbokoa. Bi hizkuntzen artean hazi naiz: senide batzuekin soilik gaztelaniaz hitz egiten eta besteekin soilik italieraz, baina, azkenean, beti ulertu izan dugu elkar. Pomo d'oroko familiak egoera hori irudikatzea nahi nuen. Izan ere, hizkuntzak alde batera utzita, tradizio batek batzen du familia.


Zein da amaiera hain bestelakoaren arrazoia, ukitu magikoarena? Amaierarako bertsio bat baino gehiago planteatu zenuen?

Nire iritziz, Pomo d'ororen benetako bihotza amaiera da. Proiektua garatzen hasi nintzenetik argi neukan amaierak ukitu magikoa izan behar zuela. Amaierak eboluzio luzea izan du, magia islatzeko moduari dagokienez. Dena den, mamia ez da aldatu: neskato batzuen nahia egia bihurtzea, bestela ezinezkoa izango zena.


Pomo d'orok  ICOFF Gasteizen euskal film labur onenaren saria eskuratu du Alba Lozanoren Utländsk lanarekin batera, eta Huescako jaialdian aipamen berezia egin diote. Nola hartzen dituzu sariak eta aintzatespenak?

Ilusio handiz. Oso polita izaten ari da jendeak film laburra nola hartzen, ulertzen eta barneratzen duen ikustea. Egia esan, ez nuen inolako helbururik; beraz, Pomo d'ororekin gertatzen ari dena benetako oparia izaten ari da.


Gaur egun, zinemako lana komunikazioarekin eta marketin digitalarekin uztartzen duzu. Nola daramazu? Baduzu proiektu berririk esku artean?

Lan egin bitartean film laburra garatzea sekulako erronka izan zen, baina merezi izan du. Orain film laburren jaialdi-zirkuituaz gozatzen ari naiz, eta ideiak pausatuta ditut pixka batez, orain ez baitut proiektu zehatzik esku artean.


(2025eko uztailaren 29an argitaratutako Berezia)